Heriotzak irakasten du bizitzen

Heriotzak irakasten du bizitzen

Aitziber Arzallus

Txanpon beraren bi aldeak dira bizitza eta heriotza; bata ezin da ulertu bestea gabe. “Heriotzak ematen dio zentzua bizitzari”, Iñaki Arregi Izan-en ustetan (Elgoibar, 1973). “Heriotzari aurrez aurre begiratzen dionak, hilko dela onartua duenak, bizi egingo du bizitza; besteek, iraun egingo dute”. Ondo ikasia du lezioa, heriotza izan baitu irakasle bizitzaren eskolan.

Arregi halabeharrak bultzatu zuen heriotzaren inguruko lanketa egitera. Gertuko baten galerak eragindako mina arintzeko tresna bila hasi zen, dolua landu zuen, heriotzaz gogoeta egin, eta baita hura onartu ere. Bizitza ikusteko modua aldatu dio heriotza “naturaltasunez” hartzeak. “Bizitzako lehentasunak aldarazi dizkit kontzientzia hartzeak; orain badakit zer den garrantzitsua eta zer ez”. Eta egunez egun bizi du bizitza. “Inork ez dezala pentsa heriotzaren zain nagoenik; alderantziz, iritsiko dela jakiteak une bakoitza gogotsuago bizitzeko indarra ematen dit”.

Baina, oro har, beste jarrera bat du gaur egungo gizarteak. “Heriotza tabua da. Hilko garela badakigun arren, hilezkorrak bagina bezala bizi gara. Ez dugu heriotzaz hitz egiten, eta norbait hasten denean, beste hizketagai bat ateratzen dugu, aipatze hutsarekin erakarri egingo ote dugun beldur”. Arregiren iritziz, heriotzaren inguruko beldurrak eta zalantzak areagotu besterik ez ditu egiten isiltasun horrek. “Adierazten ez ditugun arren, izan, baditugu. Eta, gero, norbait hiltzean, inork ez daki zer esan edo nola jokatu”.

Heriotzaz lasai hitz egiteko espazioak sortzea beharrezkoa irudituta, Arregik eta haren lagun Manex Beristainek (Azpeitia, 1977) Death Cafe saioa antolatu zuten duela hilabete batzuk, Azpeitian. Kafe baten bueltan egiten diren tertulia informalak dira, parte hartzaile kopuru mugatua daukatenak, “giro goxoa eta intimoa mantentzeko”. Ez da haiek asmatutako formula bat; Bernard Crettaz soziologo suitzarrak asmatu zuen Cafe Mortel kontzeptua, 1989an, eta hark antolatu zuen lehen saioa ere, 2004an, emaztea hil eta gutxira. Jon Underwood Londreskoak garatu zuen, ordea, ideia, eta hark sortu zuen Death Cafe mugimendua. 2011n antolatu zuen lehen saioa, Londresen, haren ama Sue Barsky Reid psikologoaren laguntzarekin, eta, sare sozialei esker, laster hasi zen beste herrialde batzuetara zabaltzen. Duela bi urte hil zen Underwood, baina Death Cafe mugimenduak bizi-bizirik jarraitzen du, eta dagoeneko 65 herrialdetan baino gehiagotan antolatu dituzte heriotzaz hitz egiteko tertuliak. Euskal Herrian, duela bi urte egin zituzten lehendabizikoak, Zarautzen eta Gasteizen. Harrezkero, Gipuzkoako dozenatik gora herritan egin dute gauza bera: Donostian, Azpeitian, Zumaian, Orion, Zumarragan, Azkoitian…

Zarautzen 11 egin dituzte dagoeneko; Azpeitian, laugarrena egitera doaz, eta hilaren hasieran egin zuten lehendabizikoa Azkoitian. Maider Etxeberria psikologoarena (Azkoitia, 1975) eta haren lagun batena izan zen Azkoitikoa antolatzeko ekimena. “Neuk, maila pertsonalean eta profesionalean, denbora pixka bat badaramat heriotzaren eta haren inguruko gaiak lantzen, eta herrian heriotzaz hitz egiten hasteko modu ona iruditu zitzaidan Death Cafe saio bat egitea”. Ez zekiten herritarrak tertulian parte hartzera animatuko ote ziren, baina laster uxatu zitzaizkien zalantzak. “Jendea segituan hasi zen deika, eta lehen saioan parte hartu ezinik gelditu ziren batzuk, hamabost laguneko muga jarri genuelako”. “Oso esperientzia aberasgarria” izan zela adierazi du Etxeberriak. Era guztietako jendea elkartu zen: 60 urtetik gorako emakumeak, gazteagoak, ikasketengatik edo lanagatik heriotzarekin harremana duten ikasle eta profesionalak, heriotza gertu bizi izan dutenak… “Izena emateko deitu zidatenean, entzutera bakarrik joango zirela esan zidaten gehienek. Baina, gero, jendea asko ireki zen; barruan zituztenak atera zituzten, eta oso energia ona sortu zen gure artean”. Hilero elkartzekotan gelditu ziren, eta, ziurrenik, uztailaren 16an egingo dute hurrengo saioa. Beste talde bat ere osatuko dutela aurreratu du Etxeberriak.

Lanketa zabalagoa

Arrakasta izan dute Azpeitiko orain arteko saioek ere. “Berezia izan da saio bakoitza; aurrekoekin alderatuta, oso desberdina”, adierazi du Arregik. “Saioetan, berez, ez da terapia egiten; baina terapeutikoak izaten dira norberarentzat”. Heriotzaz hitz egin arren, parte hartzaileak sartu baino askoz hobeto ateratzen direla ziurtatu du Arregik. Batzuek errepikatu egin dute esperientzia. “Baina ikusten ari gara pixkanaka aldatzen ari dela parte hartzaileen profila, gero eta gazteagoak etortzen baitira”. Hori bai, hartuko lituzkete gizon gehiago ere. “Garapen pertsonalaren esparruan, aurretik doaz emakumeak, eta tertulia hauetan argi ikusten da hori”. Gutxi izanagatik, badira batzuk, hala ere. Zarautzen, esaterako, gizonentzako Death Cafe saioa egin zuten maiatzean, Toka gizon taldeak antolatuta.

Heriotza naturaltasunez hartzeko bidean, urrats bat baino ez da Death Cafe. “Heriotzaz hitz egiteko prest dauden herritarrak ezagutzeko modu bat da. Hasieran, tertulietan hitz egingo dute heriotzaz, baina helburua da pixkanaka kalean ere gaia naturaltasunez tratatzea”, dio Arregik. Horretarako, heriotza lantzeko bestelako jarduerak gauzatzea ere beharrezkotzat jo dute biek. Azkoitiarrak aitortu du herriko ikastetxeetan heriotza lantzeko zerbait egin nahiko lukeela datorren ikasturtean. “Umeei interesa pizten die heriotzak, eta, gainera, helduok baino naturaltasun handiagoz hartzen dute, ez baitaude jabetuta gizarteak gerora ezarriko dizkien mugez”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.