Hondar aleak deserrirantz

Hondar aleak deserrirantz

Olatz Mitxelena Gil

Ikus-entzunezkoak, hitzaldiak, kontzertuak, jarduera gastronomikoak… Maiatzaren 30ean hasi eta ekainaren 15era bitartean, Sahararen aldeko jardunaldiak egingo dituzte Pasai Donibanen, Bixi-Bixi elkarteak antolatuta; Gora Herriak egitasmoaren barruan kokatu dute ekitaldia. Deserriratutako sahararren egoerara hurbiltzeko asmoz egingo dituzte ekitaldi guztiak.

Bixi-Bixi elkarteak hirugarrenez antolatu ditu Gora Herriak jardunaldiak. Kubari buruzkoak izan ziren lehenbizikoak, antolatzaile taldeko kide Itziar Goienetxeak gogoratu duenez “iraultzatik datorren herria” delako. Iaz, berriz, Portugal hartu zuten hizpide, “tartean bazelako iraultza bat”, baina baita Portugaldik Euskal Herrira iritsitakoekin “nolabaiteko zorra kitatu nahian ere”, gerratik ihes egitean edo Euskal Herrira lanera etorri zirenean behar bezalako harrera ez zitzaiela egin iritzita.

Goienetxeak gogoan duenez, iazko jardunaldiak bukatzerako argi zuten aurtengoak Saharari buruzkoak izango zirela. “Herri gisa bizi nahi dutelako, indarrez deserriratuak izan direlako eta kendu zaien herria berreskuratzeko borrokan murgilduta dabiltzalako”.

Behin erabakia hartuta, berehala jarri ziren harremanetan Oiartzungo El Watan elkartearekin, eta Saharara eurekin joateko gonbidapena egin zieten haiek. El Watan aspalditik ari da lanean Sahararen alde, eta urtero joaten dira kanpalekuetara, abenduan. Hango egoera zuzenean ikusteko, Pasai Donibaneko lau lagun joan ziren oiartzuarrekin; Goienetxea tartean. Han bizi izandakoarekin eta ikusitakoarekin erabat hunkituta, bueltan buru-belarri ekin zioten lanari, hurrengo ostegunean hasiko diren jardunaldiei itxaron gabe.

Janari bilketa bat egin zuten lehenbizi, eta Pasai Donibanen jasotako hirurehun kilo janari bidali zuten Elikagaien Karabanan. Horrez gain, Saharako haurrak udan Pasai Donibanera ekarri ahal izateko lanean ere aritu dira, eta baita lortu ere: udan Saharako bi ahizpa bikik Pasai Donibanen igaroko dute uda, Oporrak Bakean programaren barruan.

Horrez gain, kanpalekuetarako ur bidoi berriak erosteko kanpainan ere murgildu dira. Goienetxeak azaldu duenez, mila litro biltzeko gaitasuna dute ur bidoiek, eta desertuko muturreko baldintza meteorologikoei aurre egiteko materialekin ekoitzita daude. Izan ere, orain arte erabilitakoak, zinkezkoak, gaixotasun askoren iturburu direla jabetu dira. “24 orduko epean, zero azpiko tenperaturatik 50 gradu baino gehiagora igarotzen dira, eta, horren ondorioz, zinka desegiten eta usteltzen ari da”. Bestelako urik ez dutenez, bertatik edaten dute, bertako urarekin prestatzen dute janaria… Horregatik, Pasai Donibanen bezala, Euskal Herriko txoko askotan daude martxan bidoi berriak erosteko kanpainak.

Pasai Donibanen kanpaina oso erantzun ona izaten ari dela goraipatu du Goienetxeak. “Aise” gainditu dute hasierako helburua, eta, premia larria dutenez, erronka handitzea erabaki dute orain, “ahalik eta bidoi gehien erosteko asmoz”. 85 euro balio du bidoi bakoitzak, eta Pasaian, jada, erakunde, elkarte, eragile eta norbanako askok hartu dute bidoia erosteko konpromisoa.

Ezin galtzekoak

Aurten, bete-beteta dator jardunaldien egitaraua. Fronte Polisarioko kideak entzuteko aukera izango da, Paco Etxeberriak hitzaldia emango du, Hassana Aaliaren testigantza entzun ahal izango da… Eta azpimarratzekoa da Aziza Brahimek, Saharako musikari eta aktibistak, Oreka TXrekin emango duen kontzertua. Sarrerak 10 euroan daude salgai. “Saharara bideratuko dugu lortzen dugun diru guztia”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.