Muturreko politika ez, ideiak bai

Muturreko politika ez, ideiak bai

Hegoi Belategi

Azken udal hauteskundeek hainbat datu esanguratsu utzi zituzten Gipuzkoan. Argi dago garaile nagusiak EAJ eta EH Bildu izan zirela, baina merezi du galtzaileetako batzuei arreta jartzea. Voxek eta Ciudadanosek ez dute izango ordezkaririk Gipuzkoako udalerri eta erakunde publikoetan, eta PPk nekez eutsi dio zeukan ordezkaritza eskasari; eserleku bakarra izango du Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Agerikoa da Gipuzkoako boto emaile gehienek Espainiako eskuina baztertu dutela. Zenbaitek harro adierazi dute, jada, Gipuzkoa ezberdina dela, barrendegi aurrerakoia dela, eskuinari eutsi dion gotorlekuetako bat dela.

Aurreko astean, SOS Arrazakeriak banan-banan aztertu zituen eskuin muturra indartzearen gakoak Pasai Antxon, erakusketa baten bidez. Ibiltaria da erakusketa hori, eta hainbat herritan ikusgai izango da datozen asteetan. SOS Arrazakeriarekin harremanetan jar daitezke interesa duten udalak.

Eskuin muturreko mugimenduetan aditua da Agustin Unzurrunzaga, eta Gipuzkoako SOS Arrazakeria elkartearen lehen bultzatzaileetako bat izan zen. Erretiroa hartuta egon arren, jarraitzen du eskuin muturraren hazkundea gertutik ikertzen, baita horren inguruan sortu diren “diskurtso baztertzaileak” ere. Unzurrunzagaren ustez, “oso positiboa” da eskuin muturrak Gipuzkoan ordezkaririk ez izatea, baina gogorarazi du boto emaileen kopurua “esanguratsua” dela. “Donostian, 1.557 boto lortu zituen Vox alderdiak; Irunen, ia seiehun, eta Errenterian, 120. Gipuzkoan 89 udalerri daude, eta Voxek 33 herritan lortu du gutxienez boto bat”. Gipuzkoan oso indar txikia du eskuin muturrak, baina, gutxi badira ere, baditu boto emaileak. Hiri eta herri handietan du jarraitzaile gehien, bertako demografia “heterogeneoagoa” delako. Dena dela, gaur-gaurkoz zaila iruditzen zaio Unzurrunzagari eskuin muturreko proiektu politiko bat gorpuztea, “espainiar neofaxismoak duen iragana dela eta”, bereziki. “Xenofobiak baino gehiago, dakarten zama ideologikoak oztopatzen die Euskal Herrian haztea”.

Euskal gizartea “anbiguoa eta kontraesanez betea” da, ekintzaile beteranoaren ustez. Politikak ez bezala, eskuin muturraren diskurtso baztertzaileak harrera ona izan du kalean. “Europako mugimendu ultraeskuindarrek bere egin dute lehentasun nazionalaren kontzeptua, nazio jakin batetik kanpo dauden guztiak baztertuz”. Gehienek ez diete botorik ematen alderdi ultranazionalistei, baina askok bat egiten dute haien diskurtsoarekin, migrazio gaietan bereziki.

Islamaren aurkako ideia

Sentimenduetan eragiten du nazional populismoak, eta zurrumurrua eta desinformazioa erabiltzen ditu sarritan. Etorkinak —eta bereziki musulmanak— daude diskurtso xenofoboen jomugan. “Oso zabala eta konplexua da Europako eskuin muturraren familia politikoa, eta denek ez dituzte iritzi berak”. Unzurrunzagaren hitzetan, “islama arbuiatzea” da batasuna sortzen duen gaietako bat. “Zenbait politikarik —Viktor Orban Hungariako lehen ministroak, kasurako— Europa zuri eta kristauaren defendatzailetzat dute bere burua”.

Unzurrunzagaren ustez, herriaren ikuspegi zeharo baztertzaile bat proposatzen dute horiek, balore etnokulturalei lotutakoa eta arrazionaltasunik gabea. Gainera, badakite “desinformazioa erabiltzen”, eta “nahita” desitxuratzen dute testuingurua. “Ohiko mitoa da etorkinek bertakoek baino diru laguntza gehiago jasotzen dutela; ez dute aipatzen, ordea, Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian %8 dela bertakoen langabezia tasa, eta %30 dela atzerritarrena”. Unzurrunzagaren esanetan, eskuin muturraren diskurtso horiek iraultzeko funtsezkoak dira hezkuntza eta informazioa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.