Herri oso bat izate bakarrean

Herri oso bat izate bakarrean

Kerman Garralda Zubimendi

E kintza gutxik islatzen dute batasun irudia besarkada batek baino hobeto. Hurrengo ostegunean, Errefuxiatuen Nazioarteko Egunean, indar hori baliatuko dute Ordizia Kolore elkarteak eta Dar-dar gizarte ekimeneko kooperatibak, errefuxiatuei babesa adierazi eta mezu solidario bat zabaltzeko.

11:00etan da ekitaldia, Barrenako parkean, Tolerantziaren Zuhaitzaren inguruan. “Ordiziako eragile askoren artean landatutako zuhaitza da, eta sinbolismo berezia du guretzat”, azaldu du Ainara Ormaetxea Ordiziako Udaleko Migrazio eta Aniztasun Saileko teknikariak. “Bertatik, lau adarretan banatuta, giza katea egingo dugu herriko kaleetan barrena, eta plaza nagusian elkartuko gara berriz ere. Adar guztiak kiribilduz joango gara plazaren erdialdean, denok besarkada erraldoi batean bat egin arte”. Errefuxiatuen egoera salatzen duen manifestu bat irakurriko dute amaieran, eta gogoan izango dituzte datuak hartzen hasi zirenetik bidean hil diren 35.000 migratzaileak. “Identifikatutakoak soilik dira horiek; pentsa zenbat izango diren denera!”.

Ormaetxearen esanetan, “zaila” da errefuxiatuak identifikatzea, nahiz eta badakiten Ordizian “bakarren bat” badagoela. “Aldiz, immigranteei dagokienez, Euskadin antzeko ezaugarriak dituzten herrien batezbestekotik gora dago Ordizia”, baieztatu du teknikariak. “Euskadin, eta Gipuzkoan bertan, herritarren %9 baino apur bat gehiago dira immigranteak, eta Ordizian, %17,4”.

Baina zergatik dago hainbesteko aldea? “Galdera garrantzitsua da hori, eta askotan egiten diogu geure buruari. Baina etorkinei ezin diegu zuzenean galdetu ea zergatik etorri diren Ordiziara”. Halere, bi arrazoi nagusi identifikatu dituzte haiekin izandako harremanetan: “Alde batetik, sarea. Elkarri laguntzeko ahoz ahoko sareak sortzen dira beti migrazio fenomenoa izaten denean; eta, bestetik, etxebizitza lortzeko erraztasuna. Egoera kaskarragatik, etxebizitza huts merke asko ditugu herrian”, argitu du Ormaetxeak.

Errefuxiatuak hartzeko protokolo bat ere badauka Ordiziak. “Siriako errefuxiatuen auzia pilpilean zegoenean, udalak bi etxebizitza prestatu zituen errefuxiatuak artatzeko. Halere, adostutako kupoak ez ziren behar bezala bete, eta ez zen inor etorri herrira”, nabarmendu du teknikariak. “Errefuxiaturen bat etortzen bada, dena den, aterpeak prest daude”.

“Ordiziaren kasuan, ghettizazioa ez da joera orokortua, baina bereziki etxe zaharragoak eta merkeagoak dauden auzoetan pilatzen dira immigranteak”, ohartarazi du Ormaetxeak. “Errealitate paralelo asko ditugu herrian, eta, oraindik, lan asko daukagu egiteko”.

Ormaetxearen ustez, bide horretan ezinbestekoa da herritarren arteko sareak osatzea, eta, adibide gisa, laster abiatuko dute Ongi Etorri Eskolara proiektua: “Eskolako harremanak sortzeko eta sendotzeko espazio natural bat da, eta halakoak baliatu behar ditugu. Kasu honetan, familia lagunak sortuko dira etorkinei eskolaren inguruko informazioa iritsarazteko eta herrian integratzen laguntzeko”.

Teknikariak azaldu duenez, “etorkinen ezegonkortasuna” da immigrante horien eta herritarren arteko sare indartsu bat sortzeko zailtasunik handienetakoa. “Aurrerapen handia lortzen dugu hainbatekin: euskara ikasten hasten dira, herri dinamikak ezagutzen dituzte, inguruko gizarte baliabideak zein diren… Baina paperak lortzeko zailtasunagatik eta lanaren prekaritateagatik, askoren migrazio prozesua ez da amaitzen Ordizian”.

Emakumeen egoerari arreta

Luzea eta gogorra izaten da migrazio prozesua, eta are luzeagoa eta gogorragoa emakumeentzat. “Emakume askok Falopioren tronpak mozten dituzte euren jatorrizko herrian, badakitelako bidean bortxatu egingo dituztela eta haurdun gera daitezkeela. Edo bikotekide bat topatzen dute bidea egiteko, babestuago egoteko”, azaldu du Ormaetxeak. Errealitate gordin hori ezagutarazteko ere baliatu nahi dute Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna. Ordiziarren enpatia lortu nahi dute migratzaileen bizipenak lehen lerrora eramanda.

“Ez dira asko, baina gertatzen dira mikroarrazakeriak ere, horren ikusgarriak ez diren portaera arrazistak”, salatu du teknikariak. Jokamolde “sotil baina deitoragarri” horiek ezabatzeko, ezinbestekoa da kontzientziazio lana. Besarkada erraldoiaz gain, urtean zehar ere integrazioa bultzatzen duten ekitaldi ugari antolatzen dituzte Ordizia Kolore eta Dardar elkarteek.

“Esaterako, urtero antolatzen dugu Koloreen Azoka eta topaketa gastronomiko bat. Errefuxiatuen Nazioarteko Egunean ere urtero egiten dugu ekintzaren bat. Maiatzean Durangon egin zuten besarkada gurera ekartzea erabaki dugu aurten”, zehaztu du Ormaetxeak. “Indar handia dauka Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak, eta jende asko elkartzen da haien ekintzetan. Indar hori lortu nahi dugu guk ere, eta bide horretan ari gara lanean”. Antolatzaileen kalkuluen arabera, laurehun bat herritarrek parte hartuko dute osteguneko besarkadan. “Eragile askok baieztatu digute parte hartuko dutela, eta Jakintza eta Urdaneta eskoletako ikasleak ere etorriko dira”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.