Hiri eredua jokoan

Hiri eredua jokoan

Julen Aperribai

Irunen, datozen hamarkadetako bilakaera baldintzatuko du Hiria Gara proiektuak. Hala baieztatu du udalak berak, eta bat dator Iker Eizagirre Hiritik At kooperatibako kidea: “Hiria bitan banatu duen espazio batez ari gara hizketan; eta sustatu nahi dugun garapen ekonomikoaren ereduaz”. Kooperatibak proiektuaren jarraipena egin du, eta parte hartze saio batean ere izan zen, baina prozesua “nahikoa kanpotik” jarraitu behar izan dutela azaldu du Eizagirrek. Halabeharrez, dioenez: “Saio parte hartzailea zen berez, baina informatiboa izan zen batez ere. Han izan ginen, baina entzun besterik ez genuen egin”.

Proiektuak zuzenean eragingo dio Irungo San Migel auzoari, eta hango auzo elkartearekin harreman zuzena izan du Hiritik At kooperatibak. Elkarrekin osatu dute auzo plana. Hiria Gara proiektuaren inguruko lanketa bat ere egin zuten, eta kontuan hartu beharreko zenbait elementu identifikatu zituzten. Proiektuaren prozesuan horiek txertatzeko zailtasunak dituztela adierazi du, ordea, Eizagirrek. Iritzi hori zabalduta dago hiriko hainbat elkarte eta eragileren artean: “Eragingo duen eraldaketarako, ez dira kontuan hartzen ari auzo elkarteen, eta, orokorrean, herriko eragileen hitza; hori da kritika nagusia”.

Irun “gune ekonomiko berri” bihurtzeko saiakeraren barruan kokatu du Eizagirrek proiektua; betiere, garapen ekonomikoa “gaur egun exijitzen diren baldintzetan” gauzatu dadin. Bilakaera historikoari erreparatuta, Hiritik At-eko kideak logikotzat jotzen du udalak garatu nahi duen proiektua. “1993ra arte, logistikatik, eta, batez ere, aduanaren inguruan sortutako errealitatetik bizi zen hiria. Hori dena jausi egin zen, ordea, eta, geroztik, ildo ekonomiko oso markatu bati erantzuten dio hiriak”.

Arduradunen esanetan, mugikortasuna erraztu eta beste herrialde batzuekin Irunek izango duen lotura indartu nahi du proiektuak, eta horrek batez ere atzerriko enpresen eskaerari erantzuten diola uste du Eizagirrek. Estrategia horren barruan ikusten du proiektuak abiadura handiko trenari emango liokeen bultzada ere, baina ez du uste trenaren iritsierak Irun biziberritzeko balioko duenik, proiektuak dioenaren kontrara: “AHTak, ziurrenik, jendea erakarri baino gehiago, kanpora eramango du, lan egiteko beste eremu batzuekin konektatuko duelako hiria, izan Donostiarekin, Madrilekin edo Bartzelonarekin. Irunek ez dauka gaitasunik hiri horiekin lehiatzeko”.

Proiektua garatuko duten eremuaren kudeaketaz ere “ezer gutxi” hitz egin dutela salatu du Eizagirrek. Eremuaren zati handi bat publikoa izango dela ziurtatu du udalak, baina eremu publiko horren kudeaketa enpresa pribatuen esku gera daitekeela ohartarazi du. Era berean, gaineratu du han jarriko dituzten lokalak “saltoki handien esku” gera daitezkeela, kokalekuagatik ez baitie prezio merkea aurreikusten.

Aukera galdua

Eizagirrek “ziurgabetasuna eta beldurra” nabari ditu Irungo hainbat eragileren artean. Haren arabera, “sintomatikoa” da jende askok oraindik ez jakitea Hiria Gara zer den, “kontuan hartuta zer-nolako eraldaketa ekarriko duen”. Eztabaida publiko sakonago baten beharra nabari du Hiritik At-eko kideak. Izan ere, ez du uste eztabaida publikora atera diren gaiek proiektuaren zutabe nagusiak baldintza ditzaketenik.

“Oso positiboa da udalak erabilgarri ez zegoen inguru batean esku hartzea, baina beste kontu bat da zertarako erabiltzen den gaitasun hori eta zer prozesuren bidez erabakitzen den zer egin”, azaldu du Eizagirrek. Onartu du trenbideak banatzen dituen auzoen arteko barne konexioa hobetu dezakeela proiektuak, baina bestelako garapen eredu baten alde apustu egiteko aukera galdu den sentsazioa du aldi berean: “Eskualdean badira ekonomia sozial eraldatzailean eta kooperatibismoan lan egiten duten enpresak, eta egin zitekeen horien aldeko apustua, bertan egingo den eraldaketa urbanistikoak mesede egin diezaien lurraldearekiko konpromisoa duten enpresei”.

Etxebizitza eskaintzan ere “eredu desberdin bat” landu daitekeela uste du Eizagirrek: “Ez da hitz egiten lurzoru publikoa mantentzeaz, eta udalak lurzoruen jabetza behar du etxebizitza eskubidea bermatzeko. Etxebizitza eredu berrien aldeko saiakera egin zitekeen, gainera, baina ez dirudi hala izango denik”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.