Kronometroa azkarregi doa

Kronometroa azkarregi doa

Kerman Garralda Zubimendi

Batzuetan, ordulariak azkarregi egiten du korrika, eta besteetan, motelegi. Egiari zor, denborak aspaldi topatu zuen bere gustuko erritmoa, eta fin eusten dio horri, baina Izazpin behera sufrikario betean hauspoa berobero daraman lasterkariak nahiagoko luke segundoak motelago igaroko balira; 500 euroko saria egoten da Ezkioko helmugan probako errekorra hobetzen duenarentzat, baina txekeak hauts apur bat du jada, 37 urte daramatza-eta nork jasoko zain.

Peio Garin zizurkildarrak lortu zuen Izazpiko Igoera Ezkio-Itsasoko mendi lasterketako errekorra, 1982an. Garinek 31 minutu eta 26 segundo behar izan zituen Ezkioko ostatuaren paretik irten, Izazpiko gainera igo, eta hasierako gunera itzultzeko. “Lagun artean egindako lasterketa bat izan zen. Marka egiteko asmorik gabe abiatu nintzen, gozatzera”, oroitu du zizurkildarrak berak. “Horrenbeste denbora pasatu da jada, ahazten ere hasi naiz”, dio txantxetan.

Laburra eta batbatekoa da proba. “Sei kilometro pasatxo ditu lasterketak, igo eta jaitsi. Proba betea da, teknika eta abiadura behar direlako, eta hanka indartsuak”, deskribatu du Joxe Mari Gabilondo probaren antolatzaileetako batek. “Aldapa gora dira lehen hiru kilometroak, eta 300 metroko desnibela dago, gutxi gorabehera”. Hankentzat “jipoi ederra” dela azaldu du. “Eta, marka hobetu nahi izanez gero, jaitsieran ere erritmo biziari eutsi behar zaio. Teknikoa da jaitsieraren lehen zatia, baina bigarrena aproposa da abiadura handia hartzeko. Hor indarrik gabe geldituz gero, joan egiten dira errekorra hobetzeko aukerak”, gaineratu du Gabilondok.

Nabarmentzekoa da ibilbidea ez dagoela itxita. “Norberak erabakitzen du zer bide hartu. Posible da sigisagaka igotzea: malda samurragoa izango da kasu horretan, baina metro gehiago egin beharko ditu korrikalariak”, azpimarratu du antolatzaileak. Halere, biderik laburrena identifikatuta dagoela eta parte hartzaile gehienak hortik joaten direla onartu du.

Biderik laburrena begiz joa duten arren, inork ezin du hobetu Garinen marka. “Oso zaila izango da marka hori ontzea”, abisatu du Gabilondok. Urteetan izan dira errekor saiakerak, baina inork ez du lortu. “Aritz Egea gertu izan zen 2017an, baina hemezortzi segundo falta izan zitzaizkion”.

“Harro eta harrituta” dago Garin. “Poztu egiten nau nire denbora oraindik indarrean dagoela jakiteak, baina ez nuen espero horrenbeste kostako zenik hobetzea”, azaldu du Garinek berak. “Urte hartan parte hartzeko esan zidaten inguruko lagunek, festak zirela eta afari girora joango ginela gero. Azkar gelditu nintzen lasterketaren buruan bakarrik, eta aurrera jo nuen. Baina markaren bila baino gehiago, garaipenaren bila”, osatu du kontakizuna.

Zizurkildarrak berezko sena du korri egiteko. Izan ere, garindarren geneetan daude lasterka egiteko dohainak. Hala frogatzen dute Peio eta Juan Mari anaiek 1980ko eta 1990eko hamarkadetan lortutako hamaika garaipenek eta errekorrek. Esaterako, oraindik indarrean daude Juan Mari Garinek 1993an Larraiztik Txindokirako bidean egindako 33 minutu eta 33 segundoko marka eta Azpeitiko zezen plazan hamar kilometro egiteko behar izan zituen 31 minutu eta hemezortzi segundoak. “Baserrian hezi ginen gu, eta korrika jaisten ginen herrira eta eskolara. Gainera, ohitura handia genuen mendian ibiltzeko ere, eta horrek zaildu egin zigun gorputza”, azaldu du Peio Garinek. “Oso gustuko genituen krosak eta mendi lasterketak. Eroso sentitzen ginen, eta emaitza onak lortu genituen. Adibidez, gogoan dut mendi lasterketen denboraldia prestatzen ari nintzela Ezkion marka lortu nuenean. Kros denboraldiaren eta mendi lasterketen artean nenbilen orduan”.

Urtero, maiatzaren hasieran izaten da Izazpiko Igoera, Ezkioko San Migel festen inguruan —etzi izango da—. “1978an apustua egin zuten Joxe Antonio Aranzadik eta Joxe Aierbek, ea nor izango zen azkarrena Izazpira igotzen eta jaisten. Apustu hartan dago egungo lasterketaren jatorria”, azaldu du Gabilondok. Probak eten bat izan zuen bidean, baina berreskuratu egin zuten 2016an.

Buruz buruko lehia zena 30 bat laguneko tropel bihurtu da. Halere, emakumeen parte hartzea apalagoa dela ikusirik, antolakuntzak animatzeko deia egin die korrika egitea gustatzen zaien emakumezko guztiei.

Irteerako aizkorakada

Izazpiko Igoera etzi izango da, baina bihar ere kirolak presentzia handia izango du Ezkion: Joxe Ugarteburu aizkolariari omenaldia egingo diote herritarrek, eta herri-kirol probak izango dira eguerdian. “Guk ere parte hartu nahi genuen omenaldian, eta polita iruditu zitzaigun irteteko deia aizkorakada baten bidez egitea”, azaldu du Gabilondok. Aizkolariak enborra erdibitzean hasiko dira korrikalariak maldan gora. “Argazki polita izango da korrikalariak eta aizkolaria denak elkarrekin agertzen direna”.

Haurrek ere parte hartu ahal izango dute proban, baina, Izazpira igo beharrean, herriko baserrietan barrena ibiliko dira. “Hor ez dago saririk. Herri lasterketa denez, gaztetxoenen artean ez dugu sustatzen lehia”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.