Herri txikietan ere badagoelako

Herri txikietan ere badagoelako

Eider Goenaga Lizaso

Ardo dastaketa eta ilustrazioa batu dituzte performance batean Mikel Garaizabal enologoak —ardoaren titiritero deitzen dio bere buruari— eta Iñaki Martiarena Mattin ilustratzaileak. Sormenaren Kabiaren bigarren ekitaldirako logotipoa sortu du, bat-batean, Mattinek; eta Alkizako lurretan hazitako mahatsarekin Inazio Urruzola txakolindegian egindako ardoen lurrin, usain, zapore eta oroitzapenen inguruan aritu da Garaizabal. Amaitu da dastaketa, eta amaitu du Mattinek logoa. Sormenaren Kabiak badu 2019rako irudia.

Baina habia bete behar dute orain. Eta bi sortzailerekin beteko dute habia, irailetik azarora bitartean. Hamabost eguneko egonaldia egingo du artista bakoitzak Alkizan, Lete apartamentuetan, eta lanerako hiru gune izango ditu aukeran epe horretarako: Lete nekazaritza etxea, Inazio Urruzula txakolindegia eta Koldobika Jauregiren Ur Mara museoa.

Mila euroko beka bat jasoko du sortzaileak laguntza gisa, eta epe horretan amaitu beharko du proiektua. Lanerako aukerak eskainiko zaizkio Alkizan; tokia ez ezik, Koldobika Jauregiren aholkularitza ere bai. Baina, aldi berean, izango ditu betebeharrak ere. Bere obrak naturan eta ingurumenean izan behar du oinarria. “Aintzat hartu beharko dituzte Fagus Alkiza interpretazio zentroaren hiru ardatzak: natura, gizakia eta bi horien harremanetik sortzen den kultura. Lurra, gizakia eta kultura uztartzen ditu Alkizak, eta artistek ere horiek uztartzea nahi dugu”, azaldu du Edurne Ayuso Fagus Alkizako kultur dinamizatzaileak. Sormen prozesuan artistek ezingo dute erabili ingurumenari kalte egin diezaiokeen materialik edo teknikarik, eta, noiz edo noiz, nola lan egiten duten ikusteko aukera eskainiko diete herritarrei zein bisitariei. Halaber, prozesua amaitzean lana Alkizan aurkezteko konpromisoa hartzen du artistak.

Gaia zehaztuta dagoen arren, edozein arte diziplinak izango du lekua Sormenaren Kabian: teknologia berriak, antzerkia, dantza, literatura, bertsolaritza, ikus-entzunezkoak, transmedia, diseinua, moda, eskultura…

Habia betetzeko sortzaileak bakarrik ez, ezinbestekoa da edukia ere. Eta Ayusok hitz egin du Sormenaren Kabia artistentzako egonaldiak antolatzearen arrazoiez. “Baten batek galdetu dit zergatik egiten dugun egonaldiaren aurkezpena Alkizan, zergatik ez dugun egiten Donostian, komunikabideentzat errazagoa dela Donostian egitea. Eta ezetz esan genuen, ezta pentsatu ere; hain zuzen ere, hori dela helburua, fokua Alkizan jartzea, eta ozen esatea artea, sormena eta kultura ez daudela hirietan soilik, herri txikietan ere badagoela halakorik. Eta horren erakusgarri izan nahi du Alkizak”.

Sormenaren Kabia ez da soilik Alkizako Udalaren proiektua, herriko beste eragile batzuk ere parte dira: txakolindegia, nekazaritza etxea, Ur Mara museoa, herriko ostatua… “Herritarren babesarekin sortutako proiektua da, eta herriarentzako akuilu izan nahi du, herrian bertan ekitaldiak eginez, eta, batez ere, erakutsiz herri txikietan ere gauza oso politak egin daitezkeela”.

“Merezi du”

Mattin ilustratzailea ez zuten kasualitatez gonbidatu astearteko aurkezpenera. Iaz, Hendaiako Nekatoeneko egonaldi artistikoan parte hartzeko aukera izan zuen, eta bi proiektuek iturri beretik edaten dutenez, Sormenaren Kabiaren 2019ko logoa sortzeko proposamena egin zioten Alkizatik. “Nekatoeneko egonaldian parte hartzeko zortea izan nuen, eta kamishibai ipuin bat sortu nuen. Sortzaileentzat aukera paregabea da horrelako egonaldi bat egitea; gogor egiten da lan, baina merezi du. Beraz, deia egingo nuke sortzaileak anima daitezen”. Maiatzaren 22tik 30era egongo da zabalik izena emateko eta proiektuak aurkezteko epea, eta epaimahai batek aukeratuko ditu egonaldian parte hartuko duten bi artisten izenak: Jon Umerez Alkizako alkate eta EHUko irakaslea, Lorea Agirre Jakin-eko zuzendaria, Koldobika Jauregi eskultorea, Ramon Agirre aktorea, Aintzane Lasarte Nekatoeneko egonaldien arduraduna eta Haizea Barcenilla arte kritikoa izango dira epaimahaikideak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.