Errenazimentuko altxorra

Errenazimentuko altxorra

Aitziber Arzallus

Kepa Susperregi Azpeitiko erretorea da Soreasuko San Sebastian parrokiko Bakardadearen Kaperan egin zuten aurkikuntzaren erantzuleetako bat. “Kapera berritzeko laguntza eske hasi ginen orain dela hemezortzi bat urte”, gogoratu du Susperregik berak. “Gure lehenengo asmoa zen kapera margotzea, hango argiteria sendotzea eta berogailua jartzea, eguneroko elizkizunetarako leku erosoagoa izan zedin”. Baina txosten arkeologiko bat eskatu zieten lanak egin aurretik. “Kaperan bertan 10-12 metroko zuloa egin zuten horretarako, eta horretan ari ziren langileak konturatu ziren pintura batzuen aztarnak ageri zirela erretaula baten atzean”. Han hasi zen gaurdaino luzatu den istorioa.

Haritik tiraka, zuloak egin zituzten kaperako pareta guztietan, eta pinturak azaltzen hasi ziren denetan. Ordura arte inork ez zuen han ezkutatzen zen altxorraren berririk. “Arrazola izeneko lekaime batek aipatzen zuen kapera horren inguruko zerbait, Errenazimentuari buruz idatzitako liburu batean, baina pinturak estalita geratu ziren XIX. mendearen amaieran egin zituzten lanen ondorioz, eta guk ez genekien horien atzean horrelakorik egon zitekeenik”, kontatu du Susperregik. XVI. mendeko kapera bat aurkitu zuten, Nicolas Saez Elola azpeitiarrak aginduta egindakoa.

Miren de Miguel Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlariak kapera horren inguruko tesia egin zuen duela urte batzuk, eta haren tesia eta kaperaren historiari buruzko liburua argitaratu dituzte orain. Saez Elolak Perun egindako “sarraskia” eta Azpeitiko kapera errenazentistaren ondare kultural eta historikoa uztartu ditu De Miguelek liburuan. Duela hiru aste aurkeztu zituzten bi argitalpenak, Bakardadearen Kaperan bertan, eta ekitaldiak ikusmina sortu zuen herritarren artean.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dagoen Errenazimentuko horma pintura bakarrenetakoa da Azpeitiko Bakardadearen Kaperan dagoena. Horregatik, De Miguelek kaperaren garrantzia nabarmendu zuen aurkezpen ekitaldian. Haren esanetan, “Italian aurki daitezkeen tenplu txikien parekoa” da Azpeitiko San Sebastian parrokiako kapera. Dena dela, haren historiaren atzean bada pasadizo ilunik ere. Izan ere, Perun inkei ostutako urrearekin egindako kapera da Azpeitikoa. Francisco Pizarroren kapitain gisa ibili zen Saez Elola Perun, eta dirutza ekarri zuen handik herrira, inkei ostuta. De Miguelen esanetan, hil aurretik agindu zuen bere omenez kapera hori eraikitzeko, “bizitzan zehar egindako bekatuak garbitze aldera”. Saez Elola hil zenean, garai hartako intelektualek hark Perutik ekarritako urre hura erabili zuten kapera egiteko.

Ikerlariaren arabera, hiru diziplina artistiko batzen ditu Azpeitiko kaperak, eta “oso arraroa” da inguruan horrelakoak topatzea. “Errenazimentukoa da kapera guztia, bai arkitekturari, bai eskulturari eta bai pinturari dagokionez. Uste dut horregatik dela hain garrantzitsua. Ari dira gauzak ateratzen, baina Euskal Herrian ez da batere erraza horrelakoak topatzea. Hemen ez dago Errenazimentuko obra handirik”.

De Miguelek, liburuaren aurkezpenean, eskerrak eman zizkien kapera zaharberritzeko lanean aritu diren erakunde eta norbanakoei, kaperaren ondarea mantentzeko egindako lan guztiagatik. 560.250 euroko aurrekontua izan zuten Bakardadearen Kapera zaharberritzeko lanek, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu zituen oso-osorik. 2002an hasi eta 2006an bukatu zituzten lan horiek, eta nekeza izan zela azaldu zuten orduan han jardun zutenek, “pintura multzoa egoera txarrean zegoelako eta lanak oso konplexuak zirelako”.

De Miguelez gain, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkate ohia, Mikel Diez Sarasola Gipuzkoako Foru Aldundiko jarduneko Kultura zuzendaria eta Juantxo Agirre Aranzadi zientzia elkarteko idazkari nagusia ere izan ziren liburuaren aurkezpenean. Azpeitiko kapera horren “ondarea” azpimarratu zuten egileak berak eta erakundeek. Agirrek nabarmendu zuen Italiako Errenazimentu garaia “mugarri” izan zela Euskal Herrian, XVI. mendean, eta mugimendu hark ekarritako “altxor artistikoetako bat” dela Azpeitiko kapera. De Miguelen ahalegina ere nabarmendu zuen, gainera, haren ustez liburuak “borobildu” egiten baitu duela urte batzuk kaperaren zaharberritzearekin hasitako lana.

Ikusteko, parrokiara deitu

De Miguelek bi hizkuntzatan argitaratu du Bakardadearen Kaperari buruzko historia liburua, euskaraz eta gaztelaniaz, eta, horrez gain, kaperari buruzko informazio zehatzagoa bilduta dago ikerlariak egindako tesian. Bi argitalpenak eskuragarri daude Basazabal jauregiko turismo bulegoan.

Azpeitiko Soreasuko San Sebastian parrokiako Bakardadearen Kapera bertatik bertara ikusi nahi dutenek Azpeitiko eta inguruko herrietako turismo bulegoek antolatzen dituzten ikustaldiak balia ditzakete, edo ordua adostu daiteke bestela, Soreasuko parrokiara bertara deituta, itxita egoten baita egunerokoan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.