Oraindik nahikoa ez delako

Oraindik nahikoa ez delako

Eider Goenaga Lizaso

Maria Eugenia Arrizabalaga, Ino Galparsoro eta Mertxe Aizpurua. Gipuzkoan alkate izandako hiru emakume. Elkarren jarraian aritu ziren; 2003tik 2007rako legealdian izan zen Arrizabalaga Zumaiako alkate (EAJ); 2007tik 2011ra Arrasateko alkate izan zen Galparsoro (EAE-ANV); eta Aizpurua 2011tik 2015era izan zen alkate Usurbilen (Bildu). Politikagintzan jarraitzen dute Aizpuruak eta Arrizabalagak; Galparsorok ez. Alkate eta emakume izateari buruz jardun dute hirurek.

Hauteskunde zerrendek parekideak izan behar dutela agintzen duen legea ez zegoen oraindik indarrean Arrizabalaga Zumaiako alkate izendatu zutenean (2006an onartu zuten). “Hamahiru zinegotzietatik lau bakarrik ginen emakumeak; horietako bi, EAJkoak”. Arrizabalagak argi utzi du denborak ematen duen perspektibatik hitz egiten duela, eta “zaila” egiten zaiola orduan gertatutakoa neurtzea. “Alkate gisa, zoritxarrez, behin baino gehiagotan behartuta sentitzen zara herritar bati ezezkoa ematera, eta oso hurbilekoa izaten da harremana. Halakoetan, akordatzen naiz nola pentsatzen nuen ‘aurreko alkateak, posizio berdina mantendu izan balu, nik jaso dudan erantzun bera jasoko zuen?’. Baina pertzepzio kontua da, eta ez dut esango ohikoa zenik, baina noizean behin gertatzen zen bibotea jantzi behar hori”.

Arrizabalagaren esanetan, alkateari dagokion jardunean inoiz ez zuen jaso irainik, baina bai kalean. “Alkate izan aurreko edo ondorengo garaiekin alderatuta, ez zen berdina festetan ibili eta goizeko ordu bietan etxera bakarrik itzultzea. Ez nituen entzuten gauza berdinak, baina ez dut kontatuko zer esaten zidaten. Eta, bai, baziren generoarekin lotutakoak”. Galparsorok eta Aizpuruak diotenez, beraiek ez zuten bizi izan halakorik.

Paternalismoz

Emakume izateagatik sufritu beharreko jarrera paternalista, hori da hiru alkate ohiek errepikatzen duten ideia. “Politikagintzan eta bazter guztietan gertatzen da hori. Jende askok inkontzienteki egiten duela esango nuke”, dio Arrizabalagak.

Promotoreak aipatu ditu Aizpuruak. “Marrazoak bezalakoak dira, eta horiekin, gutxietsia ez, baina sentitzen nuen promotore urbanistikoek paternalismoz jokatzen zutela nirekin, emakumea nintzelako”. Hirigintza arloa “oso eremu maskulinoa” dela azpimarratu du Aizpuruak, eta ideia hori berretsi du Galparsorok ere. “Zurekin zerbait inportanteaz hitz egitera etorri, eta ‘nahi baduzu komite lokaleko norbait zurekin egon daiteke’ esatea… Paternalismoa. Ez digute aitortzen erabakitzeko gaitasuna, nahiz eta ez dizuten esaten. Noski, ezin dizute hori esan, alkatea zara eta”.

Galparsoro 1989an hasi zen zinegotzi gisa Arrasateko Udalean, eta, ilegalizazio garaiko lau urte kenduta (2003-2007), udalgintzan aritu zen 2011 arte. “1989an, noski, egoera askoz ere okerragoa zen, oso emakume gutxi aritzen ginen udalgintzan”. Ordutik egindako bidea nabarmendu nahi izan du; ezer ez egotetik, berdintasun teknikari bat, berdintasun plan bat, emakumearen batzorde bat… “Arrasaten urteak dira gai hori lantzen hasi ginela, eta alkate gisa zaudenean hori nabaritu eta eskertu egiten da”.

“Orain, udal guztietan daude berdintasun teknikariak; arraroa da ez edukitzea. Baina, duela ez hainbeste, oso gutxi ziren”, gehitu du Aizpuruak. Bera Usurbilgo Udalera irisi zenean, arlo horretan lan bat egina zegoela azaldu du, bazegoela teknikaria, baita berdintasun plana ere. Bilduko zazpi zinegotzietatik lau emakumeak zirela oroitu du, eta horietatik hiru dedikazio osoan aritu zirela udalean. “Beraz, uste dut ni ez naizela eredurik egokiena. Zorte handia izan nuen emakume talde batekin egin nuelako lan lau urteetan. Zoritxarrez, hori ez da errealitatearen ispilua”.

Gizonezkoek diseinatua

Hain zuzen ere, gizonezkoek egindako arauen arabera funtzionatu izanaren pena gelditu zaio Galparsorori. “Zu sartzen zara historikoki gizonak egon diren sistema batean, gizonezkoek diseinatu dutenean eta euren neurrira egindakoan. Eta horrek, azkenean, eramaten zaitu zure izaerarekin hain bat ez datorren funtzionatzeko era bat hartzera, beraien sistema asimilatzera. Tamalez, alkate zarela oso zaila da patxada edo tartea aurkitzea, beste modu batera antolatzeko, funtzionatzeko, hausnartzeko, gauzak beste modu batera egiteko”.

Aizpuruak uste du beraiek lortu zutela beste modu batera funtzionatzea. “Hau esaten dudanean gizon askok muturra okertzen duten arren, nik beti esaten dut lan batzuetan emakumeak oso onak garela. Beraiek ere izango dituzte dohainak, baina gure dohainak dira, adibidez, oso onak garela talde lanean, eta eraginkortasunaren ikuspegitik oso onak garela gauzak ixten; eta, udalean, oso garrantzitsuak dira bi gauza horiek”.

Udalgintzan eta, oro har, politikagintzan, lan arloak generoka banatuta egoten direla nabarmendu du, bestalde, Arrasateko alkate ohiak. “Bazeuden batzorde batzuk, gai seriotzat jotzen diren horiek, gizonezkoenak zirenak. Hirigintza batzordean, ogasunean eta bozeramaileen batzordean, adibidez, PPkoa eta ni ginen emakumeak, eta PPkoa egoten zen zinegotzi bakarra zutelako. Bozeramaileak ere denak ziren gizonezkoak, zinegotziak 11 gizon eta 10 emakume ginen arren”.

Alkategaiak, heren bat

Gipuzkoan, udal hauteskundeetarako aurkeztu diren 295 zerrendetatik 98tan doaz emakumeak zerrendaburu, eta 197tan gizonezkoak. Herenak baino ez dira emakumezkoak. “Nire garaian, Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian, hamar alkatetik bi ziren emakumeak. Ikusiko dugu zer gertatzen den hauteskundeetan, eta goranzko joera bat adierazten duen”, esan du Aizpuruak, datua ezagutzean.

Hirurek, baina, gauza berbera nabarmendu dute. “Mantso goazen arren, aurrera goazela dirudi. Argi dago, ordea, oraindik bide luzea dugula egiteko”, azaldu du Aizpuruak. Usurbilgo alkate ohiak ondo ikusten ditu parekidetasun klausulak: “Baina kopuruari ez ezik, alde kualitatiboari ere begiratu behar zaio, kopuruak bete daitezkeelako emakumerik aurrean jarri gabe”.

Galparsororen aburuz, datu horrekin ezin da konforme gelditu: “Nik uste dut gizartean gertatzen denaren isla dela; leku gehienetan eta arlo gehienetan gertatzen da hori, eta politikagintzan eta udalgintzan ere bai. Baina, aldi berean, pentsatzen dut arlo publikoak honetan eredu izan behar duela, eta aurretik joan behar duela, besteei tira eginez. Hor dago parekidetasun legea, baina argi dago ez dela nahikoa. Beraz, alderdiei konpromiso irmo bat eskatuko nieke nik”.

“Garen guztien erdika bat baldin bagara, estatistikaren logikaren arabera, edozein kargutan emakumeak erdiak izatea litzateke normalena edo naturalena. Pentsatu nahi dut noizbait iritsiko garela erdi hori izatera”, esan du Arrizabalagak. Ziur dago oreka hori iritsi bitartean parekidetasun klausulei eutsi behar zaiela: “Berdintasuna lortzeko, gogor egin behar da inertziaren kontra; inertziari jarraitzen diozunean, gizon aurpegiak ateratzen baitira normalean. Oraindik bide luzea dugu egiteko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.