Jessica Guzman: “Herritarren laguntzari esker, zabalik segituko du harrera etxeak”

Jessica Guzman: “Herritarren laguntzari esker, zabalik segituko du harrera etxeak”

Aitziber Arzallus

Estualdia pasatuta, arnasa lasai har dezakete Malen Etxeko kideek. Arriskuan ikusi dute emakume etorkinei harrera egiteko Zestoan duten aterpea, eraikinean ezinbestean egin beharreko berrikuntza lanak ordaintzeko dirurik ez zutelako. Laguntza eskatu, eta herritarrek “bikain” erantzun dute: behar zituzten 3.000 euroak biltzea lortu dute. “Zoriontsu” daudela adierazi du Jessica Guzman elkarteko lehendakariak eta Zestoako aterpearen arduradunak (Santiago, Txile, 1962). Eskerrak eman dizkie lagundu dieten herritar eta eragile guztiei.

Zertarako behar duzue dirua?

Zestoako aterpea dagoen eraikinaren etxe aurrea berritzeko. Sei etxebizitzako bloke zahar batean dago, etxebizitza horietako bat da aterpe gisa erabiltzen duguna, eta etxepeko fatxada berritu behar dute, hezetasun handia sartzen delako barrura. 2.000 eurotik gora jarri behar ditu etxe jabe bakoitzak, eta Malen Etxeak ez zuen baliabiderik. Hortik sortu zitzaigun diru beharra. Baina, eraikinak bezala, etxebizitzak ere urte asko ditu, eta gabezia handiak. Horregatik, diru pixka bat gehiago eskatu genuen premiarik handieneko konponketak egiteko.

Aise bildu duzue dirua.

Bikain erantzun dute herritarrek eta eragileek, eta, haien laguntzari esker, zabalik segituko du aterpeak. Zestoako Bargaztak talde feministak, adibidez, 3.000 baietz! egitasmoa sortu zuen Malen Etxearentzat dirua biltzeko. Bonuak eta errifak saldu dituzte, eta lasterketa solidario bat ere antolatu dute.

Herritar askok diru bilketa kanpainari esker izango zuten Malen Etxearen berri…

Hala da, bai, eta azken asteetan jende asko etorri zaigu laguntza eskaintzera. Azpeitiko enpresa batek, adibidez, bere burua eskaini digu Zestoako aterpeko elektrizitate sistema berritzeko. Argindar kableatu guztia aldatu beharrean dago, eta geure kabuz ezingo genukeen egin.

Erakunde publikoen laguntzarik jaso duzue?

Ez.

Bestela, egunerokoan, nola finantzatzen duzue aterpea?

Izatez, Zestoako parrokiarena da etxebizitza, baina hutsik zegoenez, Malen Etxeari eman zion, aterpe gisa erabiltzeko baldintzarekin. Argindarraren eta uraren hileroko fakturak Elizak ordaintzen ditu, baina diru hori itzuli egiten diogu gero, urteko laguntza bat jasotzen dugulako horretarako. Aterpean hartzen dugun emakume bakoitzak 50 euro jartzen ditu hilean, eguneroko gastuetarako. Denen artean egiten dute erosketa, janaria denentzat prestatzen dute, eta etxeko lanetan ere denek parte hartzen dute.

Zer ezaugarri dituzte aterpean hartzen dituzuen emakumeek?

Zaintza lanetan aritzen dira ia denak, etxeko langile egoiliar gisa, eta oso baldintza eskasetan. Ez dute baliabiderik etxe bat alokatzeko, eta laguntza sozialak jasotzeko eskubiderik ere ez; lanik gabe geratzean ez dute izaten nora joanik.

Denborarekin aldatu al da babes eske datorkizuenen soslaia?

Bai, asko. Emakume helduak etortzen ziren hasieran, 40 urtetik gorakoak. Orain, ordea, oso gazteak etortzen dira, 18-20 urtekoak. Lehen, euren kasa etortzen ziren gehienak, baina, orain, ikusten ari gara Hondurastik eta Nikaraguatik, bereziki, beste modu batera etortzen direla. Bidaia txartela ordaintzen diete, eta etxeetan hartzen dituzte lana topatu arte. Zorra itzultzera behartzen dituzte gero, sekulako interesekin.

Gaur egun, zenbat emakume bizi dira Zestoako harrera etxean?

Hiru logela ditu etxebizitzak, eta haietako bakoitzean bi emakume sartzea aurreikusita dago, baina zazpi lagun bizi dira gaur egun. Duela gutxi, zortzi emakume egotea baimendu behar izan genuen, muturreko egoeran zeudelako; baina salbuespena izan zen.

Emakume asko ari dira iristen?

Bai, asko, gero eta gehiago, eta gero eta luzeagoa da sartzeko itxarote zerrenda, baina ez dugu baliabiderik guztiei laguntzeko.

Emakume etorkinak dira zaintza lanetan aritzen direnen %95 baino gehiago. Zer lan baldintza izaten dituzte?

Egunean 24 orduz lan egiten dute askok, atsedenik gabe, eskubiderik gabe eta erabat kontratatzailearen mende, eta oso soldata txikien truke.

Barneko langilea zara zu zeu ere.

Bai. Duela 11 urte iritsi nintzen Euskal Herrira, eta, ordutik, beti aritu izan naiz zaintza lanetan. Hala ere, pribilegiatua naizela esan liteke, egunean hiru orduko atsedenaldia baitut eta asteburuak libre izaten baititut.

Administrazioak zergatik ez du hartzen neurririk?

Komeni ez zaiolako. Ongizate sistema publikoak bermatu beharko lukeen zerbitzua ematen dugu guk, baina askoz ere merkeago. Arazo politiko bat dago hemen, duten garrantzirik ez zaielako ematen zaintza beharrei. Eta biztanleria zahartzen doan heinean, arazoa handitzen joango da. Beraz, uste dugu badela garaia zaintza mahai gainean jartzeko eta guztien beharrak eta eskubideak errespetatuko dituen sistema bat egituratzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.