Aretoa bete eta laguntza eman

Aretoa bete eta laguntza eman

Kerman Garralda Zubimendi

Ostiral iluntzea da, eta beteta dago Zumarragako Zelai Arizti aretoa. Pozik daude Arco Iris antzerki taldeko kideak, eta baita laguntza behar duten elkarteak ere. Zumarragako La Salle ikastetxeko ikasle, ikasle ohi eta gurasoek osatutako Arco Iris antzerki taldeak urtero egiten du antzezlan solidario bat: “Norbera bi bider betetzen du gustuko duzun hori era altruista batean egiteak”, azaldu du Iker Elduaien taldeko kideak. “Ez da dirua ematea bakarrik. Gure denbora ere eskaintzen diegu, eta ikusleak zerbait jasotzen du; oso aberasgarria da hori”, gaineratu du Conchi Garrido taldekideak.

Proyde Proega gobernuz kanpoko erakundeari eta Katxalin bularreko eta ginekologia arloko minbiziak eragindako Gipuzkoako emakumeen elkarteari lagunduko diete aurten —baita oraindik zehaztu ez duten beste elkarte bati ere—. “Hiru emanaldi eskainiko ditugu guztira”. Maiatzaren 17an taularatu zituzten lehen biak. “La Salle ikastetxearekin lotura zuzena duen Proyde Proega GKEari emango diogu lehen egunean sarreren salmentaren bidez lortutako diruaren erdia, eta laster zehaztuko dugun herriko kolektibo bati beste erdia”, azaldu du Mari Carmen Viedma taldekideak. Adibide gisa, aurreko urteetan elikagai bankuari, esklerosi anizkoitzak kalte eginikoei eta Markel Lopez tximeleta azala duen herriko gazteari eman zioten bildutako dirua. Gaurko irabazi guztiak, berriz, “elkarte handiago bati” ematea erabaki zuten. “Eta Katxalin aukeratu dugu aurten”. Taldeko kideen artean egiten dute hautaketa.

“Aurten, hamalau lagun ari gara parte hartzen emanaldietan, eta guztion artean egiten dugu dena: gidoia moldatu, eszenografia, jantziak…”, nabarmendu du Lurdes Longas Arco Iris taldeko antzezleak. Un tranvía sin raíles obra taularatu dute aurten (Errailik gabeko tranbia bat). “Antzezlanak irakurtzen ditut udan, eta gorde egiten ditut gustatzen zaizkidanak”, azaldu du Viedmak.

Mari Luz Cruz antzerkigilearen lan bat da Un tranvía sin raíles. “Berekin harremanetan jarri ginen gure asmoa adierazteko, eta berehala erantzun zigun, adeitasun handiz, gainera. Oraindik ere eusten diogu hartu-emanari”, adierazi du Viedmak. Umorezko obra horretan, askotariko turistek eta hoteleko langileek topo egingo dute hoteleko harreran. Nahasi egingo dira pertsonaien istorioak, eta beste ikuspuntu batetik jorratuko dituzte eguneroko kontuak. “Jarraitzeko erraza da obra, baina kaotiko samarra ere bai. Azken finean, halakoak gara gu ere; ongi pasatzen dugulako eta gustatzen zaigulako antzezten dugu. Ez gara profesionalak, eta nabaritu egiten da batzuetan”, azpimarratu du Elduaienek.

“Taula gainean trabatzen garenean, ez da ezer gertatzen. Inprobisatu eta aurrera egiten dugu”, kendu dio garrantzia Garridok. “Sarrerak bukatzen badira, hain gaizki egiten ez dugun seinale. Batzuek errepikatu ere egiten dute”, gaineratu du, txantxetan. Lehen emanaldian bete egin zen aretoa, eta aste hasieran sarrera gutxi batzuk besterik ez zen gelditzen gaurko emanaldirako. “Ikusle fidelak ditugu, eta eskerrak eman behar dizkiegu. Ardura da, baina baita motibazioa ere”, biribildu du Longasek.

Hogei urte taula gainean

Urte batzuetan bi antzezlan ere egin izan ditu Arco Iris taldeak, eta 30 bat taularatu ditu jada. Horri esker, esperientzia handiko talde bihurtu da, eta urrun ikusten dute 2000. urtean egin zuten lehen emankizuna. “Obra hasi aurreko urduritasunak, baina, ez dira joan”, dio Longasek. Ikasle asko igaro dira taldetik, eta, ikasketak amaitu arren, batek baino gehiagok jarraitzen du bertan.

“Haien emanaldi bat ikustera joan nintzen, eta taula gainera urratsa egin behar nuela erabaki nuen. Oso ongi hartu ninduten, eta horrela erraza da aurrera egitea”, oroitu da Elduaien, taldeko kiderik gazteenetako bat. Gazteek helduek baino lotsa gutxiago izaten dutela ziurtatu dute Garridok, Longasek eta Viedmak, eta friso artean erraz moldatzen direla. Urratsa egitea, ordea, gehiago kostatzen zaie. “Atzetik badatoz ikasleak, baina tira egin behar izaten diegu apur bat. Hasitakoan, baina, inor ez da damutzen”.

“Belaunaldi ezberdinen artean zubi lanak egiteko asmoa du taldeak”, hasi du azalpena Viedmak. “Askok antzerki taldeagatik ezagutzen dugu elkar. Hori ere nahi genuen: La Salle ikastetxeko ikasleak eta gurasoak elkartzea”. Halere, kosta egiten zaie aita direnak topatzea: “Bakarra dugu taldean, eta ez da ausartzen antzeztera. Gizonezkoak lotsatiagoak direla uste dut”, adierazi du Longasek.

Joan den apirilean hirurehun urte bete ziren San Juan Bautista de la Salle hil zela, eta haren omenez ekitaldi ugari prestatu du La Salle ikastetxeak; tartean, ikasleen arteko kidetzeak. Arco Iris taldeak ez du prestatu emankizun berezirik, baina gaurko antzezlanean gogoan izango dute urteurren hori ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published.