Txistua, eguneroko zapi gorria

Josu Artutxa Dorronsoro

Duela hirurehun urte ere joaten zirela diote batzuek, baina, dokumentuetan jasota dagoenaren arabera, Tolosako Udal Txistulari Bandako kideak ofizialki 1913an joan ziren lehen aldiz Iruñeko sanferminetara. Iruñeko Udalak kontratatutako musika talderik zaharrenetakoa da, beraz, Tolosakoa. “Giroagatik, oso berezia da sanferminetara joatea. Baina bertako txistulariekin hainbat urtez izan dugun harremanagatik da batez ere berezia”, azaldu dute Iñaki Letamendia eta Ion Garmendia Tolosako Udal Txistulari Bandako kideek. Iruñeko txistulariak, berriz, Tolosara etortzen dira San Joan egunean, truke modura. Urteen poderioz, txistua jotzetik haragoko harreman bat sortu da bi aldeen artean. “Elkarrekin egoten gara urtean zehar Iruñera joaten garenean”.

Letamendia, iaz, 50. aldiz joan zen Iruñeko sanferminetara, eta omenaldi xume bat egin zioten udaletxean. “16 urterekin joan nintzen lehen aldiz, nire irakasle Migel Martinez de Lezearekin. 1970ean, berriz, Tolosako Udal Txistulari Bandan sartu nintzen”. Maisuari “errelebo naturala” eman zion gero Garmendiak. “Hemen erretiroa hartuta bazegoen ere, 1972ra arte jarraitu zuen bandan. Sanferminetara joaten ere segitu zuen, beste lau bat urtez”.

Azken mende erdian Letamendiak aldaketa handia nabaritu du sanferminetan. “Orokorrean, oso festa politak ziren lehen urte haietan. Jende aldetik, ez ziren egun bezain masiboak. Eta txupinazoan edo San Fermin egunean jendea ez zen joaten goitik behera zuriz jantzita. Irudi hori gordeta daukat oraindik”.

Garmendia 1997an joan zen lehen aldiz Iruñera, 17 urterekin. “Iñaki bezala, ni ere tarteka Tolosako bandan aritzen nintzen orduan. Egun jakin batzuetan joaten nintzen hasieran, txistulari bat behar zutenean. Gero, baina, aste osoa igarotzen nuen han. Berezia izan zen hasiera, jai giro erraldoi batean murgildutako gaztetxo bat bainintzen; aurrez sekula izan gabea nintzen, gainera”. Lehen urteak, “ezustekoz beteak” izan ziren Letamendiarentzat. “Hain gaztetxoak orduan ez ziren joaten sanferminetara, musika kontuengatik ez bazen, behintzat”.

Sanferminak ondo ezagutzen zituzten kideekin joaten ziren biak lehen urte haietan. “Garrantzitsua da esperientzia daukan jendea ondoan izatea”, azaldu du Garmendiak. “Horrez gain, askok ezagutzen gaituzte Iruñean; beraz, aitortza jasotzen dugula sentitzen dugu. Edozein tokitan azaltzen da norbait ‘hemen dira tolosarrak!’ oihuka”.

Letamendia eta Garmendia 21 urtez aritu dira Iruñean elkarrekin txistua jotzen. Diana, prozesio, dantzaldi nahiz kalejiretan parte hartu izan dute urtero, eta, jakina, hamaika bitxikeria izan dute tartean. “Ez dut uste guztiak kontatzekoak direnik”, hasi da Garmendia. Letamendiak, berriz, “betiko kontuak” ekarri ditu gogora: “Gaupasak, berandutzeak, galduta ibilitakoak…”.

Sanfermin guztietan eguzkia izan ohi da hizketagai nagusia. Uztaila izaki, giro sargoria nagusitzen da ia beti. Letamendia, baina, ederki oroitzen da San Fermin egunean euria egin zuen urteaz. “Ez dut gogoan zer urte zen”, hasi du azalpena. “Bezperan, galdu egin zen gutako bat. Prozesioan parte hartu behar genuen biharamunean, egun garrantzitsuenean. Logelara joan nintzen arropak aldatzera, eta gauean etxera joan ez zen bandakidea ez zegoen han”. Gogoan dauka 09:30 zirela eta berandu zebiltzala. “Bandakidea 13:30ean agertu zen logelara. Eskerrak euriagatik prozesioa bertan behera geratu zen! Ikaragarrizko zortea izan zuen”.

Prozesioa, ordea, ez da txistua eskuetan hartu eta jotzeko erabiltzen duten aldi bakarra. Sanferminetako beste egun batzuetan ere ateratzen dira kaleak doinuz alaitzera. “Duela 8-10 urte arte egunero jotzen genuen”, azaldu du Garmendiak. “Prozesioak izaten genituen uztailaren 7an eta 14an, eta buruhandiekin kalejira eta Gaztelu Plazako dantzaldia izaten genituen beste egunetan”.

Gaztelu Plazan “giro ona”

Letamendiak aitortu du “oso gogorra” zela buruhandien kalejiran jotzea. “Egunero joaten ginen, 09:30ean hasi eta 14:30 arte. Batzuetan, gainera, bezperan lo gutxi eginda”. Gerora, baina, haien lasaigarri, udalak kendu egin zien kalejira hori bete beharrekoetatik; krisia zegoen oinarrian, aurrekontua murriztu beharra. Gaur egun, Gazteluko plazan jotzen dute iluntzean. “Ez dugu lan gehiegi egiten, dultzaineroek ere jotzen baitute. Giro bikaina izaten da, eta jende ugari bertaratzen da. Oso leku aproposa da”. Goizean, berriz, 11:00etan ateratzen dira kalejiran, Alde Zaharrean barrena, bazkalordura arte.