Ohorezko txanda, jomuga eta utopia

Ohorezko txanda, jomuga eta utopia

Unai Zubeldia

Amaitu dira testak, aldaketa garaiak, neguko estualdiak eta lehorreko buruhausteak. Bihar hasiko da hamabi asteburuko denboraldia, Bilbon, Eusko Label ligako lehen estropadarekin (18:00). Urtero bezala, hamabi talde ariko dira lehian liga nagusian, eta gipuzkoarrak izango dira lau: Hondarribia, Orio, Donostiarra eta San Pedro. Oso gora begira daude lehen hirurak, eta azken bi postuei ihes egitea da pasaitarren erronka.

 

1. Aurreko denboraldiarekin alderatuta, zer aldaketa izan dituzue taldean?

2. Zer helburu dauzkazue denboraldi honetarako?

3. Nola ikusten dituzu aurkariak?

4. Zerekin geldituko zinateke gustura denboraldiaren amaieran?

5. Aldaketen artean, aurten, semaforo bidez hasiko dira estropadak. Zer iritzi daukazu?

JOXEMI ELDUAIEN

Hondarribiko presidentea

“Irailera aukera guztiekin iristea da helburua, bai ligan eta bai Kontxan”
1

Agoitz Irazokik bakarrik utzi du taldea; Julen Castrillon itzuli egin da taldera, eta Zierbenatik etorri da Adrian Gonzalez —lehen taldean ariko da Beñat Amunarriz harrobiko gaztea ere—. Ona da taldeak bere horretan jarraitzea, nahiz eta batzuetan pizgarri izaten den arraunlari berriak iristea.

2

Gauza bera esaten dugu urtero, baina irailera aukera guztiekin iristea da gure helburua, bai ligan eta bai Kontxako Banderaren bigarren igandean. Bakarrak irabazten du gero, baina ea gai garen borroka horretan sartzeko.

3

Donostiarrak, esaterako, oso emaitza onak lortu ditu, baina neguko jaitsieretan jada ikusten zen oso ondo zebilela; Orion, adibidez. Urdaibai, Hondarribia… hor egon beharko genuke azken urteotan goian ibili garen taldeek. Zierbenak ere bai, eta argi dago urtero-urtero gora egiten ari dela Santurtzi ere. Goi mailan dago jada. Batzuek uste zuten Oriok zertxobait behera egingo zuela aurten, hutsune asko izan dituelako, baina izugarrizko maila eman du neguko probetan. Gero eta talde gehiago ari dira sartzen goiko borroka horretan.

4

Bai Kontxan eta bai ligan finaletara hainbat aukerarekin iristen ari gara azken urteotan, eta erronka hori daukagu berriz ere, nahiz eta ez den erraza izango.

5

Hobekuntzarako tresnak dira kronometroak, eta, nire ustez, zuzena da helburua. Aukera bat eman beharko zaio; probatu egin beharko dugu, behintzat.

IBON HUEGUN

Orioko presidentea

“Ez da iazkoa bezain talde zabala, baina gosez daude berri asko”
1

Zortzi hutsune izan ditugu denera; gure kasuan, dezente. Etxekoak izan dira hiru, gainera: Josu Indo, Haritz Mujika eta Unai Etxeberria; arrauna uztea erabaki dute hirurek. Klubaren kudeaketari eta Jon Salsamendiren mugimenduei esker, ordea, nahiko talde lehiakorra osatu dugu azkenerako; ez iazkoa bezain zabala, baina bai gosez dagoen arraunlari berri askoz osatua. Gogorra eta arraroa izan zen negua, urri-azaro inguru hori, baina entrenatzailea oso gustura dago taldearekin.

2

Iazko pare ibiltzea; banderen lehian ibiliko gara ohorezko txandan finkatuz gero.

3

Maila pixka bat igo egin da goiko multzo horretan. Bermeo, Hondarribia eta Zierbena ez dira askorik aldatu, eta koska bat gora egin dute Donostiarrak eta Santurtzik; eta baita Ondarroak ere. Baina ez ditut ahaztu nahi beste taldeak ere. San Pedro, Astillero, Kaiku, Cabo… Ez dauzkagu datu guztiak, baina horiek ere ez dira urruti ibiliko. Asko igo da Eusko Label ligaren maila.

4

Ohorezko txandan borrokan ibilita eta gurea eginda. Gure maila emanda aurkaria indartsuagoa bada, onartu eta zoriondu egingo dugu. Gurea ematen badugu, aurkariek zail izango dute banderak irabaztea. Garrantzitsua izango da ligari ondo ekitea, zaila izaten delako hasiera txarrak iraultzea eta bigarren txandatik ohorezko txandarako pausoa ematea.

5

Aurrerapausoa da. Arrauna herri kirolen gisakoa dela kexan ibiltzen gara beti, eta horrelako tresnak ongi etorriak dira gauzak hobetzeko balio badute. Eztabaida asko izaten dugu beti bandera jaitsierarekin, eta seriotasuna eta kalitatea emango dio ligari.

ALBERTO LOPEZ

Donostiarrako presidentea

“Egia da beste talde batzuk baino hobeto gaudela dirudiela”
1

Zazpi hutsune izan ditugu, eta lau fitxaketa. Maila ona eman dugu denboraldi-aurrean; onenen pare ibili gara estropada gehienetan, eta onenen gainetik Lekeition. Gainerakoak nola dauden aztertu behar izaten da, ordea, norbera nola dagoen jakiteko. Denboraldi-aurreko helburua ez da abuztuko mailara iristea, ekainean egon behar den bezala egotea baizik. Baina egia da beste talde batzuk baino hobeto gaudela dirudiela.

Iaz, lehenengo urtea egin genuen Eusko Label ligan, eta maila gorenera iritsi ziren arraunlari guztiei aukera ematea erabaki genuen, zuzenena hori zela uste genuelako. Denboraldi honetan, berriz, lau fitxaketa bakarrik egin ditugu; oso maila onekoak, hori bai, garaipen asko pilatutakoak [Jon Agirrezabala, Endika Alberdi, Ibon Basterretxea eta Beñat Eizagirre]. Baina taldean jarraitzen dute bi patroiek eta hamahiru arraunlarik. Horrez gain, denboraldian zehar lehen taldearekin arraun egiteko aukera izango dute bigarren taldeko batzuek.

2

Iazko emaitza hobetu nahi dugu, eta zazpigarren amaitu genuen iaz. Ea txanda nagusian sartzeko gai garen.

3

Ñabardura txiki batzuekin, baina sei taldeko bi multzo izango direla uste dut. Bermeo, Hondarribia, Santurtzi, Zierbena eta Orio ikusten ditut goian, gurekin batera; batzuetan gorago eta besteetan beherago ibiliko dira Ondarroa eta Cabo, horien erreferentzia handirik ez daukagun arren; eta beste laurak ondoren: San Pedro, Lekittarra, Astillero eta Kaiku, Kaiku multzo horren buru dela.

4

Onenekin borrokan arituta; goiko lehian ikus gaitzatela denek. Ondoren, estropada bakoitzak jarriko gaitu gure tokian.

5

Telebistentzako eta ikusleentzako ikusgarritasunaz gain, denboren kontrolaren kontua dago atzean. Eta, alde horretatik, hemendik aurrera ez da izango ehunenekoen gorabeherarik, ez irteeran eta ez helmugan. Nabarmen hobera egingo du denboren fidagarritasunak.

ANTXON CORMAN

San Pedroko presidentea

“Astillero, Isuntza, gu… Hor egongo da ez jaisteko borroka”
1

Denboraldi amaieran hamabi arraunlarik utzi zuten taldea; erretiroa hartu zuten batzuek eta beste talde batzuetara joan ziren beste batzuk. Eusko Label ligan jarraitzeko nahikoa maila ba ote geneukan zalantzan egon ginen, baina, harrobiko zazpi-zortzi gazterekin, talde polita osatu dugu azkenean. Maila galtzeko hautagaiak izaten gara urtero, baina oso urte txukuna egin genuen iaz, amaiera aldera estropada onak eginda eta Kontxako Banderan sartuta. Ingurukoek ikusi egiten dute hori, eta normala da gure taldean fitxaketak egitea. Dirua sartu da arraun munduan, eta gurea ez da klubik aberatsena, ezta gutxiago ere. Bihotza morea izanda ere, normala da arraunlari batzuek beste talde batzuetara joan nahi izatea; aurten, Oriora joan zaigu harrobiko gazterik onena, lan kontuak tarteko utzi egin behar izan dute beste batzuek… Etxeko arraunlari horiek mantentzea izaten da gure borroka, oso zaila delako urtero proiektuak ia hutsetik hastea.

2

Atzetik bi talde uztea. Babesle indartsurik ez dugu izan azken urteotan, eta horrek asko zailtzen du egoera. Oso zail bihurtzen ari zaigu Eusko Label ligan jarraitzea. Arraunlariak lanean ondo ari direla eta trainerua badabilela esanez ari da entrenatzailea, nahiz eta esperientzia pixka bat falta zaigun. “Guri irabazteko, gainerakoek ere asko arraun egin beharko dute”, esan zidan entrenatzaileak duela pare bat hilabete, eta lasaiago gelditu nintzen.

3

Cabok jende asko galdu omen du aurten, baina urteroko kontua izaten da hori, eta gogorrak dira galiziarrak; euren lana egiten dute beti, eta ikusiko dugu. Astillero, Isuntza, gu… Hor egongo da ez jaisteko borroka, Kaiku gure gainetik dagoela uste dudalako. Argi daukagu gaizki pasatuko dugula itsaso txarrarekin, baina luzea da denboraldia. Ea emaitza onak lortzen ditugun lehen estropadetan, gazteak animatzeko eta mailari neurria hartzeko.

4

Mailari eustea da aurtengo helburu bakarra; ea gai garen 9. edo 10. postuan ibiltzeko. Guretzat garrantzitsua litzateke maila nagusian jarraitzea, egonkortu eta nolabaiteko jarraipena izateko, nahiz eta uzteko zorian dauden jada bizpahiru arraunlari, beteranoenak.

5

Ez da erabaki txarra, baina arraun munduaren berezko izaera hori edo berezitasun hori galtzen ari gara teknologia berriekin. Ona da ikuskizuna bermatzea, baina neurrian; ezin dugu ahaztu kirol hau nondik datorren. Denbora aldetik murriztu egingo dira diferentziak, eta ondo iruditzen zait, noski, baina ez dakit hainbesteko aurrerapena den. Erromantizismoa galtzen ari gara.

Leave a Reply

Your email address will not be published.