Txartelaren ordez, kafea

Txartelaren ordez, kafea

Karmele Uribesalgo Alzola

Autobusera gerturatu eta “bi kafesne, mesedez” eskatu du Bergara aldetik oinez iritsi den bikote batek. Gainontzeko autobusetan gertatzen ez den arren, Sanprubusean posible da horrelakorik hartzea. Baita ogia erostea edo ardoa edatea ere. Autobus bat taberna izateko egokitu du Jon Mujikak, eta Arrasatek, Bergarak eta Oñatik muga egiten duten tokira eraman du: Elorregi auzora. San Prudentzio ere esaten dio jende askok, eta hortik datorkio izena autobusari. Astelehenean hartu zituen lehen bidaiariak, eta egunero egongo da zabalik, 08:30etik 20:00 ingurura arte.

Mugimendu handiko auzoa da Elorregi. Bidegorria pasatzen da handik, eta autobus geltoki bat ere badago. Autobus aldaketa egiteko tokia da bidaiari askorentzat. “Eta horrelako zerbitzu baten falta zegoen”, adierazi du Mujikak. Lagunarteko afari batean bururatu zitzaion auzoan taberna bat jartzea. Proiektuan lanean hasi zenean jakin zuen ez zela posible eraikinik egitea, Gipuzkoako Foru Aldundiarena baita lurra: “Pentsatu nuen autobus bat taberna bilakatzea zela aukerarik onena eta irtenbiderik azkarrena”. Mujikaren gertukoek “erokeriatzat” hartu zuten hasieran, ez zitzaien guztiz bideragarria iruditu, baina proiektuak aurrera egin ahala, begi onez ikusi dute.

Bi urte behar izan ditu Mujikak ideia gauzatzeko. Homologazioa lortzeak asko luzatu zuen prozesua. Baimenak, berriz, nahiko erraz lortu zituen. Oñatiko Udalarekin egin ditu tramiteak, herri horretako lurretan baitago autobusa, eta hasieratik laguntza handia eskaini diotela azpimarratu du.

Mujikarekin batera, lanean ariko dira haren bikotekide Irene Choan eta sukaldari bat. Choanek aitortu du hasierako asmoa zela hain ezagunak diren Londresko bi solairuko autobus gorri bat erostea; baina Euskotreneko bigarren eskuko bat hartu zuten azkenean. “Hamabost urte betetzen dituztenean, erretiratu egiten dituzte autobusak, eta, salgai zegoela ikustean, erostea erabaki nuen”, azaldu du Mujikak. Irisgarria da, gainera: elbarrientzako arrapala dauka, esaterako.

Itxuraldatu egin dute autobusa, baina bere esentzia mantentzen saiatu dira. Eserlekuak aprobetxatu dituzte, eta bost mahai jarri dituzte bezeroentzat. Kanpoan ere badago terraza bat. Horrez gain, Arrasateko bi artistak margotu egin dute autobusa, eta inguruko mendiak irudikatu dituzte, besteak beste. Altzariak jartzeaz, berriz, Mujika arduratu da, anaiaren laguntzarekin. Gasarekin jarri dituzte martxan sukaldeko aparatu guztiak, baita kafea egiteko makina ere. Horrez gain, eguzki plakak dituzte, eta negu parterako, eguzkiarekin energia nahikorik lortuko ez balute, sorgailu bat daukate.

“Tori kafeak, eta hemen dauzkazue makilatxoak ere. Biodegradagarria da dena”, jakinarazi die Choanek bezeroei. Mujikak adierazi du arreta berezia jarri dutela horretan: “Badirudi plastikoa ematen ari garela, baina artoarekin egindakoak dira gure mahai tresna guztiak, eta, beraz, sekula ez dira helduko itsasora”.

Sinadura bilketa, martxan

Autoa San Prudentzion utzi, eta autobusera gerturatu da emakume bat. “Oso ideia ona da autobusarena, eta kafea ere ona dago”, esan die Mujikari eta Choani. Bidezko merkataritzako produktuak eskaintzen dituzte Sanprubusean, eta denetik daukate: tabernetan aurkitu ohi diren edariez gain, ogia, pintxoak eta opilak eskaintzen dituzte. Aurrerago, hanburgerrak egiten hasteko asmoa ere badaukate.

“Komunak falta dira”, adierazi du garagardo bat edaten ari den bezero batek. Arrazoi duela erantzun dio Mujikak, eta sinadura bilketa bat egiten ari direla jakinarazi dio. Duela hiru urtetik dago eginda eskaera Arrasateko, Bergarako eta Oñatiko udaletan, baina oraindik ez dago komunik. Horren beharra dagoela gogorarazteko ari dira sinadurak biltzen. “Ez dakigu zeinek egin behar dituen; hiru herrien erdian dago gune hau, eta badirudi denena dela Elorregi, baina, aldi berean, ez dela inorena”.

Mujikak proiekturako propio atera zuen autobusen gidabaimena, eta Sanprubusa Bergarako fabrika batean utziko du gauero. “Orain, ezin dut hartu gaixo baimenik, bestela ea nork mugitzen duen autobusa”, adierazi du txantxetan. Elorregin egoteko asmoa dauka printzipioz, baina ez du baztertu ekitaldiren batera gonbidatuz gero, joatea. “Hala ere, neurria hartu behar diogu oraindik”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.