Ur gazietan topatu du jana eta gozamena

Ur gazietan topatu du jana eta gozamena

Asier Perez-Karkamo

Lanbidez, ur gezatan ibiltzen da: igeriketa irakaslea da Hondarribiko Hondartza udal kiroldegian. Baina itsasoko gazitasuna maite du gehiago Beñat Olazabal hondarribiarrak. Urpeko arrantzalea da afizioz, tutua ahoan eta urpeko fusila eskuan ibiltzen diren horietakoa. Lanak ez dio uzten nahi bestetan itsasora ateratzen, “urtean 150 egunetan-edo bakarrik”, baina bi mila urperatze inguru egin ditu dagoeneko. Arrantzarako janzten du neoprenoa, baina naturaz gozatzeko ere bai; gozatzeko batez ere. Egona baita arrain artean liluratuta, fusilarekin tirorik egiteko batere asmorik gabe.

Arrantza selektiboa egiten duela argitu du. “Helduak baino ez ditugu arrantzatzen”. Eta arpoiarekin egiten dena ekosistemari min txikiena eragiten dion modalitatea dela ziurtatu du: “Tiro bat, arrain bat; asmatzen baduzu, noski”. Halere, badituzte muga batzuk, Aztiko zientzialariek ezarritakoak: pertsona bakoitzeko egunean bost kilo, olagarro edo txoko bat gehienez, espezie bakoitzaren gutxieneko neurria… “Kilo gutxi iruditzen zait, baina errespetatzen dugu. Etxerako izaten dira harrapatzen ditugunak, edo trukerako; auzokoei arraina eman, eta baserriko produktuak trukean jaso. Bi edo hiru joaten gara normalean, eta bost kilotik gorako arrainen bat hartzeko aukera izaten dugu horrela”.

Olazabalen arabera, ez dira asko Jaizkibelgo itsasertzean arpoiarekin arrantzatu daitezkeen espezieak: muxarrak, lupiak, durdoak, pintoak, olagarroak… Baina konforme dago, arrantzatzea bezainbeste gustatzen baitzaio uretan murgiltzea: “Gustuko dut arrantza, baina itsasoaren gozatzailea naizela esango nuke gehiago. Ur azpian zerbait polita ikusten badut, paisaia, animaliak… disfrutatu egiten dut”.

Behin baino gehiagotan gertatu izan zaio arrainez inguratuta egotea eta fusila albo batera uztea. Bereziki gogoratzen du horietako bat, Ekuadorreko Manta eskualdeko Manabi probintzian gertatutakoa: “Oroimenean gordea dut. Ez zen izan oso jaitsiera sakona, 16-18 metro. Jaitsi, eta ehunka espezietako milaka arrain zeuden han; izugarria zen, sinestezina. Ez nuen tirorik egin: txundituta geratu nintzen begira. Ez dakit zenbateko apnea egin nuen ere; ez nuen igo nahi barkura”.

Handienak, Ekuadorren

Olazabalek Ekuadorren lortu ditu alerik handienak, han ez dagoelako Euskal Herriko mugarik. “Seriolak, wahooak, mero tropikalak, akulak… horiek dira gehien arrantzatzen direnak. Laurehun kilora irits daiteke meroa, baina nik ez dut ikusi halakorik, eta ez da nire arrantza gogokoena, behi bati tiro egitea bezalakoa delako. Nik nahiago dut zaila izatea, bila joan behar izatea”. Horrela harrapatu zuen, esaterako, argazkiko berrogei kilotik gorako pargo beltza, edo 48 kiloko meroa.

Udan hirugarrenez itzuliko da Erdialdeko Amerikara. Ez da harritzekoa, jakinda zer bizi izan duen han: “Marrazo baleak ikusi izan ditut han, eta baten gainera igo nintzen. Baleak ere oso gertu izan ditut, xibartak; behin hegatsa mugitu zuen batek, eta handik metro batzuetara bidali ninduen”. Baleekin beldurra pasatu zuela aitortu du: “Ez zara ezer haien ondoan”.

Hain urrutira joan gabe, etxetik gertu ere ibili izan da arrain handiekin, marrazo erraldoiarekin azkena; arrainik handienetan bigarrena da, marrazo balearen ondoren. Orain bi aste, Zokoan (Lapurdi) jardun zuen sei metroko ale baten ondoan urpean igerian. “Eta izurdeekin ere ibili naiz aurten”, kontatu du; Jaizkibel parean ikusi zituen, eta barkuarekin hurbildu zen. “Jaten ari ziren, eta horrelakoetan ez dira izutzen”. Hala, uretara salto egin zuen, eta denbora bat pasatu zuen izurdeen artean jolasean. “Grabatu eta Facebookera igo nuen. Gero, etxean, telebista jarri, eta harrituta gelditu nintzen grabatu nuenarekin”.

Hamabost urtean bizipen ugari gorde izan ditu Olazabalek. “Juan Mari Berazierto eta Jokin Navarrorekin horietako pila bat; asko zor diet biei”. Urpekaritzako bere lehen irakaslea izan zen Navarro, orain hamabost urte. Eta Beraziertorekin ikasi zuen arpoiarekin arrantzatzen; egungo abentura kide du, gainera. Une ahaztezinak bizi izan ditu biekin.

Une txarren bat ere izan du hamarkada eta erdiko ibilian. “Pare bat, gaztea nintzenean; denborarekin ikasi egiten da”. Baina bada ahaztu nahi bai baina ahaztu ezin duen beste zerbait, neoprenoa janzten duen guztietan ikusten duena: itsas zaborra. “Plastikoa, batez ere. Joaten garen bakoitzean ekartzen dugu plastikoa, eta profesionalak dira okerrenak; kutxa handi bat jaso nuen atzo bertan, barku batetik botatakoa”. Plastikoaren kontrako astea aprobetxatu du mezua zabaltzeko: “Errespetua zor zaie itsasoari eta naturari. Guk eman behar dugu lehen pausoa, itsasoan ibiltzen garenok. Gure lanaren parte da itsasoa zaintzea. Gure ondorengoei zer-nolako natura utziko diegu bestela?”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.