Kalea, kulturaren agertokia

Kalea, kulturaren agertokia

Unai Zubeldia

Donostia 2016k sortu zuen olatuaren gainean iritsiko da Olatu Talka egitasmoa, asteburu honetan, hamargarren ekitaldira. Gaurtik igandera, ia berrehun egitasmo izango dira Donostian, Kontxako erlojuetatik Aquariumerainoko espazioa erdigune bihurtuta. “Kultura, artea, musika… kalera atera eta hiritarren parte hartzea sustatzeko beharra sentitu zen Europako kultur hiriburutzarekin, bai eragile gisa eta baita ikusle edo parte hartzaile gisa ere”, azaldu du Maider Azurmendi Olatu Talkaren komunikazio arduradunak. “Eta, arrakastaren bidetik, urteotan jarraipena eman zaio erronka horri”.

Gaur egingo dute hasiera ekitaldia, 17:00etan, Erdialdean, Olatu Talka 10 gunean, eta hiru egunez izango da zer ikusi eta zerekin gozatu. “Urteotan lankidetzan aritu izan gara hainbat eragilerekin, eta horiek ez dira faltako”, adierazi du Azurmendik. “Jendeak badaki, gutxi gorabehera, Bulebarreko kioskoan zer ikusi ahal izango duen: dantza, flashmob-a, zumba… Horiek ere izango dira aurten, noski”. Baina, berrikuntzaren bidetik, besteak beste, Argiartean ikuskizuna goratu du Azurmendik. “Argi jaialdia izango da. EHUko Arkitektura Eskolako ikasleak eta Tabakalera elkarlanean aritu dira azkenaldian, eta hainbat instalazio egongo dira Loiolako Erriberan, Oroimenaren Lorategiaren inguruan”. Musika, poesia, dantza… Zirkuitu berezi hori barrutik bizi ahal izango da, gaur, 22:00etatik 01:00era.

Ondarreggae jaia izango da “beste apustuetako bat”. Eratu berri dute Basque Reggae elkartea, eta 13:00etatik 01:00era kontzertuak izango dira Ondarreta hondartzan jarriko duten karpa handi batean. “Hondartza denboraldiaren hasierarekin bat egingo du jaialdi horrek, eta hondartzaren eta itsasoaren erabilera arduratsua eta errespetua sustatzea da helburuetako bat”. 12:00etatik 18:00etara, Mercadabadillo bigarren eskuko merkatua ere izango da Ondarreta hondartzaren ondoko lorategian.

Auzoka-auzoka, ekitaldi ugari izango da hiru egunetan, baina, Azurmendiren hitzetan, aipagarria da Egiako pasabidean jada ikusgai dagoen erakusketa bat: “Hainbat emakume ilustratzaileren 44 lan egongo dira bertan. Hiriko gune kritikoetako bat da hori, eta balioa eman nahi diogu esku hartze aktibo batekin”. Ekainaren 17ra arte egongo da ikusgai.

Familia giroan gozatzeko planik ere ez da faltako Olatu Talkan. Izan ere, Jolas Kraterra egingo dute etzi, 11:00etatik 17:00etara, Intxaurrondoko Ametzagaina parkean. Yoga haurrekin, askotariko tailerrak, Lalala soinugelak eta Biurrun musika eskolaren kontzertuak… “Gurasoak eta umeak elkarrekin aritzeko jolasak, ekintzak eta dinamikak izango dira bertan”.

DJ emanaldiak, indartuta

Kontzertourri dagokionez, 50 kontzertu baino gehiago izango dira guztira. “Eta aurten, lehenengo aldiz, toki berezia egin diegu DJ emanaldiei, eta bereziki zaindu dugu emakumezko artisten kopurua”, zehaztu du Azurmendik. Basoka egitasmoak ere urteroko txokoa izango du Olatu Talkan, etzi, 12:00etatik 14:30era, Aiete eta Miramongo basoan. Bertaratzen direnek Jon Busselo, Iker Lauroba, Ane Leux eta Luke Armstrong artisten emanaldiez gozatu ahal izango dute.

Iaz nahikoa lan izan zuten eguraldi txarrarekin, baina, iragarpenen arabera, eguraldi ona egingo du asteburu guztian. “Horrek lagundu egingo digu, noski, Erdialdeko ardatz horretan antolatuta dauzkagun ekintza guztiak garatzen”. Azurmendik “gerturatzeko eta animatzeko” dei egin die herritarrei. “Egunero janari furgonetak egongo dira kaian, eta jateko eta edateko aukera izango da postu horietan”. Etzi egingo dute Boga! amaierako ekitaldia, 19:00etan, Kaiarriba plazan, Aquariumaren kanpoaldean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.