Artea baino gehiago

Artea baino gehiago

Karmele Uribesalgo Alzola

Aski ezaguna da Arantzazuko santutegia, baina beste ikuspuntu batetik aztertzeko gonbita egin du Ismael Manterola arte historialariak. Bihar, maiatzak 25, Arte ala ondare? Arantzazu ikur izeneko bisita gidatua egingo du. 10:00etan hasiko da, santutegian bertan. “Helburuetako bat da jendea konturatzea artea ez dela eraikuntza bat bakarrik, gizartearen parte ere badela, eta hura eraikitzen laguntzen duela”, azaldu du Manterolak.

Oñatiko Udalak herria beste ikuspegi batetik ezagutzeko ekintzak antolatu ditu turismo bulegoarekin batera, Hurretik egitasmoaren barruan, eta horren barruan dago biharko bisita. Hala, herriaren ondare soziokulturala, historikoa eta arkitektonikoa gizarteratu nahi dute.

Manterolak adierazi du artea eta ondarea sarri nahasten diren kontzeptuak direla, eta, besteak beste, hori argitzen ahaleginduko da bihar. Horren arrazoietako bat da arte gehiena ondare bihurtzen dela: “Artea baino gehiago da ondarea; ia arte guztia ondarea da, baina ondare guztia ez da artea”. Gizarteak erabakitzen du garai bakoitzean artea zer den. Manterolaren esanetan, “giza ekintza” bat da artea, tradizioari lotuta dagoena. Zehaztu du gizartearen barruan artea zer den erabakitzeko ahalmen handia duten norbanako batzuk daudela, arte sistema osatzen dutenak: “Normalean, horiek izaten dute artea zer den zehazteko ardura. Beste batzuek ez daukate halako ahalmenik, baina badute iritzia, eta, ondorioz, batzuetan eragin dezakete erabaki horretan”.

Manterolak azaldu duenez, ordea, ondarea kontzeptu zabalagoa da: “Artea ondare izateko, gizarteak hura babesteko eta iraunarazteko nahia eta gogoa izan behar ditu”. Arantzazuri dagokionez, arte historialariak apostoluak jarri ditu adibide moduan: artea dira, baina memoria ere badute, eta, beraz, ondaretzat hartzen dira. Hala ere, gaineratu du ondare ez-materiala ere badagoela; ahozkotasunaren bitartez transmititu izan diren istorioak, esaterako.

Manterolari Arantzazu leku aproposa iruditzen zaio kontzeptu horiek argitzeko. “Arte euskarri handi bat dago han, baina baita memoria ere”. Gerraostean eraiki zuten gaur egungo Arantzazuko santutegia, 1950eko hamarkadan. “Arte modernoaren makineria testuinguru arrotz batean jarri zen martxan, Francoren erregimenak susmagarritzat baitzuen abangoardia”. Manterolak azaldu duenez, askatasuna zen mugimendu horren lema, eta horren kontra zegoen frankismoa. Garai hartan euskal kulturan zentsura handia egon zela kontatu du adituak. Manterolak zehaztu du Arantzazuk Jorge Oteiza eskultorearen eta Nestor Basterretxea margolariaren lanetan eragin zuela batez ere.

Artistek muga horri aurre egin behar izan ziotela azaldu du arte historialariak, eta pixkanaka euskal kultura berreskuratzeko gogoa piztu zela gizartean: “Arantzazu oinarrizkoa izan zen horretan; jendeak ulertu zuen ez zela proiektu erlijioso arkitektoniko bat, euskal kulturaren berreskurapenaren hasiera baizik”. Jendea batzeko “giza laborategi bat” izan zela adierazi du, eta Euskal Herriko arte modernoaren sarea berreraikitzeko aukera eman zuela.

Manterolaren hitzetan, katolikoentzako “debozio handiko santutegia” da Arantzazukoa, baina horrez gain artelan bat ere badela azaldu du. “Gustatuko litzaidake bisitariek ez pentsatzea eliza soil bat dela”. Arantzazuren indarra eta garrantzia azpimarratu nahi ditu adituak.

Ez da Manterolak halako bisita bat eskaintzen duen lehen aldia. Maiatz hasieran, antzeko egitasmo bat gidatu zuen Usurbilen, Harria Hitz ibilbidea. 1960ko hamarkadan euskarazko kultur eztanda nola islatu zen aztertu zuten. Antzekotasun handia duten arren, Arantzazu mugimendu horren “historiaren hasiera” dela nabarmendu du Manterolak, eta Usurbilen, esaterako, horren ondorio batzuk ikus daitezkeela.

Ezkutukoa azaleratzen

Oñati beste begirada batetik egitasmoaren barruan, beste bisita gidatu bat egin zuten pasa den astean: Emakume ikusezinak. Anton Aspiazu eta herriko turismo bulegoa arduratu ziren bisitaz. Historiako hainbat sasoitan Oñatin lan handia egin duten baina ikusezin bihurtu diren emakumeak ezagutarazteko antolatu zuten irteera. Besteak beste, emakumeek hain ezaguna den Oñatiko txokolatearekin izan duten harremana aztertu zuten.

Ordubete inguru iraungo du biharko bisita gidatuak, eta doakoa izango da. Hori bai, Oñatiko turismo bulegoan izena eman behar da aurretik. 943 78 34 53 telefono zenbakira ere deitu daiteke, edo www.turismo@onati.eus helbidera idatzi. Manterolak nabarmendu du bisita gidatua baino gehiago “komentatua” izango dela biharkoa, eta turismotik harago joan nahi du: “Esperientzia pertsonalak kontatzera eta ekarpenak egitera animatzen ditut bisitariak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.