Nekazaritza kultura kolorez janzten

Nekazaritza kultura kolorez janzten

Kerman Garralda Zubimendi

J osune Makaiak, Urola Garaiko Garapen Agentziako iraunkortasun teknikariak, hala erantzun du eskualdeko nekazaritzaren egoera laburbiltzeko eskatuta: “Argi dago azken hamarkadetako industria garapenak guztiz eraldatu duela nekazaritza eremua, eta, ondorioz, asko murriztu dela nekazaritzan ari diren pertsonen kopurua. Hala ere, nekazaritza jarduerak bizirik dirau, oraindik, baserrietan eta landa eremuetan, norberaren kontsumorako eta tokian tokiko merkatura bideratuta gehienetan”.

Bertan ekoitzitakoa bertan saltzea da egungo baserritarren erronka, eta horretara bideratu dute aurtengo Agenda 21 proiektua. “Uggasak eta Goimenek jada badugu Bertatik Bertara izeneko estrategia bat martxan, baina gehiago sakondu behar genuela ikusi genuen”, azaldu du Makaiak. “Ikusgarritasuna behar du nekazaritza kulturak, eta inguruko eragileekin sarea indartu behar da”.

Ikusgarritasuna bermatzeko ez dago irudia baino gauza hoberik. Horregatik, Fokatu Urola Garaia argazki lehiaketa egingo dute astelehenetik aurrera, eta horma irudiak egiten ari dira Legazpin, Urretxun eta Zumarragan. “Talde lanean egin ditugu muralak, hausnarketa prozesu baten ostean”, azaldu du iraunkortasun teknikariak.

Herri bakoitzeko hogei bat laguneko taldeak osatu dituzte, eta, Arantxa Orbegozo eta Nerea Linazasoro margolarien laguntzarekin, irudikatu beharrekoa zer eta nola egingo duten erabaki dute aurrena. “Legazpin, esaterako, Bikuña kiroldegiaren fatxadan egin dute horma irudia. Herri kirolak irudikatu dituzte, nekazaritza kultura eta kirola uztartuta: idi probak, aizkolariak, segalariak…”. Zumarragan, berriz, Urtubiko baratzeetan margotuko dute murala, eta Urretxun, Gainzuri ikastetxeko saskibaloi kantxan. “Urretxun jada hasiak dira prestaketa bilerak, eta datorren asteburuan margotuko dute. Zumarragan lotura eman nahi diete horma irudiari eta baratzeei, eta apur bat atzeratu dute margotzen hasteko data”, zehaztu du Makaiak. Zumarraga eta Urretxuko udaletxeekin harremanetan jarrita, oraindik badago aukera sortze prozesuan parte hartzeko. “Nekazaritza kultura ikusarazteaz gain, zenbait balio eta trebezia ere sustatu nahi ditugu: talde lana, irudimena, antolatzeko gaitasuna…”.

Alor teoriko bat ere badu Agenda 21 proiektuak. “Nekazaritza kulturaren inguruko ikerketak egin dituzte ikasleek, eta hartu beharreko neurri batzuk identifikatu dituzte ondorioetan. Eskualdeko udaletxeek jarriko dituzte martxan neurri horiek”, azaldu du Makaiak.

Urola Garaiko zazpi eskolak hartzen dute parte Eskola Agenda 21 proiektuan. Askotariko gaiak landu dituzte; besteak beste, Asiako liztorraren eragina, produktu bakoitzaren ekoizpen garaien ezagutza maila hazteko moduak, baserrien galerak zer ondorio eragiten dituen ingurumenean eta bioaniztasunean, emakumeek zer rol daukaten baserri munduan…

Lanketa prozesua

Makaiari garrantzitsua iruditzen zaio ikasleak nekazaritza mundura hurbiltzea, haren esanetan nekazaritzak zailtasunak baititu sektoreari segida emango dioten belaunaldiak topatzeko; jarraipena errazagoa litzateke Makaiak aipatzen duen sarea indartuko balitz: “Salmentak bermatzeko, lanketa sakonagoa egin behar dugu inguruko azokekin, denda txikiekin, eskoletako jangelekin…”.

Bitartekariak agertu zirenetik nekazarien eta erosleen arteko aldea handitu egin dela azaldu du iraunkortasun teknikariak, eta kontsumo ohiturak ere aldatu egin direla. “Molde berri horietara egokitu behar dira gure ekoizleak. Baina eskariaren eta eskaintzaren lanketa bat egin beharra dago horretarako”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.