Gehiengoaren aurrean, gutxiengoa

Gehiengoaren aurrean, gutxiengoa

Udane Arbeo

Eguraldi ona hasi berritan, hondartzak lepo beteta daude. Erlaxatzera joan nahi izaten du jendeak, baina askok buruhausteekin jarraitzen dute. Gehienek sekula ez dute izan arazorik surflariekin; horiekiko jarrita dauden neurriekin dago jendea bereziki deseroso.

“Bainatu nahi duen gehiengoaren aurrean, gutxiengoa dira”, adierazi du Maria Jose Garrok (Tafalla, Nafarroa, 1952), Donostiako Zurriola hondartzara sarritan joaten den herritar batek. Banderaz beteta dago hondartza osoa, surflarientzako esparrua bereizita. Espazio horrek baldintzatu egiten ditu bainulariak, eta asko kexu dira azalpen faltagatik. Herritarrek ez dute ulertzen zergatik dagoen “desoreka” handi hori. Askoren ustez, toki gehiegi dago surflarientzat, eta hondartza “erdi eta erdi” banatu beharko lukete gutxienez.

Herritarrak hondartzako espazio murrizketagatik kexatzen dira. Hondartza ondoan jaioa da Marta Lasa (Donostia, 1978). Gogoan du gazteagoa zela ez zegoela surflariekiko inolako neurririk. “Arau horiek ezarri aurretik, izugarria zen egoera”. Surflariak eta bainulariak elkarrekin zeuden denak, eta “beldurgarria” zen hori. “Istripuren bat edo beste izaten zen”, Lasaren hitzetan, eta neurriak hartzen hasi ziren egoera hori konpondu nahian, baina kontrola galdu zuten azkenerako.

“Tristea, tamalgarria”, iruditzen zaio Garrori “uretan sartu nahi dutenek toki txiki batean pilatu behar izatea”. Surflariek, bitartean, beraientzat dute gainontzeko hondartza osoa. “Surflariak lehenengo, eta beste herritarrak ondoren”.Neurriak aldatzeko desioa dute hondartzara joaten direnek, herritarrentzat “ulergaitza” baita hartutako erabakia. Gehienek diote arauak aldatuko lituzketela, euren esku balego. Manu Barrenetxea (Donostia, 1952) da horietako bat: “Bainularientzako leku gehiago jarriko nuke, baina horretarako kontuan zein irizpide hartzen diren jakin beharko litzateke, neurri egokiak hartzeko”.

Surflariek surfean aritzeko eskubidea dute. Gehienak ados daude horrekin. Baina Zurriolako hondartzan zatirik handiena surflarientzat dela baieztatu du Jose Zuluetak (Donostia, 1925). “Denerako eskubidea dute denek. Hondartza hau handia da, baina hondartza erdia baino gehiago hartu dute jada”. Bainulariek zati handiagoa izan dezatela eskatu du Zuluetak ere. Bainatzeko beldurrez izaten da jendea, surflariek zartada emango diotelakoan. Horregatik, beste erabaki batzuk hartu beharko lituzketela uste du.

Arazoak surflarien artean

Harago doa espazio faltaren gatazka. Uretan bainatzera sartu nahi dutenez gain, surflariek eurek arazoak dituzte beraien artean. “Hemen jada ezin da surfean aritu”, azaldu du Lasak. “Izugarria” da surflarien masifikazioa, eta istripuak izaten dituzte beraien artean ere. Gehienek aitortu dute sekula ez luketela debekatuko surfean ibiltzea. Baina, zaila izan arren, bateragarria izan dadin, “espazioak berrantolatzeko” eskatu diete arduradunei, bainulariei toki gehiago emateko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.