Ingurumenari emandako etxea

Ingurumenari emandako etxea

Aitziber Arzallus

Loiolako basilikatik gertu eta Urola ibaiaren ertzean, leku paregabean dago Azpeitiko Ekoetxea. “Azpeitiar askorentzat Umeentzako Museoa da oraindik ere”, Itziar Unanue museoko hiru hezitzaileetako baten esanetan; izan ere, 1987ko ekainaren 5ean izen horrekin ireki zituzten gaur egun Ekoetxea denaren ateak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ingurumen hezkuntzako lehen zentroa izan zen. Baina aldaketak izan ditu denboraren joanean, izenean zein izanean. Euskadiko Ekoetxeen sareko kide da 2017tik, Txingudiko, Urdaibaiko (Bizkaia) eta Meatzaldea-Peñas Negraseko (Bizkaia) ekoetxeekin batera.

Gizarteak ingurumenarekiko duen ardura aldatuz joan den modu berean aldatu dira museoa bera eta han lantzen dituzten gaiak. “Garai batean, ingurumen gaiei ez zitzaien gaur egun bezalako garrantzirik ematen, eta ekologiari eta zientziari lotutako gaiak lantzen genituen gehienbat”, azaldu du Unanuek. Lan egiteko bestelako modu bat zutela ere gogoratu du. “Lehen, museoko hezitzaileok irakasleekin lan egiten genuen, irakasleen hezitzaileak ginen, eta gero haiek aritzen ziren ikasleekin”.

Museoak 1998an izan zuen lehen aldaketa handia, Ingurugiro Etxea bihurtu zenean. “Ludoteka izaera hartzen ari zen museoa, eta beste ikuspegi bat eman nahi izan zioten. Ingurumen gaiak boladan zeuden orduan, eta haietan gehiago sakontzen hasi ginen; eta umeekin zuzenean lan egiten”. Orduz geroztik, ingurumenaren arazoak eta haien zergatiak aztertzen dituzte bisitariekin, eta arazo horiei konponbideak topatzen saiatzen dira.

Lan eremua zabaldu, eta garapen iraunkorra lantzen hasi ziren 2003an, eta Eskola Agenda 21 programa sartu zuten museoaren hezkuntza eskaintzan. “Adar garrantzitsua da guretzat, geuk prestatzen baititugu programa horren barruan Azpeitiko ikastetxeetako ikasleek landuko dituzten materialak”, argitu du Edurne Agirre museoko beste hezitzaileetako batek.

Urtean 6.000 bisitaritik gora hartzen dituzte Ekoetxean. “Astean zehar etortzen diren ikasleak dira gehienak, HHtik DBHra artekoak”, zehaztu du Agirrek. Baina bestelako bisitariak ere izaten dituzte: adinekoak, aisialdi taldeak, euskaltegietako ikasleak, emakume taldeak, familiak… Egunero zabaltzen dute Ekoetxea, eta doakoa da sarrera.

Askotariko bisitak

Batik bat taldeko bisitetarako egokitzen dituzte edukiak. “Ikastetxe batean urarekin lotutako gaiak lantzen ari badira, edo klimari buruz aritu badira, guk arlo horietara begira prestatzen dugu bisita”, azaldu du Agirrek. Aurrez hitzartutako bisitak izaten dira horiek, eta bisita gidatua eta jarduerak egiten dituzte. Gainontzeko bisitariei, edukien inguruko azalpen orokor bat ematen diete sarreran, eta euren kabuz egiten dute bisita, museoan dauden panelek lagunduta.

Lau areto ditu Ekoetxeak, eta hainbat gai edo arlo lantzen dituzte horietan: atmosfera eta klima aldaketa; bioaniztasuna; demografia, hiriak eta mugikortasuna; ura; energia eta garraioa; hirigintza iraunkorra; arkitektura bioklimatikoa; zarata; hondakinak eta kontsumoa; garapen iraunkorra; eta azken 50 urteotan Urola eskualdean egin diren aurkikuntza arkeologikoak. Baina eskaintza ez da hor bukatzen. “Museoan bertan lantzen ditugu bisitariek aukeratutako bi gai, eta, gero, osagarri gisa, kanpoan beste gai bat lantzen saiatzen gara”, azaldu du Unanuek.

Hainbat aukera daude Ekoetxe kanpoan: Nuarbeko urtegia edo Ibai Ederko eta Lasaoko araztegiak, Igarako errota, aurki prest izango duten Lapatx Ingurumen Eragilea, eta museoaren kanpoaldean eraiki berri duten Xaguxatar parkea.

Asteburu batzuetan, berriz, familientzako jarduerak antolatzen dituzte: berrerabilitako materialekin eskulanak egiteko tailerra, haziei buruzko ikastaroa… Adibidez, kokedama tailerra antolatu dute etzi goizerako, 6 eta 12 urte arteko umeei eta horien familiei zuzenduta. Antzina Japonian landareak hazteko erabiltzen zuten teknika da kokedama. Loreontzirik gabe, goroldioarekin mantentzen dira landareak. Teknika hori erabiliko dute etzi, eta beren kokedama sortuko dute parte hartzaileek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.