Juantxo Egaña: “Istorio bat sortu dugu bidean topatutako arrastoei jarraituz”

Juantxo Egaña: “Istorio bat sortu dugu bidean topatutako arrastoei jarraituz”

Ane Ubegun Goikoetxea

“Ohiko bideetatik kanpo” lan eginda osatu du Juantxo Egaña argazkilariak (Donostia, 1961) Hernaniko Udalak babestutako Hernanin ikusiyak, 1875-1975 argazki erakusketa. Joan den larunbatean inauguratu zuten, eta irailaren 11ra arte egongo da ikusgai Hernaniko Biteri kultur etxean. Hernaniko garai bateko argazkien erakargarritasunarekiko jakin-mina piztea da helburua, eta, horrekin batera, historiaren ondare hori gordetzea.

Ehun pieza inguruk osatzen dute erakusketa. Proiektu luzea izan al da?

Denera, urtebete pasatxo behar izan dugu proiektua egiteko. Gertatzen dena da askotan aurretik ikusitako irudiak buruan iltzatuta geratzen zaizkizula: aldizkarietakoak, agiritegietakoak, bildumagileen argazkiak… eta horiei galdetu diet lehenengo; ez naiz hutsetik abiatu. Hutsetik hasi izan banintz, segur aski ez nituzkeen aurkituko erakusketan dauden hainbat irudi.

Ez da itsuan egindako lan bat, beraz.

Ez. Buruan banituen erreferentzia batzuk, baina beste batzuk ez nituen ezagutu ere egiten. Zenbait argazkilari ere ez nituen ezagutzen, baina, gertuko jendeari galdezka hasi nintzenean, argazkilari horietako batzuen familiekin harremanetan jartzea lortu nuen. Pixkanaka aurkitu ditut garai hartako irudiak. Tolosan dagoen Gipuzkoako Artxibo Orokorrean bilatu nituen zenbait, eta gaur egun ere salgai dauden 1920ko postalak aurkitu nituen. Istorio bat sortu dugu bidean topatutako arrastoei jarraituz.

Hainbat iturri erabili dituzu orduan, ezta?

Bai. Familiei galdetu diet, jende arruntari… Ricardo Martin eta Pascual Marin argazkilarien lanak ere lortu ditut. Aranzadiren artxibategietan ere bilatu ditut argazkiak. Tira, azken horiek ez dira kalitate onekoak, baina uste dut merezi duela jendeak ikustea.

Ez dira kalitate onekoak, baina inoiz argitaratu gabeak dira. Horrek ere ematen die balioa?

Bai. Horrek garrantzia ematen die dokumentu gisa, eta, nire iritziz, garrantzitsua da jendeak ikusi ahal izatea. Hernaniren historiaren ibilbide bat da erakusketa. Garai hartan, desberdina zen argazkilaritzari buruz zuten ikuspuntua; modu piktorikoagoan egiten zuten dena. Ohikoak ziren baserritarrak posatzen agertzen ziren argazkiak, auzoko jendearenak; beste itxura bat ematen zioten argazkiari. Irudi horrek saltzen zuen lehen, eta XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran pintura imitatu nahi izaten zuten; pintura zen haien erreferentzia.

Zergatik mugatu duzue erakusketa 1875etik 1975era?

1875ekoa da ezagutzen den Hernaniren lehen argazkia. 1874ko grabatu bat ere badago, oso bitxia dena. Bitxia da oso fotografikoa delako; hau da, Hernaniren ikuspegi orokor baten modukoa da. Baina, aldi berean, fotogenikoa da. Esango nuke argazki batean oinarrituta egindako grabatua dela. Grabatua egiten zuen artistak bere kutsua ematen zion lanari, fantasia puntu bat. Bitxia da 1875a, karlistek urte hartan bonbardatu baitzuten Hernani. Valentin Marinek eta Hermenegildo Oterok elkarrekin egiten zuten lan, Donostian, eta Hernanira etorri ziren, gurdi batean, argazkiak ateratzera. Oso zaila zen argazkiak ateratzea: materiala lekuz aldatzea, dena bueltan laborategira eramatea… Lan handia zen.

Beraz, lanak karga historiko handia du?

Bai. Hernanin gertatu zena islatu nahi izan dugu, Hernaniren argazkien bitartez. Uste dut gogoratu beharreko zerbait dela. Ni lan honekin hasi nintzenean, iraunkorrak deitzen nien garai hartako protagonistei: Gabriel Olaizolari, Gabriel Celayari edo Florentino Goikoetxea mugalariari. Hemengo bizimoduaren parte izan ziren, hemen gertatu denaren parte, eta hemendik atera diren horien parte. Uste dut oso garrantzitsua dela hori islatzea. Erakusketan bada Enpar Pineda izeneko feminista oso ezagun bat ere, 1960ko hamarkadakoa. Emakumeen botoa erakutsi nahi izan dugu, emakumeak lanean, familia, sostengua…

Paisaiez gain, pertsonaia horien erretratuak ere badaude.

Oso garrantzitsuak dira erretratu horiek, hemen jaio zen jendearen imajinarioaren parte izan zirelako. Askok alde egin behar izan zuten, eta, horregatik, zenbaitek ez dituzte ezagutzen.

Txirrita ikus daiteke, adibidez, argazki eta diskoetan.

Oso pertsonaia ezaguna da Txirrita. 1935eko lehen bertso eguneko argazkian ez ezik, 1970eko disko baten azalean ere ikus dezakegu. 1930 inguruko argazki bat erabili zuten azal hori egiteko.

Arantzarik gelditu al zaizu?

Enpar Pinedaren argazki adierazgarriago bat ez aurkitu izana, agian. Gustatuko zitzaidan, Olaizola Hernanin azaltzen den argazkiren bat aurkitu izana ere, edota Ansorena txistulariaren beste bat, aldizkari batekoa besterik ez baitago. Halere, azken hori grafikoagoa iruditzen zait modu horretan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.