Uda garaiko ‘lagun’ ezaguna

Uda garaiko ‘lagun’ ezaguna

Aitziber Arzallus

Egutegiak dio bi aste barru iritsiko dela uda, eta kostaldeko herrietan ari dira urtaro berrirako egokitzapena egiten. Barrualdeko herrietatik hondartza gosez doan jende oldea hartzeko prest dituzte zerbitzu eta azpiegitura gehienak, eta zenbait herritan piztu dituzte TAO makinak ere (Trafiko eta Aparkamenduaren Ordenamendua). Zarautz eta Orio izan dira horretan aurrenak, eta datozen egunetan gauza bera egingo dute beste guztiek, Gipuzkoako kostaldean ez baita herririk udako sistema hori ez duenik. Zumaia izan zen ezartzen azkena, duela bi urte, eta Oier Korta jarduneko alkateak “oso balorazio positiboa” egin du: “Herria ordenatuago ikusten da, eta nabarmen jaitsi da atzera eta aurrera bueltaka ibiltzen den auto kopurua. Definituta daude TAO guneak, eta egoiliarren guneak ere bai; aurrerapauso handia eta garrantzitsua izan da mugikortasunaren ikuspegitik”.

TAO sistema pixkanaka osatzen ari dira Zumaian: lehendabizi, herriguneko aparkalekuak arautu zituzten; eta sistema herri guztira zabaldu zuten gero. Iazko sistema bera izango du aurten. Hiru eratako aparkalekuak egongo dira herrian: errotazio handikoak, ertainekoak eta egoiliarrentzakoak. Zumaiarrek ordu eta erdian doan aparkatuko dute errotazio handiko guneetan; bisitarientzat, aldiz, aurreneko ordu erdia bakarrik izango da doakoa. Guztiek tiketa atera beharko dute. Egonaldi ertaineko guneetan ere, sei edo 11 orduz —gunearen arabera— doan aparkatuko dute zumaiarrek; eta ordaindu egin beharko dute bisitariek. Egoiliarrentzako aparkalekuak —lerro txuria dute eta E edo R hizkia— egoiliarrek soilik erabili ahal izango dituzte udako hilabeteetan. Bereizgarria izan beharko dute autoek, eta dagokion gunean aparkatu beharko du bakoitzak.

Zumaian lan egiten duten kanpotarrek egoiliarren txartela eskatu ahal izango dute aurten ere, baina datorren urtetik aurrera ez dute izango aukera hori, egoiliar gehiegi pilatzen delako alde zaharrean. Hango bizilagunen egoera hobetzeko helburuarekin, herrira lanera doazenei egoiliar txartela ukatzea erabaki du udalbatzak. Ondorioz, egonaldi ertaineko guneetan utzi beharko dute autoa, besteak beste, Axularreko eta GKN enpresa inguruko TAO guneetan. Kortaren esanetan, neurria 2020an aplikatzea aurreikusi dute.

Eta bada egungo alkateak beharrezko ikusten duen beste aldaketa bat ere: TAO sistema urte guztira zabaltzea. “Horren aldekoak gara gu, eta iritzi hori jaso dugu herritar askorengandik ere, baina ikusi egin beharko da zein asmo duen udal gobernu berriak”.

Bere aldetik, “orain arte egindako bidean sakontzen jarraitzeko prestutasuna” azaldu du Kortak, erregulazioak onura nabarmenak ekarri dizkiolako herriari. “Aldaketak eragin ditu herritarren ohituretan, herri barruan oinez eta bizikletarekin mugitzea sustatu du, eta guztion bizi kalitatea hobetu du”.

Orioko udako TAO sisteman, berriz, bada berrikuntza bat aurten. Bi eratako aparkalekuak bereizi dituzte lehenengo aldiz: urdinak —ohikoak— eta berdeak —pixka bat merkeagoak—. Hondartza inguruan bakarrik egongo da udako TAOa, eta autoan egoiliarren pegatina bereizgarria daramaten oriotarrek ez dute ordaindu beharrik izango han aparkatzeagatik.

Getarian, ekainaren 15etik uda denboraldia bukatu arte egongo da indarrean TAO sistema, eta portuko eta hondartzen inguruko aparkalekuei eragingo die. Zerbitzuaren ordutegian eta tarifetan ez da aldaketarik espero. Egunero egongo da martxan, 10:00etatik 20:00etara. Ordu erdia, 50 zentimo ordaindu beharko dute bisitariek; ordua, euro bat; eta egun guztia, hamar euro. Udaltzainei laguntzen ariko diren 11 langile hartu ditu udalak.

Zarautzen, berriz, irailaren 30era arte egongo da martxan udako TAO sistema, astean zazpi egunez, 09:00etatik 20:00etara, eta iaz bezala funtzionatuko du. Hiru motatako aparkalekuak egongo dira: urdinak, araututako gune normaletan; zuri-urdinak, errotazio handiko guneetan; eta zuriak, egoiliarrentzako guneetan. Gune urdinetan eta zuri-urdinetan aparkatzeko, beti atera beharko da txartela. Bereizgarria duten autoek bakarrik izango dute eskubidea egoiliarrentzako guneetan aparkatzeko, eta 24 orduz zainduko dituzte gune horiek.

Horiez gain, aurten ere, udaldirako aparkaleku bereziak prestatu ditu udalak. Kortazar, Eguzki Izar eta Mitxelena kaleko partzeletan egongo dira, TAO bigunarekin. Egun osoa, bost euro kostako da; eta lau orduz aparkatzea, 2,5 euro.

Aparkaleku turistikoak

Zarauztar asko autoa aparkatzeko lekua bilatu ezinik ibiltzen dira udan, eta herriko zenbait pentsio, hotel eta apartamentu turistikok erreserbatutako aparkalekuak dituzte kalean. Marra horiz inguratutako gune horiek R bat dute erdian, eta tentekako seinale urdin bat alboan, jabearen izenarekin. Garabitxoaren ikurra ere ageri da batzuetan, norbaitek autoa han utziko balu garabiak eramango liokeela ohartarazteko. Azken egunotan, hainbat zarauztarrek turistentzat erreserbatutako aparkaleku horietako batzuen argazkiak erakutsi dituzte Twitter bidez, herrian halako aparkalekuak ugaritzen ari direla salatzeko. Udalak ez du egin nahi izan gaiaren inguruko adierazpenik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.