“Tradizioari traizio egin gabe modernizatzea lortu dugu”

BeƱat Alberdi

Kurioski, kaletarra da Batis Otaegi (Legazpi, 1959); hots, ez zen baserrian hazi. Bizitza guztia darama, ordea, artzaintzarekin lotutako lanetan; izan ardi latxa arraza hobetzeko lanean, izan Arantzazuko Gomiztegi Artzain Eskola koordinatzen. Gomiztegin aritu da azken 22 urtean. Ofizioa garai berrietara egoki moldatu dutela ikusten du legazpiarrak, eta gogotsu datozela belaunaldi berriak.

Nolatan bukatu du kaletar batek baserriarekin lotutako lanetan?

Baserritarrak nituen kuadrillako ia guztiak, eta gustukoak nituen baserriko kontuak. Asko ginen etxean, eta denok ezin ginen bizi familiaren jatetxetik. Aukera bat izan nuen esne kontrolak egiteko eta osasun kontrolak sustatzeko, eta hantxe sartu nintzen.

Ardi latxa arraza hobetzeko ere jardun zara lanean. Zertan igartzen da animalia arraza batek zer hobetu baduela?

Lehen, oso esne gutxi produzitzen zuen ardi latxak. Duela 35 urte, laurogei bat litro, eta gaur egun, berrehun inguru. Genetikoki hobetzea lortu genuen.

Nola lortu zenuten hobekuntza?

Garai batean hautaketak ez ziren egiten hain zorrotz eta zehatz. Adibidez, mantendu egiten ziren jezteko orduan ihes egiten zuen ardi baten arkumeak, eta, gero, ikusten zuten ardi horrek esne gutxi ematen zuela. Asko eskaintzen zuenaren kasuan, berriz, hil egiten zitzaizkion arkumeak, esnea eman zezan. Gerora zuzendu egin zen portaera oker hori. Gaur egun, esan dezakegu esne ardietan munduko lehenengo postuetan dagoela latxa.

Artzain eskolaren koordinatzaile lanetan bukatu zenuen, azkenean. Nolatan sortu zen proiektua?

Besteak beste, Arantzazuko fraile batek, Nikolas Segurolak, eta Legazpiko artzain batek ikusi zuten beharrezkoa zela eskola bat sortzea. Garai hartan, oso ilun ikusten zuten etorkizuna.

Zergatik? Artzainak urritzen ari zirela igarri zuten?

Bokazioa behar da artzaintzatik bizi ahal izateko; hau da, animaliak maitatu egin behar dira. Hortik dator artzain hitza: ardiak zaintzen dituena. Kultura bat sustatu da aspalditik, eta euskaldunontzat oso normala da animaliekin bizitzea. Hortik abiatuta ohartu ziren gero eta jende gehiago ari zela artzain lanetan, eta industria horrek gero eta langile gehiago behar zuela. Jaurlaritzak ikusi zuen oso ondasun garrantzitsua zela artzaintza, eta ez esnea, gazta edo arkumeak ematen dituelako bakarrik, euskal balioak bultzatzen dituelako baizik: hitzak izugarrizko balioa izatea, konpromisoa, lanari atxikitzea…

Artzaintzaren balio horiek mantentzea ere bideratzen duzue eskolatik?

Bai, baina ez hori bakarrik. Eskola sortzearekin batera ohartu ziren antzeko baldintzetan ari zirela lanean artzain gehienak, baina asko ekoizten zuten batzuek, eta gutxi, berriz, beste batzuek; artzainaren gaitasunean zegoen gakoa. Ondo egiten zutenei kopiatzea eta besteei irakastea erabaki genuen.

Garaiko artzaintzak ez al zuen behar aldaketarik?

Eraberritze edo biziberritze prozesu bat behar zela ikusi genuen eskola sortzearekin batera. Tradizioari traizio egin gabe aurrera egingo zuen eskola behar genuen. Gaur egun, modernizatu egin dugu tradizioa. Teknologiak erabiltzen ditugu artaldean, gazta egitean, jezteko makinetan… Eguneratu egin da artzainen lana, eta, horrekin batera, baita produktua ere: animaliak hobetu egin dira, eta gero eta gazta hobeak ekoizten dira Idiazabal markapean.

22 urteotan hainbat belaunaldi pasatuko ziren eskolatik. Igarri al duzue ikasle profilaren aldaketarik?

Artzainen semeak izaten ziren hasieran. Asko zekitenak, baina gehiago jakin nahi zutenak. Hala ere, euren lana ez zen errentagarria. Ikusi genuen ekoizpena hobetuz gero, gazta gehiago eta hobeak eginez gero, egoera hobean egongo ginela eta ofizioa errentagarria izan zitekeela. Gaur egun, formakuntza maila handia izaten dute etortzen direnek. Ikasketak bukatu berri dituztenak edo fabriketan lanean jardun dutenak izaten dira. Enpresaren batean lanean hasi, eta ez dela erraza ikusten dute; eta horregatik egiten dute artzaintzaren aldeko apustua. Esaerak dio gustuko lekuan aldaparik ez dela izaten.

Zer irakasten duzue artzain izateko?

Euren ibilbidean izango dituzten lan guztiak irakasten dizkiegu. Zer artzaintza mota egingo duten zehazten dugu lehenengo: ardiak mendira eramango ote dituzten; lautadan bakarrik egongo ote diren; esnea, gazta edo arkumeak salduko ote dituzten… Baldintzaren arabera, animaliak nola gobernatu behar diren ikastea izaten da bigarren lana. Ez da gauza bera arkumea jaiotzeko zain dagoen ardia gobernatzea edo arkumea izan berri duena zaintzea. Gauza asko lantzen ditugu; besteak beste, ardiak nola elikatu, belardiei ongarriak nola bota, nola erreproduzitu… Eta gaztagintzan ere aritzen gara. Marketin arloa eta saltzeko moduak ere irakasten dizkiegu. Korapilatsua da artzaintza, eta denetik jakin behar da.

Ez da gauza bera izango teoria ikastea edo hori guztia praktikan jarri behar izatea, ezta?

Bi alde dauzka hezkuntzak: teorikoa eta praktikoa. Bi laborategi dauzkagu: ukuilua eta gaztategia. Gazta nola egin lantzen badugu, gazta egiten dugu gero. Era berean, ardiak nola elikatu behar diren landuz gero, ardiei jana ematera joaten gara gero. Hala ere, sei hilabete ez dira nahikoa ofizio bat ikasteko.

Zenbat ikasle izaten dituzue ikasturte batean?

Hamar-hamalau ikasleko taldeak izaten ditugu saio bakoitzean, eta 27 urtekoa da batez besteko adina. Normalean, %20 inguru izaten dira neskak, baina azken ikasturtean ez dugu izan bakar bat ere. Kezkatuta gaude jaitsiera horrekin, lanbide honetan bermea handitu egiten delako neskak sartuta. Ezin dugu ahaztu baserrietan emakumeek egin duten eta egiten duten lana: baratzeko lanak egin, umeak zaindu, baserria bera mantendu, erosketak eta salmentak egin… Emakumeek, oro har, txukun egiten dituzte gauzak, eta lanbide honetan garrantzitsua da hori.

Ikasleen artean euskal herritarrak izaten dira denak, edo tartean izaten duzue beste herrialde batekoren bat?

Lehenengo zortzi edo hamar urteetan irekia izan zen eskola. Hainbat ikasle etorri ziren Ipar Amerikatik, Txiletik edo Argentinatik, adibidez. Baina programak ez zuen ondo funtzionatu. 2009. urtetik, ordea, Jaurlaritzak eta Hazik erabaki zuten euskal herritarrek izango zutela lehentasuna. Dena den, urtero etortzen da interes handia duen kanpotarren bat, eta beti gordetzen zaio lekuren bat gogotsu datorrenari.

Jadanik ezagutuko zenituzten eskolatik igaro eta artzaintzatik bizi direnen kasuak, ezta?

Bai. Orain, gainera, badakigu nola hurbildu belaunaldi berriengana. Gazteei ez zaie gustatzen enpresaren kontzeptua, baina baserria beti izan da bizitzeko tokia eta ogibidea. Kudeaketa plan bat eta plan estrategiko bat zer diren irakasten diegu etorkizuneko artzainei.

Gazte horiek artzaintzatik bizitzeko gaitasuna izango dute ikasturtea amaitutakoan?

Gazteak etortzea da helburu nagusietako bat, eta, horretarako, garrantzitsua da eskola proiektua. Euren bizi proiektua osatzea da funtsa, eta proiektu hori ekonomikoki bideragarri bihurtzea.

Gaur egun beharrezkoa al da artzain eskola bat?

Dudarik gabe. Gazteak guregana inoiz baino formakuntza hobearekin iritsi arren, behera egiten ari da kopurua. Basoek edo belardiek osatzen dute Euskal Herriaren %80, eta, herrietan lorezainak behar diren bezala, norbaitek zaindu beharko ditu gune horiek. Bestalde, artzaintzak etorkizun hobea izango badu, elkarlanean jarraitu beharko dute artzainek. Gurean, gainera, gero eta garrantzi handiagoa dauka janariak. Nire ustez, balio handia dauka bertakoa, ona, kontrolatua eta ekologikoa jateak. Zorionez, hori eskatzen du gizarteak. Eta, noski, oso garrantzitsua da landa mundua mantentzea. Azken batean, herri txikien egunerokoan dago oinarrituta gure tradizioa; hizkuntza, elikagaiak, kultura zein folklorea. Pena litzateke hori guztia galtzea.

Nola ikusten duzu artzaintzaren etorkizuna?

Ez da erraza izango artzaintzak aurrera egitea, baina ezta fabrikek euren jardunari eustea ere. Jaitsi egingo da artzain kopurua. Dena den, gazteak trebatzen baditugu eta elkarlanean sinesten badute, artzainek jarraitu egingo dute Euskal Herrian. Etorkizunean euren lana errentagarria izatea izango da gakoa.

Bideragarria al da enpresa handien aldean artzainek bizirik irautea?

Euskal Herrian badago lekua denontzat. Neurri handian ekoizten dute batzuek, baina badago artzaintza eta artzainen tradizioa mantentzen ari direnek osatutako oasi antzeko bat. Espazio txiki bat da, baina zaindu beharrekoa. Hori bai, aliatuak behar dituzte. Ipar Euskal Herrian, adibidez, ekoizle txikientzako txokoak prestatzen dituzte saltokiek eta merkataritza gune handiek.

Produktua bera al da bizirik irauteko gakoa?

Bi mundu horiek ezberdin lantzen dute produktua. Argi dago artzain horiek ezin dutela lehiatu 3.000 kilo gazta ekoizten duen enpresa batekin. Gure indarra ez da asko egitea, ondo egitea baizik; produktua goxoa izatea eta kontsumitzaileak hemengo elikagaiak zer garrantzi daukan igartzea.

Gazteek gogotsu hartu al dute erronka?

Bai. Gazta mota gehiago egin nahi dituzte orain; hala nola urdina, freskoa edo Camembert sor-markakoa. Gaztaren arloan, etorkizun oparoa ikusten dut Euskal Herrian. Artzainek ondo zaintzen dituzte euren produktuak, eta gai dira esnea prozesu kimikorik gabe ondo zaintzeko. Osagai berezirik gabeko elikagai horiek eurek bakarrik ekoitz ditzaketela uste dut. Industriaren lehengaiekin ezin dituzte lortu horrelako produktuak.

Egungo bizimoldeak kontuan hartuz gero, ordea, artzaintzak ba al dauka tokirik?

Bai, baina ez dut uste zenbaki kontua denik. Hego Euskal Herrian, zoritxarrez, landa eremua industriarekin alderatzen dugu beti, eta galtzaile ateratzen gara konparazio horretan. Aldiz, Ipar Euskal Herrian kontuan hartzen ditugu landa eremuak. Lasai bizi dira han; lan eginez, noski. Eurentzat garrantzitsua da herri txikietan bizitzea, bizilagunekin elkarlanean aritzea, lasaiago bizitzea… Gurean, badirudi dirua dela baliorik garrantzitsuena; eta bere garrantzia du diruak, baina ez da dena. Norbere buruarekin gustura egoteko ez dago gustuko duzuna egitea baino ezer hoberik. Argi dago zenbait euskaldunen artean bizirik dagoela animaliekin lan egiteko kultura hori, eta aurrera egingo dugu aukerak sortzen baditugu eta trebakuntza lan guztia ondo baliatzen badugu.