“Helburua umearekin kalitatezko konexio bat lortzea da”

“Helburua umearekin kalitatezko konexio bat lortzea da”

Eider Goenaga Lizaso

Psikopedagogoa da Nerea Mendizabal (Zestoa, 1976), eta komunikazio ez-bortitzaren alorreko ziurtagiria du. Azken urteetan, ikastetxeetan, gurasoekin, irakasleekin eta abarrekin ari da lanean eredu horri buruzko ikastaroak ematen. Esperientzia hori liburu batean jasotzea erabaki du.

Zer da komunikazio ez-bortitza?

Marshall Rosenbergek garatutako eredu bat da, eta funtsa da pertsonen artean ahalik eta konexio onena lortzea, parte guztien ongizatea bermatzeko. Bi erreminta boteretsu erabiltzen ditu horretarako: batetik, adierazpen zintzoa, norberaren emozio eta beharren inguruan; eta, bestetik, beste partearen entzute enpatikoa, bestea ulertu eta haren beharrak ezagutzeko. Bi horiek uztartuz, bestearen eta norberaren beharrak asetzen saiatzea da.

Hilaren amaieran liburu bat kaleratuko duzu gai horri buruz.

Bai; euskarazkoak Elkarrekin hazi izango du izenburu, eta gurasoei zuzenduta dago. Hainbat ariketa eta proposamen egiten ditut seme-alabekin konexio hori lortu ahal izateko. Oso modu praktikoan aurkezten saiatu naiz. Edukia badago, teoria badago, baina saiatu naiz eduki guztietan adibideak eta ariketak jartzen.

Zergatik liburu bat?

Batetik, interes handia dagoelako. Bestetik, nik ere asko ikasi eta esperimentatu dudalako azken urteotan gurasoekin egin dudan lanketan, eta beharra sentitu nuelako hori paperera eramateko. Gainera, pozgarri zait euskaraz argitaratzea, ez baitugu komunikazio ez-bortitzari buruzko euskarazko libururik.

Helduentzat ere balio du Rosenbergen ereduak.

Bai, politikan aplika daiteke, kartzeletan, enpresetan… Rosenbergek ikaragarrizko lana egin zuen nazioarteko gatazketan. Berak eredua ez zuen sortu propio umeei eta gurasoei begira.

Posible al da komunikazio ez-bortitza %100ean?

Une oro dugu aukera eredu honek esaten duenari jarraitzeko, baina ez da erreala une oro jarraitzea. Eredu honek ez du bilatzen une oro konektatuta egotea edo ez bortizki aritzea; zera da garrantzitsuagoa: gustatuko litzaigukeen moduan jokatzen ez dugunean, komunikazio ez-bortitzak asko lagundu gaitzakeela geure burua ulertzen eta onartzen, hortik abiatuta eboluzionatzeko.

Normala da, beraz, bide horretatik ateratzea?

Jakina, irten egiten gara, eta irteten jarraituko dugu. Komunikazio ez-bortitzak zera ematen digu: eredu bat, bidetik irten naizela konturatzen naizenean, bueltatzeko, edo, entrenatuta, gero eta gutxiago irteteko. Baina irteten jarraituko dugu, ziur.

Gurasoa, lehenik eta behin, bere burua ulertzen saiatu behar dela dio eredu honek. Jendeari asko kostatzen zaio hori egitea?

Gelditzen ez baldin bagara, ezinezkoa da gure barrua nola dagoen ikustea, eta hori da gure zailtasun handienetako bat; ez dakigula gelditzen. Eta, gelditutakoan, begiratzen hasten garenean ere kosta egiten zaigu, horretan ere ez gaituztelako trebatu. Zeri begiratu behar diot? Eta orduan esaten zaigu: bada, begiratu zein diren zure emozioak. Eta orduan oso ohikoa da: edo ez jakitea zer sentitzen duzun, edo ez jakitea sentitzen duzuna identifikatzen eta izena jartzen. Beraz, bai, asko kostatzen zaigu.

Gainera, emozio batzuk, agian, ez dira oso gustukoak.

Guri erakutsi digute emozio batzuk sentitzea ez dagoela ondo, eta ez genituzkeela sentitu behar. Aldiz, komunikazio ez-bortitzak esaten du ez dagoela emozio txarrik edo onik; denak direla beharrezkoak, mezu bat ematera datozela. Zer mezu? Bada, hori aztertu behar dugu; ea ase gabeko zer beharrek sortzen digun emozio hori. Hori egiteko ariketa pila bat daude liburuan. Izan ere, sentimenduak eta beharrak identifikatzen ditugunean, errazagoa da guretzat inportanteak diren aspektuak zaintzeko bidean jarriko gaituzten ekintzak topatzea, eta seme-alabei eskatu nahi dieguna elkarlanerako aukera gisa aurkeztea.

Gurasoak umearen sentimendu eta beharrak identifikatzen ere saiatu behar du.

Bai; zure buruarekin egin duzunean, errazagoa da umearekin gauza bera egitea: nola sentitzen den, zergatik sentitzen den horrela, zer behar dituen… Enpatia ariketa egin, eta bestearen tokian jartzea merezi du. Eta behin bi aldeen emozio eta beharrak identifikatutakoan, has gaitezke irtenbideak topatzen edo arauak jartzen. Hori da umearekin kalitatezko konexio bat lortzea, eta hori da gure helburua.

Leave a Reply

Your email address will not be published.