Alpargatak urratu arte

Ikerne Zarate

Herria dantzan jarriko dute beste behin ere. Errenteriako Ereintza dantza taldeko kideek helburu horrekin sortu zuten Erromeria Eguna, 1998an; plaza dantzak berreskuratzea zen erronka, erromeria giroan, herriaren bihotzean. Bihar, 21. aldiz egingo dute jaialdia, eta ehunka herritar aterako dira kalera dantzara; dantzan ez bada ere, beste hainbeste herritar ere irtengo da kalera dantzarekin gozatzera.

Dianarekin hasiko da eguna, 10:45ean, eta, Txorimaloak taldearekin eta Errenteria Musikaleko trikitilariekin batera, han izango dira Errenteriako gaiteroak eta Galiziako Triskele gaita eskolako kideak. Oiartzualdeko txistulariek ere ez dute kale egingo biharko egun handian, eta Zubietako joaldunek gogotik astinduko dituzte joareak. Kalez kale, kalejira egingo dute eguerdian, eta, arratsaldean, berriz, erromeria, Zumardian, 18:00etan. Aiko taldearen emanaldia ere izango da tartean, eta baita herri bazkaria eta bolo jokoen sari handia ere.

Juantxo Maia eta Maialen Iribarren Ereintza dantza taldeko kideak dira. Lehenak 21 urte bete ditu Erromeria Eguna antolatzen; bigarrenak, berriz, Erromeria Egunak beste urte ditu, eta antolaketa lanetan dabil hura ere. Maiak ez du zalantzarik helburua bete dutela. “Plaza dantzak berreskuratzea zen erronka, eta hori lortu dugu”. Aseta dago Ereintza dantza taldeko kidea: “Duela 21 urte antolatu genuen Erromeria Eguna, adin guztietako jendea dantzara kalera, plazara, ateratzeko asmoarekin. Hori zen helburu nagusia, ohitura hori galduta baitzegoen”. Maiak zehaztu duenez, orduan ere baziren erromeria egunak. “Baina Bizarain mendian, ez herrian. Jendeak kalean ez zuen dantzatzen arin-arina eta fandangoa”. Horregatik daude hain harro. “Gure herrian helburua bete dugulako, eta, nolabait esatearren, beste herri batzuetan ere plaza dantzak berreskuratzeko urratsa egin dezaten aitzindari izan garelako”.

Maiak harro gogoratu ditu Erromeria Egunaren lehen bi urteak. “Izugarriak izan ziren. Ordura arte ez zen halakorik, eta herri askotako jendea etortzen hasi zen gurera. Errenteriako ohitura finkatuta, erromeriak egiten hasi ziren beste herri batzuetan ere”. Antolatzailearen hitzetan, orain, urtero, “antzeko jende kopurua” biltzen da Erromeria Egunean. “Baina izugarriak izan ziren lehen urte haiek. Jendeak gogo handia zeukan”. Antzeko hausnarketa egin du Iribarrenek ere. “Jende dezente animatzen da urtero-urtero; gero eta dantzari gehiago ditu herriak”.

Emaitzarekin “pozik” daude, baina “arantza txiki bat” ere badutela aitortu du Iribarrenek: “Haurrek parte hartzen dute, eta baita helduek ere; baina, gazteen artean, Ereintza dantza taldeko kideak bakarrik aritzen gara Erromeria Egunean”. Hutsunea dute esparru horretan, eta saiatu dira gazteengana heltzen, baina ez dute lortzen azken urrats hori egitea. “Ni saiatu izan naiz nire inguruan dantzan ibiliak direnak edo lagunak xaxatzen; egun honetaz gozatu nahi dutenengana jo izan dut, eta horiei ere gustatzen zaie eguna, polita iruditzen zaie, eta gustuko dute, baina ez dira animatzen dantzan hastera”. Hor daukate erronka. “Herriarengana heldu gara, baina gazteekin ez dugu asmatu. Hor eragin behar dugu orain”.

Ereintzako bi kideek plazara inguratzeko deia egin diete herritarrei: “Herriarentzat egiten dugu Erromeria Eguna, gure herriari egiten diogun eskaintza da; jai euskalduna eta oso irekia da, norberak erabakitzen baitu dantza egin nahi duen edo ez, arratsaldeko saioan parte hartu nahi duen, goizekoa nahiago duen, edo bietan aritu nahi duen”. Egunaz disfrutatzeko “mila modu” daudela azpimarratu du Iribarrenek.

Maiak ere kalera ateratzeko deia egin die herritarrei. “Gozatu eta gozarazi Erromeria Egunarekin”. Eskaera jakin bat ere egin du: “Ahal dela, baserritar jantzita parte hartu. Ez da ezinbestekoa, baina horretara animatu nahi dugu jendea”.

Errenteria Dantzan

Biharko egunarekin nahikoa ez duenak gozatzen jarraitzeko aukera izango du datorren ostiralean. Izan ere, Ereintza dantza taldeak Errenteria Dantzan jaialdia egingo du, hilaren 19an. 18:30ean hasiko da desfilea, Santa Klara kalean, eta 19:00etan izango da emanaldia. Aurten, Armeniako Bert taldea izango da oholtzan. Armeniako hainbat kulturatan oinarritutako doinuak eta dantzak egingo dituzte. Ereintzak, berriz, Eltziegoko, Bizkaiko eta Gipuzkoako dantzak eskainiko ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

17 + 9: