Auzolanaren jaialdia

Auzolanaren jaialdia

Unai Zubeldia

Plaza bat da Literaturia; letren plaza. Solasaldiarena, aurkezpenarena, hausnarketarena… Gaur hasi eta igandera arte, hiru egunez, euskaratik eta euskaraz sortuko dute Zarautzen. Gehiago ere bada Literaturia, baina hiru oinarri dauzka funtsean: liburu azoka, liburu aurkezpenak eta solasaldiak, eta askotariko emanaldiak. Larrabetzun (Bizkaia) dauka sorburua letren jaialdiak —2008an antolatu zuten estreinakoz—, baina 2014tik Zarautz izaten da gune nagusia; Literaturiak seigarren urtea izango du aurten Gipuzkoan.

Zu naiz, ni zara leloarekin, maskara gaiak egingo ditu lotura lanak datozen hiru egunetan. “Zarautzen oso sendotuta dago, jada, jaialdia”, azaldu du Yoseba Peñak, antolatzaile taldeko kideak. Urtero, maiatz amaieran egiten dute, normalean, Literaturia. “Baina hauteskundeak dauzkagu aurten, eta aurreratu egin behar izan dugu. Jende asko aritu zaigu galdezka noiz egitekoak garen, eta zerbaiten seinale da hori”. Proiektua Gipuzkoan sustraituta, Peñaren hitzetan, “bizkaitarrak ere erakartzea” da Literaturiaren erronka “epe ertainean”.

Bere txikian, bidea egiten ari da Zarauzko jaialdia, baina antolatzaileak jabetuta daude askorentzat “ezezaguna” dela euskal literaturaren errealitate hori. “Aipatzen diezu Beñat Sarasolaren lehen nobela, eta begira gelditzen dira asko. Denek ezagutzen dute Bernardo Atxaga, baina hortik behera…”. Peñaren esanetan, “ahaleginak eta ilusioak” laguntzen die, urtero, egoera hori irauli dadin saiatzen. “Agian, uste baino kultura espainiarragoa daukagu hemen, eta euskal literaturak egunero sufritzen du hori”.

Hausnarketa fase bat igarota, aurten “letretara” itzuli direla azpimarratu du Peñak. “Azken urteotan, agian, ikuskizunera edo musikara jo izan dugu gehiago, beste publiko bat erakartzeko. Baina oinarrira jo dugu aurten, eta oso literarioa da gaia bera ere: maskara. Gai gutxi izango dira hori baino literarioagoak”. Antolatzaileek ahalegin berezia egin dute bilaketa lanean: “Nabaria da gure letren kalitatea ezagutarazteko ahalegina”. Peñak Eider Rodriguezen Lisipe saileko azken lana jarri du adibide gisa. “Eta mahai inguruan Rodriguez bera, Arantxa Urretabizkaia, Laura Mintegi eta Miren Agur Meabe elkartuko dira larunbatean. Kalitate handikoak dira denak”.

Sorkuntzaren txoko bihurtuko da Zarautz hiru egunez. “Eta, zentzu horretan, guretzat oso garrantzitsua da, adibidez, Margolaria filma. Gurean izango dugu Mikel Urdangarin, eta izen hori entzunda musikaz ari garela pentsatuko du jendeak. Baina ez, ez; musika ez, sorkuntza da”.

Sorkuntza lan horrek “auzolana” dauka, gainera, oinarrian. “Euskal Herrian auzolanean sortu dira gauza on guztiak: ikastolak, Korrika… Sinetsita gaude ezinbestekoa dela lan hori”. Komikiak, bertsoak, jendaurreko irakurraldiak, mahai inguruak, liburu aurkezpenak… “Jaialdia ez da literaturazale sutsuentzat bakarrik; herritar guztientzat zabalik daude ateak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.