Hurrengo kolorearen zain dago arrosa

U. Zubeldia

Aldaketa urtea izango da aurtengoa. Azken bost urteotan San Juan izan da nagusi Euskotren ligan —Zumaiak irabazi zuen 2012an eta 2013an, Getaria-Tolosak 2011n, Gipuzkoak 2010ean eta Galiziak 2009an—, baina, zuzendaritzarekin izandako gorabeherak tarteko, taldea uztea erabaki zuten batelerek. Iazko azaroan sortu zen ekaitza Pasai Donibanen, arraunlariek komunikabideetara ohar bat bidali baitzuten. Igoerako kanporaketa irabazita, ordurako Euskotren ligara igota zegoen Donostiarra, Hondarribiaren kaltetan.

San Juanek utzitako hutsunea betetzea izan zen ligaren hurrengo eginbeharra, eraberritze lan betean murgilduta San Juanek martxoan uko egin ziolako maila gorenean lehiatzeari. Orduan iritsi zitzaion gonbidapena Hondarribiari, “ezustean”, Iker Cortes taldeko entrenatzaileak azaldu duenez. Iazko egiturari eutsita, Emakumeen Traineru Elkartean aritzekoak ziren hondarribiarrak. “Eta, Euskotren ligaren eskaintza onartuta ere, fitxaketa handirik ez egitea erabaki genuen”. Uda igarota, bederatzi hutsune izan zituen taldeak eta sei fitxaketa egin ditu, Nerea Perez San Juanen aritutako patroia tartean. “Ondo ibiliko gara itsasoan, baina oso argi daukagu helburua: Euskotren ligan jarraitzea”.

San Juanek pauso bat atzera emanda, Oriora begira jarri dira gehienak. “Faboritoak garela dirudi, bai”, onartu du Xanti Zabaletak, Orioko entrenatzaileak. Sei hutsune eta sei fitxaketa, iazko arraunlari kopuru berbera izango du Zabaletak. “Baina egia da jauzi kualitatibo txiki bat eman dugula”. Maria Piñeiro eta Leire Alcala dira fitxatuetako bi. Faborito izaera hori “ondo kudeatzea” izango da zailena entrenatzailearen hitzetan. “Antsietatea sortzen du horrek, eta, ondo kudeatu ezean, ez da erraza izaten helburuak lortzea”. Euskotren ligako beste hiru taldeak “oso kontuan hartzekoak” direla azpimarratu du Zabaletak. “Baina ea gai garen gurea emateko, ez lotzeko”.

Eta Orion eta Hondarribian bezala, Donostian ere saltsa sortuko du Euskotren ligak, hiriko bi talde ariko direlako lehian: Arraun Lagunak eta Donostiarra. Iaztik, bi hutsune izan ditu Arraun Lagunak-ek, eta sei arraunlari berri iritsi dira, hiru fitxaketa tartean: Aiora Belartieta, Judith Llanes eta Lorena Garcia. Sei berritasun ditu Donostiarrak ere, hiru fitxaketa tartean: Irene Arbeo, Laura Goldaraz eta Belen Garcia.

Orio estutzeko helburua

“Gustura” dago Patxi Olabe Arraun Lagunak-eko entrenatzailea. “Iaz baino hobeto ari gara fisikoki eta bloke gisa. Orio da faboritoa, baina saiatuko gara estutzen, eta, zergatik ez, iaz Ondarroan egin bezala, banderaren bat irabazten”. Agustin Etxebeste da Donostiarra taldeko entrenatzailea, eta “gainerakoak baino justuago” dabiltzala onartu arren, “hobetzeko tarterik handiena” ere eurek dutela azpimarratu du. “Asteburura arte aulki mugikorrean ariko dira gure arraunlari asko, eta larri samar iritsiko gara”. Hori bai, Etxebeste ziur dago Hondarribia eta Arraun Lagunak adina badirela. “Eta ea lortzen dugun Oriorengandik gehienez hamar bat segundora ibiltzea”.

Hurrengo larunbatean hasiko da lehia, Santanderren (Espainia), eta Lekeition (Bizkaia) ariko dira biharamunean. Abuztuaren 18ra arte, hamalau estropada puntuagarri izango dituzte guztira, eta irailaren 14an eta 15ean izango dira igoerako kanporaketak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.