Zinema entzuten, jazza ikusten

Zinema entzuten, jazza ikusten

Unai Zubeldia

Jazz musikari keinuka egin dute zinema ibilbidea Woody Allenek, Bertrand Tavernierrek, Francis Ford Coppolak, Clint Eastwoodek eta beste hainbat zinema zuzendarik. Musika bandan dela, aktorearen larruan dela, argazkietan dela… Pantaila handiari begira ere goza daiteke jazzarekin, eta, hain zuzen ere, Euskadiko Filmategiak bi hari mutur horiek elkarrengana biltzea erabaki zuen 2015ean, Donostiako Tabakalerara lekualdatu zirenean. “Buruari bueltaka hasi ginen etorkizunean zer proiektu landu genezakeen ikusteko”, azaldu du Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak.

Eta, ingurura begiratuta, ondo-ondoan sentitu zituzten Donostiako, Getxoko eta Gasteizko jazzaldiak. “Jazzaren eta zinemaren arteko harremana oso estua zela konturatu ginen, oso harreman polita eta ederra zela”. Miguel Martin Donostiako Jazzaldiko zuzendariarekin hitz egitea izan zen lehen pausoa. Fernandezen hitzetan, “berehala” adostu zuten dena, eta Donostiako Zinemaldiaren laguntza ere jaso zuten segidan. “Oso emaitza onak eman ditu proiektuak, eta horrelakoetan esperientzia errepikatzea izaten da normalena”. Jazzinema jaialdia horrela iritsi da laugarren aldira. Uztailaren 4tik 26ra, sei film ikusi ahal izango dira Tabakalerako zinema aretoan, hiru ingelesez eta beste hiru frantsesez. Gaztelaniazko azpitituluak izango dituzte bostek, eta euskarazkoak batek, Orson Welles zuzendariaren Touch of Evil filmak —uztailaren 11n emango dute—. 19:00etan hasiko dira saioak, eta hitzaldi txiki bat izango da emanaldi gehienen hasieran. Miguel Martin, Zigor Etxebeste eta Quim Casas gonbidatu dituzte, besteak beste.

Hasteko, estreinaldi bat

Euskadiko Filmategiaren zuzendariak zehaztu duenez, hiru ardatz izango ditu aurtengo Jazzinema jaialdiak: “Batetik, Tabakalerako ohiko jardunaz gain, aurten, lehen aldiz, Bilboko Arte Ederren Museora ere jauzia egingo du Jazzinemak”. Donostian eskainiko dituzten sei filmak ikusi ahal izango dira Bilbon ere. “Bestetik, Ella Fitzgeraldi buruzko estreinaldi batekin ekingo diogu zikloari. Film eder bat programatu dugu, eta une polita izango da”. Izan ere, etorkizun hurbileko erronka gisa, “estreinaldi gehiago” erakarri nahiko lituzke Fernandezek. “Eta polita litzateke zuzendariak ere gurean izatea. Iaz, esaterako, Fernando Trueba eta Carlos Boyero ekarri genituen Jazzinemara, eta ederra izan zen euren arteko solasaldia”. Azkenik, AEBetako film asko proiektatu dituzte Jazzinemaren lehen hiru urteetan. “Eta aurten ere izango dira, oso garrantzitsuak direlako. Baina Frantziako zinema ekarri dugu aurten, jazz musika sakon jorratu izan dutelako; 1960ko hamarkadan, batez ere”.

Fernandezek ikusleen erreakzioari begira aztertzen ditu proiektuak. “Eta gehienei egitura hau interesatzen zaiela jabetu gara. Guretzat, jakina, oso garrantzitsua da hori”. Baina, zein dira Jazzinemaren zaleak: zinemazaleak edo jazz zaleak? “Denak”, aitortu du zuzendariak. “Jazzaren eta zinemaren zalea den jende asko dago gurean, eta, kasu horretan, zer hoberik biekin batera gozatzeko aukera izatea baino?”. Zuzendariari ikusle askok aitortu diote jaialdian oso ondo uztartu dituztela bi alorrak, jazza eta zinema. “Eta, egia esan, adibide asko eta oso politak daude zinemaren historian”.

Woody Alleni keinua

Uztailaren 10etik abuztuaren 23ra, Donostian izango da Woody Allen zinema zuzendaria, film bat grabatuko baitu Gipuzkoako hiriburuan, eta Jazzinemak hari ere keinu txiki bat egin nahi izan dio. Uztailaren 26an ikusi ahal izango da Tabakaleran zuzendari estatubatuarraren Radio Days filma. “Woody Allenek oso ondo jorratu izan du jazzaren eta zinemaren arteko harreman hori, eta aitortza moduko bat izango da”. Duela bi urte ere eman zuten Woody Allenen film bat: Sweet and Lowdown. Oraingoz, ez dute lortu uztailaren 26an Woody Allen Tabakaleran izaterik. “Baina auskalo! Maisua da esparru honetan, ezinbesteko erreferentzia, eta zoragarria litzateke guretzat”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.