Zarautzen, Mutrikun eta Deban, sorospen zerbitzuak, esleitzeko

Zarautzen, Mutrikun eta Deban, sorospen zerbitzuak, esleitzeko

A. Arzallus

Donostian bihar hasiko dute hondartza denboraldia, eta, denboraz larri antzean ibili diren arren, bada okerrago dabilen beste herri bat: Zarautz. Han, nahita ere, ezingo diote bihar eman hasiera hondartza denboraldiari, hango udalak oraindik ez baitu gauzatu hondartzako sorospen zerbitzuaren esleipena.

Felix Zubia Urola Kostako Gurutze Gorriko lehendakariaren esanetan, udalak lehiaketa deitu zuen, baina hutsik geratu zen, aurkeztu zen enpresa bakarrak ez zituelako betetzen baldintzak. Orduan, Donostiako Udalaren prozedura berbera jarraituta, premiazko bigarren deialdi bat jarri zuen martxan, gonbidapen bidezkoa, eta hori ebazteke dago oraindik. Zubiaren arabera, udalak egunotan hartu beharko du erabakia, “aste honetan izan behar du”, eta berehala jakingo da nork eramango duen aurtengo osasun eta zaintza zerbitzua, haren arabera ekainaren 15ean emango baitzaio hasiera Zarauzko hondartza denboraldiari. Zarauzko Udalak aurreikusi du “datorren asteko bukaera aldean” egitea esleipena.

Badira antzeko egoeran dauden beste bi herri ere: Deba eta Mutriku. Bi herri horietako udalek ere ez dute jakinarazi nor arduratuko den hondartzetako sorospen zerbitzuez. Aldiz, lanak aurreratuago dituzte Orion, Zumaian, Hondarribian eta Getarian. Orion eta Zumaian Gurutze Gorriak eta BP-Xportek parte hartu zuten lehiaketetan, eta udalek BPXporten aldeko erabakia hartu zuten bietan. Horrenbestez, kirol zerbitzuak kudeatzeaz arduratzen den Hernaniko enpresa indartsu sartu da hondartzetako sorospenaren esparruan. Maiatzaren 18an egin zituen Donostiako, Orioko eta Zumaiako hondartzetarako sorosleak hautatzeko proba fisikoak, Donostiako Ondarreta hondartzan, eta aste honetan bertan bukatu ditu elkarrizketa pertsonalak. Oriori eta Zumaiari dagokienez, ez da izan inolako ziurgabetasunik langileen baldintzen inguruan, bi udalek lehiaketaren pleguetan jaso baitzituzten iaz sorosleekin hitzartutako puntuak, subrogazioa barne. Hala, Orion, hilaren 7an emango diote hasiera aurtengo hondartza denboraldiari; eta, Zumaian, hilaren 15ean hasiko dira.

Hondarribian eta Getarian, berriz, beste urte batez Gurutze Gorriaren ardurapean egongo da hondartzetako zaintza eta sorospen zerbitzua, iaz adostutako baldintzetan haietan ere. Bi herri horietan, hilaren 15ean hasiko dute hondartza sasoia.

Leave a Reply

Your email address will not be published.