“Gai garrantzitsu askotan jarri gara ados EH Bildurekin”

“Gai garrantzitsu askotan jarri gara ados EH Bildurekin”

Unai Zubeldia

“Kolaborazioa, parte hartzea eta gardentasuna” hitzeman zituen Maria Ubarretxenak (Urretxu, 1980) duela lau urte Arrasateko alkate kargua hartu zuenean, eta “pozik” dago PSE-EErekin akordioa sinatu ondoren laurtekoak eman duenarekin. “Herri proiektua garatzen jarraitzeko prest” dago EAJko zerrendaburua.

Gainean dira udal eta foru hauteskundeak. Zer moduz sentitzen zarete?

Ongi sentitzen gara, lau urteotan egin dugun lanagatik eta kalean sentitu dugun gertutasunagatik.

2015ean onartu zenuten “ezustean” jaso zenutela boto gehien. Nola aurkitu zenuten udala eta herria agintera iritsi zinetenean?

Hainbat gai eta proiektu blokeatuta zeudela ikusi genuen, eta proiektu horiek blokeo egoeratik ateratzea eta gai batzuei konponbidea ematen saiatzea izan genuen lehentasuna. Musika Eskolak, esaterako, hamar urte zeramatzan oso egoera prekarioan, eta gai hori desblokeatzea eta eskola berria eraikitzea izan da legealdi honetako gure proiektu nagusietako bat.

Lau urteotan hainbat liskar izan duzue EH Bildurekin: esaterako, iazko jaietan Ibon Arrupek kendutako presoen aldeko pankarta batekin gertatutakoa. Nola daude harremanak bi alderdien artean?

Harreman ona izan dugu udalean, eta, legealdi honetan, gai garrantzitsu askotan jarri gara ados EH Bildurekin: herriko mugikortasun planean, Kulturola eraikina berritzean, aurrekontu parte-hartzaileen egitasmoan, Etxezarreta mendi eremua erostean, Kirolaren Plan Estrategikoan, Anporreta tontorra erostean, hainbat proiektu urbanistikotan… Horixe eskatzen digute herritarrek, akordioak lortzea; herrigintzan ari garenok pentsatu behar dugu gure herriak ez direla hain handiak. Herri proiektua garatzeko, gai garrantzitsuetan politikarien arteko akordioak eskatzen dizkigute herritarrek.

Gaur-gaurkoz, Arrasaten zer-nolako lanketa egiten ari zarete elkarbizitzaren alorrean?

Legealdi honetan jarri dugu martxan Memoriaren Mahaia; bi urte eta erdi inguru daramatzagu lanean. Ez dut ukatuko ahalegin berezia eskatu digula alderdi guztioi, eta uste dut denok izan garela eskuzabalak adostasunak lortzeko. Balioa eman nahi genioke denok egin dugun lanari, giza eskubideen urraketak aitortzeko dokumentu bat ere adostu dugulako. Zaila izan da, baina pauso garrantzitsuak eman ditugu.

“Lehen, gehiago zaintzen zen zer esan eta zeinen aurrean esan. Poliki-poliki, jendea gehiago ausartzen da pentsatzen duen hori esatera”. Zure hitzak dira, 2015ekoak. Alde horretatik, egoerak hobera egin du azken lau urteotan?

Bai, bai. Uste dut jendea orain gehiago ausartzen dela pentsatzen duen hori esatera, baina bizikidetzan bide luzea daukagu egiteko oraindik, eta gehiago landu behar ditugu tolerantzia, enpatia eta horrelako balioak.

Ekonomia arloan, Fagor Etxetresnen krisiak nola eragin dio eskualdeari?

Zauria, oraindik, ez da guztiz itxi, eta lanketa horretan jarraitu beharra daukagu. Bailara honetan, oso garrantzitsua da industria alorra, baina iparra oso ondo definituta daukate enpresek, fin-fin ari dira berrikuntzan, eta abian da kooperatibismoaren balioak indartzeko lanketa berezi bat ere. Alor horretan bide onetik goazela uste dut.

Lehen aipatu duzu Musika Eskola, Kulturola proiektua ere hor dago, Txiki Txokoa… Hainbat proiektu gauzatzen ari zarete kultur arloan.

Hala da, bai. Hainbat eragile batzen dituen kulturgune garrantzitsu bat izango du Arrasatek, eta ziur gaude sorkuntzarako sinergiak sortuko direla.

Arrasatek, egituragatik, hainbat arazo dauzka mugikortasunean eta irisgarritasunean. Zer egoeratan zaudete eskualde gisa?

Euskadi osoan, 22.000 biztanletik gorako eta trenik gabeko herri bakarra da Arrasate. Garai batean, izan genuen trena, eta izugarrizko galera izan zen hura kentzea. Pausoak eman beharra daukagu zerbitzu publikoetan; hobetu egin behar dugu bailara honen komunikazioa.

Herrian bertan ere desberdintasun handi samarrak daude auzoen artean…

Auzo altu asko dauzka Arrasatek, eta guztiz beharrezkoa da mugikortasun bertikala. Adineko jende asko bizi da auzo horietan, eta jende asko ibiltzen da gora eta behera umeen karroekin edo erosketekin. Horregatik, dagoeneko martxan da Makatzena auzorako igogailu publikoa, eta hurrengo legealdirako aurreikusita daukagu Erguin eta Santa Teresa auzoetan igogailu publikoak jartzea.

Segurtasun alorrean Arrasatek atzera egin duela salatu berri du EH Bilduk, lapurretek-eta nabarmen gora egin dutela. Zein da zuen hausnarketa?

Lapurretan ari den gazte talde bat daukagu herrian. Guztiz identifikatuta dauzkagu, eta eurek egiten dituzte lapurreten %98. Guztira, 189 aldiz atxilotu dituzte gazte horiek, baina kalean dabiltza oraindik. Epaileek ere zeresana badaukatela uste dugu, baina, guretzat, lehentasuna du gai horrek. Lanean jarraituko dugu, etsi gabe; atxilotzen eta presio egiten jarraituko dugu. Ertzaintzarekin estutu egingo dugu kolaborazioa.

Sarritan aipatu izan duzue Europa iparraldeko herrialdeetara begira jarraitu nahi duzuela lanean. Baina zein dira herriaren gertueneko erronkak?

XXI. mendeko hirigintzara jo beharra dauka Arrasatek, eta nolabaiteko eraldaketa behar dugu. Oinezkoei eman behar diegu lehentasuna, Arrasate herri lasaia eta atsegina izan dadin, bizitzeko eta lanerako. Herri bizi, parekide, atsegin eta alaia nahi dugu.

EAJk 3.748 boto lortu zituen 2015eko udal hauteskundeetan, 3.348 lortu zituen EH Bilduk, eta 1.321 PSE-EEk. Espainiakoetan, berriz, 3.582 lortu zituen EAJk, 3.483 EH Bilduk eta 2.353 PSE-EEk. Oso estu daude kontuak.

Hala da, bai. Baina oso desberdinak dira udal eta foru hauteskundeak, eta Espainiakoak. Emaitza ona izango dugula uste dut, sentipen onak dauzkagulako, baina herritarrek erabakiko dute.

Boto gehien jasotzen duen alderdiak izan beharko luke alkatetza?

Maiatzaren 26ko gauean ikusiko dugu zein diren zenbaki errealak, eta ondoren hartu beharko dira horrelako erabakiak. Hori bai, 2015ean, EAJk boto gehien jaso zuenean, alderdi guzti-guztiei eskaini genien aukera gurekin udal gobernuan egoteko, guzti-guztiei, eta inolako baldintzarik gabe. Eta PSE-EEk soilik onartu zuen; beste guztiek ezetz erantzun zioten akordio proposamenari.

Zer mezu bidaliko zenieke herritarrei?

EAJk prest jarraitzen duela arrasatearren behar eta interes komunen alde lan egiteko, eta etorkizuneko herri proiektu partekatu baten alde lanerako gogotsu eta ilusioz gaudela.

Leave a Reply

Your email address will not be published.