“Herritarrak aktibo izatea da EH Bilduren ildoetako bat”

“Herritarrak aktibo izatea da EH Bilduren ildoetako bat”

Erik Gartzia Egaña

Duela lau urte, Jexux Leonet (Oiartzun, 1968) buru zuen zerrendak gehiengo osoa eskuratu zuen Oiartzunen. Aurten, zinegotzi gehiago egongo dira jokoan, baina EH Bilduren alkategaiak espero du proiektuak “jarraipena” izatea, “egitasmo estrategikoetan sakontzen jarraitzeko”.

Maiatzaren 26an ziur aldatuko da gauza bat: hamazazpi zinegotzi aukeratuko dituzte oiartzuarrek. Eraginik izango al du horrek?

Esperientzia berria izango da, eta ikusiko dugu zer ekarriko duen. Taldeak nola gelditzen diren ikusi beharko dugu; gaur egun EH Bildu eta EAJ gaude udalean. Beste mota bateko osaketa sortzen bada, egoera berrira egokitu beharko dugu, oiartzuarrek hala erabakita. Talde moduan, lan banaketa horretan indarrak banatzeko atea irekitzen digu zinegotzi gehiago lortzeko aukera horrek. Betiere, irabaziko dugula pentsatuz.

Irabaziz gero, 1995etik karguan jarraituko lukeen lehen alkatea izango zinateke…

2011n osatu zen Bildu, eta hauteskunde haietan bazen zerrendetan aurkeztu ezin zen jendea, kutsatuta omen zeudelako. Ilegalizazio fase batean geunden lehenago ere, eta horrek zaildu egiten zuen taldeen osaketa. Egoerak ez zuen laguntzen jarraipen horretan, eta 2015ean aurkeztu ginenetik orain daukagu aukera jarraipen hori bermatzeko. EH Bilduk bederatzi zinegotzi ditu orain, eta horietatik bost gaude zerrendan. Uste dut Oiartzungo herriak merezi duela jarraitutasun bat.

Orain arte inbertsio handia egin duzue mugikortasunean: bidegorri berriak, aparkalekuak…

Mugikortasun arloan konplexua da Oiartzun: 10.000 biztanle gara, baina zortzi herri txiki bezalakoak gara. Oinezkoentzako segurtasuna bermatu nahi izan dugu auzoen arteko loturan; trafikoa ere ordenatu dugu; bidegorria bera hobetzeko lanak ere egin ditugu…

Ibilgailuentzako toki batzuk ere egokitu ditugu. Autoa gehiegi erabiltzen da Oiartzunen, eta pixka bat arduratuta gaude. Eskolako eta ikastolako saturazioa arintzeko parkin berria egin dugun arren, Oinbusa sustatu dugu, eskolara oinez joateko bideak ziurtatuz. Eta herri barruko autobus zerbitzua ere zabaldu dugu.

Lintzirineko eremua txukundu duzue agintaldi honetan. Alde horretatik, elkarlanean aritu zarete aldundiarekin.

Azken fasean lagundu digu aldundiak. Egoera kaskarrean zegoen Lintzirineko errepidea: oinezkoentzako biderik ez zegoen, argia falta zen… Gainera, hondamendian zeuden garai bateko Ramon Vizcaino eta Catelsa lantegiak. Irtenbide integrala behar zuen, inprobisaziorik gabea.

Trafiko azterketa eskatu genuen: jarduerak merkataritzakoa ez, bestelakoa izan behar zuen, bideak ezin zuelako jasan bestela. Inbertsio handia behar zuenez, hiru fasetan banatu genuen: barruko errepidea konpondu genuen lehenengoan; oinezkoentzako espaloiak hobetu, berriak egin eta argiteria jarri genuen bigarrenean; eta zerbitzu bide berria eraiki genuen hirugarrenean.

Aldundiarekin harremanetan izan gara hasieratik, eta hirugarren fasean lagundu digute. Eta bertako enpresek ere ekarpena egin dute. Banan-banan elkartu ginen haiekin, eta denek kolaboratu dute. Uste baino emaitza hobeak ekarri ditu lanketa horrek: trafikoa ondo bideratu dugu, eta oinezkoentzako bideak ere ondo gelditu dira. Ramon Vizcaino lantegi izandakoan industria jarduera duen beste enpresa bat jartzea lortu dugu, eta oso garrantzitsua da eraikin hori balio erantsia duen jarduera batekin okupatzea, langileen lan baldintzak duinak izatea bermatzen duelako. Agintaldi honetan egin ditugun gauza asko laburbiltzen du Lintzirinek. Guk garrantzia ematen diogu herriko industrialdeen mantentzeari, eta hala jarraituko dugu datozen urteetan.

Parte hartzeari garrantzia ematen diozue beti, eta urtero bilerak egin dituzue auzoetan.

500 proposamen inguru jaso genituen 2015eko programan zehazteko, eta agintaldi honetan gauzatuz joan gara programan jasotakoa. Herritarrak aktibo izatea da EH Bilduren ildoetako bat. Aurrekontuak aurkeztu aurretik, herritarrekin batera partekatu dugu udalaren egoera, auzoetan. 100-150 bat lagunek hartu dute parte aurrekontuen diseinuan: proposamenak egiten dizkiegu, ekarpenak jaso, eta horrekin osatzen dugu programa. Gizonek baino emakume gehiagok parte hartu dute azken prozesuan.

Gazteen arloan, etxebizitza politika jarri duzue martxan etxe hutsen merkatua mugitzeko.

Erronka geneukan. 300-400 gazterekin, diagnosia egin genuen, eta behar bat zegoela ikusi genuen, etxe huts asko zegoela. Programa bat abiarazi dugu alokairu duinarekin etxe huts horiek bideratzeko. Bederatzi etxe bideratu ditugu alokairura, eta alokairu publikoko 26 etxebizitza proiektatu ditugu aurrera begira.

Proiektu estrategikoak aipatu dituzu, eta Mendiburu 14 da horietako bat. Kultur aretoaz gain, erretiratuen elkartea eta udalaren bulego batzuk ere egongo dira hor. Zenbateko garrantzia du?

Urte dezente dira kultur aretoaren beharra zegoela. Izugarrizko kultur bizitza daukagu herrian; kultura oso garrantzitsua da guretzat, elementu kohesionatzaile gisa funtzionatzen duelako. Azpiegiturei begira, gabezia nabarmenak dauzkagu. Zer egin dezakegun ikusteko proiekzio bat egin dugu agintaldi honetan, beste gabezia batzuk ere bazeudelako kultur azpiegiturenarekin batera: erretiroa hartutakoen itxurazko elkarte bat, eta, udaletxea txiki gelditzen zaigunez, bulego berriak ere bai. Horretarako, Mendiburu kalea da egokiena. Parte hartze prozesu baten bitartez egin genuen diseinua:erretiratuek, beste herritar batzuek eta berrogei kultur eragilek hartu dute parte. Eraikin horri aurten ekitea da helburua. Egungo azpiegiturak ere hobetuko ditugu, Arizmendienea ondarearen etxea tartean.

Gizarte zerbitzuen arloari ere garrantzia eman diozue.

Aurrekontua igo dugu. Etxez etxeko zerbitzua indartu egin dugu, eta are gehiago indartuko dugu. Sail horrek hartzen du udaletxearen beheko solairua, eta Fermiñenera pasatzea da asmoa, herritarrek merezi duten harrera jasotzeko.

Aipatutakoez gain, zeintzuk dira datozen urteetarako erronkak?

Hor daukagu merkatari txikien gaia ere. Salmenta kate handiak hor dauzkagu. Udalaren tresnekin zaila da horien lana baldintzatzea, baina batzuetan lortzen dugu. Hauspoa eman diogu merkatari txikien Iturri elkarteari, eta indartu egin da.

EH Bilduren lan egiteko moduan dago bere lana herritarrekin partekatzea eta haiekin lan egitea. Parekidetasun ikuspegia behar dugu, eta harreman estua daukagu herri mugimenduarekin. Transbertsaltasunarekin eta feminismoarekin batera, euskara da beste gai garrantzitsua.

Leave a Reply

Your email address will not be published.