Garai berrietara egokitzen

Garai berrietara egokitzen

Beñat Alberdi

Duela hamar urte inor gutxik aurreikusiko zuen handik gutxira sakelakotik txatean jardun beharko zuela lagunekin planen bat egiteko. Smartphone-ak gora eta smartphone-ak behera, errotik aldatu dira komunikatzeko bideak, eta, alde horretatik, baita saltokien paradigma ere. Egun, erabiltzaileek edozein produktu eros dezakete sakelakoarekin; etxera bidaltzeko eska dezakete, gainera. Denda txikiak errealitate berri horretara zein bestelako beharretara egokitzeko, Elkarrekin Ekin egitasmoa dauka martxan Oñatiko Udalak. Joan den astelehenean antolatu zuten azken saioa, MU Mondragon Unibertsitateko Ekonomia Fakultatean: Datuak babesteko legea. Nola eragiten digu?

Oñatiko Udalak 2017an sortu zuen Elkarrekin Ekin egitasmoa, MUrekin elkarlanean. “Ekintzaileen beharrei erantzuteko sortu genuen”, azaldu du Unai Kortabarriak, Oñatiko Udaleko Enplegu teknikariak. Jardunaldiak antolatzeaz gain, enpresa ideiak sortzeko eta sustatzeko ekintzak ere prestatzen dituzte. “Ekintzaileen komunitatea sortzea da helburua, etorkizuneko erronkei elkarrekin erantzun ahal izateko”.

“Enpresa txikiek mehatxu gisa ikusi izan dituzte teknologia berriak”, azaldu du Aitor Gartziak, MUko Mondragon Team Academy (MTA) taldeko kideak. Hark dinamizatu zuen asteleheneko saioa, eta hasieratik parte hartu du Elkarrekin Ekin egitasmoan. “Hitzaldi edo jardueren bidez, aurkakoa erakusten saiatu gara gu; teknologia berriak nola balia daitezkeen erakusten”. Teknologia berrien tsunamitik urrun ikusi dituzte ohiko saltokiak.

Target edo helburu gisa herriko negozioak eta lokalak dituztela nabarmendu du Alain Madinak. Gartziaren moduan, MTA taldeko kidea eta egitasmoko partaidea da Madina ere. “Sareko salmentekin edo iragarkiekin, negozio txikiei iruditzen zaie handiekin ezin dutela lehiatu, eta etorkizunerako ez dauzkatela gainerakoen tresna berberak”. Dena den, saltoki horietan gero eta ohikoagoa da sareko mugimenduei tokia egokitzea. “Gutxi batzuek egin dituzte jada lehen urratsak”, gehitu du Gartziak. “Kontzientzia hartzen hastea izan da kontua”.

Teknologia berrien eztabaidatik harago, ordea, garrantzitsuena negozio horiek nola egokitu jakitea dela nabarmendu dute MUko bi kideek. Madinak argitu duenez, diru laguntza dezente ematen ari dira negozioak egokitzeko. “Baina dirua izatea baino garrantzitsuagoa da daukazun hori nola erabili jakitea. Guk negozioei aukera eman nahi diegu erabakitzeko zer egin nahi duten errealitate horri aurre egiteko”.

Haien bezeroak zer sare sozialetan dauden edo saltzen dituzten produktuek zer irudi transmititzen duten: horiek dira, besteak beste, ohiko negozio txikiei hausnartzen laguntzeko gakoak. Finean, Gartziak azaldu du haien helburua ekintzak “zergatik eta zertarako egin zehazten laguntzea” dela. “Askok eskatzen digute sarean presentzia izan dezaten laguntzeko, baina pauso bat atzera eman dugu guk: zein da hor egoteko arrazoia?”.

Etengabe aldatzen ari da teknologiaren mundua, eta berdin gertatzen da teknologiarekin lotutako legeekin ere. Adibide gisa, iazko abenduaren 6an aldatu egin zuten sareko datuen babeserako legea. Zehazki, hori izan zuten mintzagai asteleheneko hitzaldian. Oro har, pertsona fisikoekin lotura daukan informazio guztia erregulatzen du lege berriak. Urratze arinen bat eginez gero, 900 eta 40.000 euro artekoak izan daitezke isunak; urraketa oso larria bada, berriz, 300.001 eta 600.000 euro artekoak. “Komunikabideek, adibidez, azkenerako beldurra sortu dute gaiaren inguruan”, azaldu du Madinak. “Baina bi edo hiru ohitura soilik barneratzea da gakoa”.

Etorkizunari begira

Kontuan hartuta sarea informazio iturri garrantzitsua dela, baliabide hori erabiltzen ikastearen beharra nabarmendu du Gartziak; legea errespetatuz, betiere. “Bezeroen, norbere negozioaren eta gainerako negozioen datu asko lor daitezke sarean, baina horiek nola erabili jakitea da gakoa”. Datuak jasotzea, horien irakurketa egitea, eta, horren arabera, hurrengo urratsak prestatzea da helburua, besteak beste ekintza plan bat antolatuta.

Oraindik ez dago argi herrietako saltokiek nola erantzungo dioten teknologia berrien paradigmari. MUko bi kideek, ordea, argi daukate gai horri heldu beharko diotela. “Mundu horretan sartu behar dute, eta eskaintzen zaizkien aukerak aprobetxatu”, zehaztu du Gartziak. “Lan egin beharko dute egoera berrira egokitzeko, baina datuak erabiltzen hasi beharko dute euren negozioak sustatzeko”.

Bestalde, sortu berri den aukera lantzeko beharra nabarmendu du Madinak: “Orain obretan gaude. Baina hausnartzeko sortu dugun egitasmo honen moduko espazioak beharrezkoak dira. Lagundu dezatela obretan”. Horrez gain, beharrezkoa iruditzen zaio teknologien erabilera, enpresa handiek ez ditzaten txikiak jan. “Orain, gizarteak gero eta produktu edo zerbitzu pertsonalizatuagoak eskatzen ditu. Denda txikiek oso ondo ezagutzen dituzte euren bezeroak; handiek, ez”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.