Erakusleiho den herriko platoa

Erakusleiho den herriko platoa

Ane Ubegun Goikoetxea

AEBek bizkarra eman diote, eta Donostian beso zabalik hartu dute. AEBetan, hamaika oztoporekin egin du talka, eta, Donostian, beharrezko guztia jarri diote eskura. AEBetan, sexu abusuak egin izana leporatu diote, eta, Donostian, Kontxako hondartzaren zati bat itxiko dute hainbat eszena graba ditzan. Woody Allen 83 urteko estatubatuarrak WAS2019 komedia lana grabatuko du Donostian, uztailaren 10etik abuztuaren 23ra. Kontxako hondartza plato bilakatuko da, hondartzako goi denboraldian, Donostia turistaz lepo egoten den eta donostiarrek hondartzan toalla jartzeko senperrenak egin behar dituzten sasoi betean. Kontxako hondartza plato, eta hainbat herritarrek, planto.

Woody Allen zuzendariaren gainean egon da fokua azken asteotan. Aldeko eta kontrako iritziak piztu ditu Kontxako hondartza grabaketarako erabiltzearen kontuak. Halaber, hondartza bi egun osoz itxiko dutela zabaldutako zurrumurruak isilaraziz, Eneko Goia Donostiako alkateak aste honetan jakinarazi du “mugatua” izango dela Kontxako hondartzaren erabilera pelikula grabatzeko: “Ez da bi egunez itxiko, ez eta hondartza osoa itxiko ere; askoz partzialagoa izango da iraupenari nahiz erabiliko duten eremu zatiari dagokien heinean”. Azaldu du oraindik zehazteke dagoela zein egunetan eta Donostiako zein zatitan filmatuko duten pelikula. Izan ere, kanpoko eszenak grabatzearekin batera, zenbait eraikinen barnealdean ere grabatuko dute filma. Gainera, Donostiaz gain, inguruko hainbat herritara ere hedatuko dute grabaketa; Pasai Donibanera, esaterako.

Haatik, Donostia ez da izan azken urteotan zinemako plato bihurtu den Gipuzkoako herri bakarra. Besteak beste, Zumaian filmatutako azken film eta telesail ezagunek —Ocho apellidos vascos, Allí abajo, Games of Thrones eta Patria, besteak beste— utzitako arrastoak eragin zuzena izan du herrian, eta, batez ere, Zumaian grabatzeko udaletxeak jasotzen dituen eskaeretan. “Kopuru zehatza ez dakigu, baina asko izan direla bai. Gainera, pelikula eta telesailetako kapituluez gain, iragarki asko grabatzen dira hemen. Azkenaldian egindako produkzio handiak hiru bat-edo izan dira, baina bestelakoak ere beste hainbat. Ez ditugu kontabilizatuak; eta horiek soilik dira gure eskuetatik pasatzen direnak, zeren beste asko ez ditugu guk kudeatzen, baina badakigu egin egiten direla”, adierazi du Miriam Romatet Zumaiako kultur teknikariak. Eskaeren gorakada horri aurre egiteko, Romatetek azaldu du udaletxeak ordenantza bat sortu zuela orain bi urte, grabaketen eta horietarako beharrezkoak diren neurrien tarifak zehazten dituena: “Eskaera udaletxean jasotzen dugu, eta idatziz jaso behar da. Eskaera bakoitza udaleko hainbat sailek aztertzen dugu. Eskaera egiten dutenen interesa hartzen da kontuan, xehetasunei erreparatzen diegu, baita beste erakundeen baimenik behar ote duten ere”.

Izan ere, kultur teknikariaren arabera, Zumaiako flyscha eta San Telmo ermita dira filmaketak egiteko gehien erabiltzen diren tokiak, eta horiek erabili ahal izateko baimenak ez daude udaletxearen esku, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Espainiako Kosta Zuzendaritzaren esku baizik. “Gune babestua da flyscharena, eta ezin da erabili edozer gauza egiteko; Kostak agintzen du hondartzan”. Tramite horien ondorioz, prozesuak “denbora” behar izaten duela esan du Romatetek. Halaber, “malgutasunez” jokatzen dute zenbait kasutan: “Enpresaren arabera, edota interes berezia duela ikusten baldin badugu, balorazio ezberdinak egiten ditugu. Badaude zenbait salbuespen. Esaterako, grabaketa euskaraz baldin bada, erdaraz baino merkeagoa da. Gainera, sortzaileak bertakoak baldin badira, babes osoa ematen diegu”.

Hondartza ixteari, ezezkoa

Grabaketa bat egin ahal izateko, hainbat neurri hartu behar izaten dituzte herrian: kaleak eta bideak itxi, aparkalekuak gorde… baina eskari guztiek ez dute lortzen onarpena: Zumaiako hondartza ixtea eskatzen dutenen kasuan, adibidez. “Hondartza denboraldian [ekainetik irailera] hondartza ixteko eskatuko baligute, ezezkoa emango litzaioke eskaera horri. Hondartza ezin da itxi”, adierazi du Romatetek. Halere, gehitu du eskumen hori ez dagokiola udaletxeari soilik. Esaterako, azaldu du Games of Thrones telesaileko ekoizleek hondartza denboraldian grabatzeko eskatu zutela, irailean, eta, gainera, hondartza osoa itxi nahi zutela horretarako. Ezezkoa jaso zuten, baina, eta atzeratu egin zen grabaketa: urrian grabatu zuten. “Hondartza garaian, herritarrak ezin dituzu utzi hondartzarik gabe”.

Salbuespenak salbuespen, Romatetek argitu du orain lau urte, 2015ean, pelikula baten hainbat irudi grabatu zituztela hondartzan, udako denboraldi horretan, baina San Telmo ermita dagoen aldean baino ez zutela lan egin: “Zipi y Zape pelikula grabatu zuten, Itzurun hondartzaren ezkerreko aldean, San Telmo dagoen lekuan, eta hondartza garaia zen. Baina alde horretan grabatzea baimendu zitzaien soilik, eta gainerako hondartzaren zatia erabilgarri egon zen”.

Hain zuzen, Zipi y Zape pelikularen grabaketa horretan lan egindakoa da Koldo Zuazua. Kowalski Films ekoizpen etxeak egin zuen pelikula hori, eta enpresa horretako ekoizlea da Zuazua. Besteak beste, azkenaldian bolo-bolo ibili diren Ocho apellidos vascos, Handia eta orain egun batzuk amaitutako Akelarre pelikulak ekoitzi ditu etxe horrek. Donostiakoa da ekoizle hori, baina Madrilen egin zituen zinemagintzako ikasketak. Horregatik, “hanka bat Madrilen eta bestea Euskal Herrian” izaten duela esan du: “Gipuzkoa etxea da niretzat, eta beti izaten dut hona etortzeko beharra”. Zinemagintzaren sektoreari dagokionez, azaldu du “deszentralizazio prozesuan” dagoela gaur egun, poliki-poliki gertatzen ari bada ere: “Zinemagintza oso zentralizatua dagoen industria da; esango nuke %90 Madrilen dagoela. Halere, deszentralizazioa pixkanaka gertatzen ari da, autonomien politiken eskutik. Euskal Herria, konkretuki, nire iritziz, Espainiako Estatuan gaur egun dagoen komunitaterik garrantzitsuena da zinemagintzari dagokionez, Katalunia eta Andaluziarekin batera, diru laguntzei eta zergen kontuari esker”. Horrez gain, Zuazuak nabarmendu du, bereziki, Gipuzkoa dela zinemagintzara bideratutako enpresa gehien garatu duen lurraldea, eta arlo horretan lan egiten duen jende espezializatu gehiago dagoela.

Paisaiei dagokienez, gaineratu du atzerriko ekoizle askok paisaia eta baliabide naturalengatik aukeratzen dutela Euskal Herria, eta hark ere horregatik hautatu izan duela askotan. Dena den, ekoizpen lana errazte aldera, produkzio zentroa “zentratu” egin behar dela zehaztu du: “Lurralde guztietan daude leku politak. Kontua da gauzak ezin direla egon elkarren oso urrun, eta bulegoak, biltegiak eta halakoak gune batean kokatu behar direla. Filmaketarako behar dugun lekuaren arabera moldatzen dugu gune hori”.

Bateratzearen beharra

Zuazuaren iritziz, baina, zinemagileek arazo nagusi batekin egiten dute topo Euskal Herrian: “Ez daukagu leihatila bakarra, Euskal Herri osorako Film Comission bat. Dena horren banatua dagoenez, funtzionamendua ez da oso eraginkorra”. Iaz sortu ziren Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Film Comissionak, eta 2009an sortu zen Nafarroakoa —ordura arte lurralde horietako hiriburuetan baino ez zegoen—. Enpresa horien eginkizun nagusia da ekoizleen eskaerei erantzutea, eta grabaketarako beharrezko tramiteak egiten laguntzea. Horrez gain, urte osoan grabatzen diren film luze nahiz laburren datu basea dute, eta, behar izanez gero, enpresen informazioa ere helarazten diete ekoizleei: “Kamerak zein enpresari alokatu, argiak, tresnak, teknikariak… hori guztia lotzen laguntzen digute, bai eta enpresekin harremanetan jartzeko erraztasunak eman ere”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.