Gotorleku edo gorroto leku bat

Gotorleku edo gorroto leku bat

Josu Artutxa Dorronsoro

Zortzi hamarkada egin behar dira atzera. 1939ko apirilaren 1a: hiru urtez Espainiako II. Errepublikaren aurka matxinatutako militarrek garaipena aldarrikatu zuten, ofizialki, Francisco Franco jeneralak eskuz idatzitako gerra partearen bitartez. Europako herrialde askotan bezala, faxismoa gailendu zen Espainiako Estatuan. Frankismo deitu zitzaion ordutik aurrerako erregimen politiko berriari, mugimenduaren buruzagi zen jeneralarekin identifikatuta.

Aurreko urteetan, Espainiaren batasunaren alde borrokatu ziren batzuk; besteak, berriz, demokraziaren eta sozialismoaren alde. Herri asko erori ziren askorentzat amesgaizto modukoa izan zen hiru urte luze haietan. Bilbon, esaterako, 1937ko uztailean erori zen euskal erresistentziaren azken ikurra. Tolosaldearen kasuan, ordea, lehenago gertatu zen banaketa, gerraren hastapenetan, eskualdeko kolpistak Leitzan batu zirenean. 1936ko abuztuan sartu ziren garaile Tolosan. Erresistentzia, apala bazen ere, sozialisten eskutik etorri zen. Eta eskualdeko zenbait txokotan gaur egunera arte iraun dute borroka haien aztarna fisiko batzuek. Latzak izan ziren ondorioak. Heriotza zigorra, espetxea, erbestea edota jazarpena ezagutu zituzten garaitutzat jo zituztenek; eskualdeko politikari eta kulturgile esanguratsuenak zeuden talde zabal hartan.

Francoren bisitak

Eragindako beldurraren eta zapalketaren ondorioz, lehen urteetan frankismoak indar eta presentzia nabarmena izan zuen herrian. Francisco Franco Bahamonde estatuburua oso gutxitan izan zen Tolosan. Hain justu, hiru aldiz: 1941ean, 1948an eta 1952an. Betiere, udan Donostian egiten zuen egonaldia aprobetxatuz. Egonaldiak iraun bitartean, atxilotu eta kartzelan edukitzen zituzten erregimenaren aurkariak. Franco goratu egiten zuten Espainian, eta baita Tolosaldean ere. Bandera espainolez josten zituzten herriak, eta Espainiako ereserkia jotzen zuen musika bandak. Tolosako Elosegi txapel fabrika bisitatu zuen 1941eko irailaren 13an, eta udalak harrera egin zion Idiakez plazan; balkoira atera behar izan zuen, herritarrek bere alde egindako oihuei erantzuteko. Eta ez orduan bakarrik. Izan ere, Franco hainbat aldiz pasatu zen Tolosaldetik, Madrildik Donostiara eta bueltan. Garaiko kroniken arabera, 1939an “sekulako berotasuna” erakutsi zioten tolosarrek.

Hala ere, ezaugarri berezi bat zuen faxisten indarrak: beldurraren hedapen mugagabea. Errepresioak, pertsonaia publiko esanguratsuez harago, herritar xeheen artean ere izan zuen eragina. Bostehun lagun erail zituzten eskualdean soilik, ehunka herritar espetxeratu eta erbesteratu zituzten, eta Gurseko kontzentrazio eremura bidali zituzten 106 lagun. Bertan geratu zirenek, berriz, gosez iraun zuten, izua eta amorrua isilean gordeta. Kontuan izan behar da, gerra amaitu ostean, erregimen frankistak 200.000 hildako utzi zituela estatu osoan.

1939az geroztik, pertsona adoretsu gutxi batzuek jarraitu zuten politikagintzan; askok, urruti eta erbestean. Bestetik, erabat aldatu zen eskualdeko herritarren bizimodua; Tolosa ezarri zuten erdigunean. Paper fabrikak markatzen zuen egunerokoa herrian, eta euskarak nabarmen egin zuen atzera; gaztelania hutsez aritzen ziren gehienak. Inguruko herrietan, berriz, baserriko lana zen nagusi, eta euskaraz egiten zen. Disidentzia politikoa, aldiz, norberaren etxean geratzen zen, oro har. Bakoitzak berekin jaso zuen gerra, oroimenean, kaxoi ezkuturen batean edo.

Diktadurarekin zerikusia zuen oro ezabatzen saiatu zen frankismoa, baina kontzentrazio esparruen atalak luzaroan iraun zuen askoren memorian. Manu Aiertza tolosarrak, esaterako, ezagutu zituen garai haietako gertakariak, eta jakitun da, behintzat, Tolosako zezen plazan, Gipuzkoako herri askotan bezala, frankistek kontzentrazio esparru bat ezarri zutela. Aitaren eta aitaginarrebaren kontakizunei esker izan zuen kontu horien berri. “Anaia eta biok galdezka joaten ginen, historia ezagutzea gustuko genuelako”.

“Amorru bila gindoazen”

1903an ireki zuten Tolosako zezen plaza. Zezenketa ugari egiteaz gain, bestelako kultur ekitaldiak ere antolatu izan dira bertan, eta azken urteotan herritar askoren ikusmina bereganatu dute inauterietako zezen festek. 36ko gerrarako, ordea, toki berezi baten bila zebiltzan frankistak.

18-19 urte zituela, anaiarekin batera, Aiertzak interes handia zuen gerra garaian Tolosan gertatutakoen berri izateko. “Bagenekien gure gurasoek oso gaizki pasatu zutela tolosarren erruz. Eta, ulergarria den bezala, gazteak ginen eta amorru bila gindoazen; nortzuk izan ziren eta zer egin zieten jakin nahi genuen”. Zezen plazaren ondoan bizi zen, gainera, Aiertzaren aitaginarreba. Gaztea zela, gertutik ezagutu zuen egoera. “Herritarren prestutasuna ere beharrezkoa zen bizi ahal izateko. Soldaduei platerak garbitzera joaten zen bera, janari pixka baten ordainetan”.

Hain justu, militarren dibisio bat kokatu zuten zezen plazako kontzentrazio esparruan. “Bertara jendea eramaten hasi zirela kontatzen zidaten, kartzela bat balitz bezala. Hutsaren truke, errepideak eta trenbideak konpondu behar izaten zituzten presoek. Ezkutuko heriotza zigor baten modukoa zen, lau-bost urtez, tortura amaigabeekin. Askotan, ziur hobe zela tiro batez hiltzea”.

Ezagutarazi beharrekoa

Zezen plazak “toki estrategikoak” zirela dio Aiertzak. “Horma altuko eremu itxiak ziren, seguruak eta kontrolatzeko nahiko errazak, ate gutxi zituztelako”. Zifrak aipatuta, ezjakintasuna nabari zaio tolosarrari. “Oso zaila da kalkulatzea, baina milaka izango ziren. Gainera, baldintza txarretan, jende ugari sartzeko ahalmena zuen zezen plazak. Gaixotasun ugari eta garbiketa gutxi izaten zen han”.

Kontu horiez guztiez lehen oso gutxi hitz egiten zela azaldu du. “Debekatuta zegoen sentimenduez hitz egitea”. Hala ere, egia jakitea oso garrantzitsua dela azpimarratu du. “Historiatik ikasi egin beharra dago, berriro akats berak ez egiten laguntzen baitu horrek”. Egun, “historia makilatzen” ari direla gaineratu du. “Gazteek ez dituzte ezagutzen garai bateko kontuak, eta norberak bere oinarriak eta irizpideak izateko garrantzitsua da hori. Ez dute esan nahi egia osoa”. Hezkuntza arloan gaia landu daitekeela uste du. “Langileak atera nahi ditugu ikastetxeetatik, baina ez dugu ahaztu behar pertsonak atera behar ditugula”. Bestalde, urteen poderioz, eta gizartea eraldatzen joan dela ikusita, herritar askoren jakin mina galdu egin dela nabarmendu du. “Ulergarria da egungo gazteek horri buruz ez galdetzea. Urruneko kontuak dira orain, eta gertuagokoak ziren guretzat”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.