Mezan pizteko, kandela lapurtu

Danel Agirre

Berlinera asteburu-pasa etortzea falta zaion euskal herritar bakar horixe ez bazara, izango duzu honen berri: metrora sartu ahal zaitezke hemen, inongo barrerarik igaro gabe. Txartela soinean eramatea norberaren erantzukizuntzat eduki ohi da. Kontrolak geltokirik jendetsuenen artean baino ez dituzte egiten, oso aldian behin, eta tiketik gabe atzemandakoentzat isuna adeitsua da, 60 euro. 2018an, Schwarzfahrer, bidaiari beltz moduan izendatutakoen batezbestekoa azken hamar urteetako apalena izan zen, %2.

Bisitan datozen gertukoek ez dute zalantzarik batere: Euskotrenek antzeko sistema ezarriko balu, inork ez genuke txartelik ordainduko. Iragarpenaren aurrean isilik geratu izan naiz, baina fatalismo ahobatezkoak zer pentsatu eman ohi dit. Gurean bezala ez dira inon bizi, dugu lelo kutuntzat. Baskoon hitza sakratua denarekin ere harropuzten gara. Muinean, baina, etxea azpisugez lepo daukaguna barneratuta dugu. Eta hain toki perfektua ere ez da izango Euskal Herria, gizalegeari begirune apartekorik gabeko arrakeroz josita badago.

Kontua da, ez zaigu horrenbesterako ere iruditzen. Bizikidetza arauak urratzea zilegi bihurtzen du, gure begietan, modu arras subjektiboan identifikatutako helburu zuzenak betetzeko izateak. Amarruok aspalditik merezi genuena eskuratzeko trikimailu kaltebakotzat ditugu. Komuneko obra beltzean ordaintzea erabakiz gero, patuak gurea behar lukeen dirua lapurtu izan, eta zorra inorekin kontsultatu gabe kitatzeko legitimitatea dugulako da. Alboko herrian egunero aparkatu ahal izateko udaletxean tranpatxoa egiten dugu, halabeharrak betidanik ezker-eskuin gu astindu, eta bizitzari hori eta gehiago exijitu ahal diogulako. Biktima gara honetan ere. Izan ere, guztia txukun egingo genuke, existentzia gurekin hain ankerra ez balitz.

Nabarmen lagatzen gaituzten iruzur kolektiboek ere ez gaituzte lotsagorritu ohi. Frantziako errepide bazterrak inbaditu eta munduari txirrindularitza zalerik maitagarrienak garena erakusteko, urtero dopinagatik positiboren bat zuen talde nazional ezin ustelagoa sosa publikoz sostengatu genuen urte luzez. Atzerriko hainbat telebistak lardaskeria ez babeste aldera Frantziako Tourra emititze hutsari uko egin zioten bitartean. Boto usainean proiektatutako azpiegiturak eta luxuzko eraikinak estreinatu ahal izateko lan baldintza kriminalak ezartzen dituzten agintariak berriz hautatzen ditugu, herriarentzat aurrerabidea lehenesten dutelakoan. Gure politikari gehienek ere ez lukete Euskotreneko txartelik ordainduko barrerarik ez balego, eta ez zaigu piperrik axola.

Desenkusa klasikoak hegoaldeko katolizismoa bilakatu ohi du zabarkeriarekiko dugun tolerantziaren erantzule. Damutze hutsarekin garbitu ahal ditugu bekatuak, protestanteek ez bezala, eta kontrizioaren baliabide ezin praktikoago hori eskura dugulako jausi ohi gara etengabe tentaldian. Xede aproposaren bila bitarteko okerrak erabiltzeari buruz ezagutzen dudan atsotitz bakarrak ere elizarekin du zerikusia: mezan pizteko, kandela lapurtu. Jarrai dezagun, beraz, eguneroko gure bekatu txikiekin. Azken-azkenean, kontuak errendatzeko egun handian, ez da zalantzarik geratuko gure asmoen zuzentasun eta bihotzaren puruaz.

Leave a Reply

Your email address will not be published.