Ohitura zaharrak, beti berri

Ohitura zaharrak, beti berri

Udane Arbeo

Dagoeneko asko erabiltzen ez diren objektu ugari daude Euskal Herrian. Tradizioan indar handia izan bazuten ere, ahanzturan gelditu dira gehienak, ia ezerezean. Urteetan artisauek, baserritarrek nahiz arrantzaleek euren kabuz ekoitzi zituzten objektuak dira; oso landuta eta perfekzionatuta zeuden. Mendez mende galtzen joan dira, jendearen oroitzapenetatik ihes egiten. Horietako batzuk berreskuratu eta garai bateko ohiturak berritzeko asmoz, Bitamine Faktoriak Hau lehiaketa jarri zuen martxan duela hiru urte, Euskal Herriko objektu tradizionalen diseinua oinarri hartuta.

2011n sortu zen Bitamine Faktoria, artista talde baten lanari esker. Kultur, diseinu eta artelan proiektuak garatzea du xede sormen eta ekoizpen lantegi horrek. 2016an, Bitaminek ekin zion Hau proiektuari, baina hainbat bazkideren laguntza izan dute bidean: Mondragon Unibertsitatearena, San Telmo museoarena, Aranzadi zientzia elkartearena eta Ramirez i Carrillo estudioarena. Etnografia eta diseinu arloko adituekin elkarlanean aritzen saiatu ziren hasieratik; “zorionez”, erakunde horiekin lanean aritzeko aukera izan dutela azaldu du Bitamineko komunikazio arduradunak, Carlos Sanchezek (Tolosa, 1978).

Poliki-poliki, handitzen ari da parte hartzaileen kopurua, eta sendotzen ari da lehiaketa bera. Lotura berriak sortzen ari dira garai bateko objektuen eta gaur egungo erabileraren artean, eta tradizioan, euskal kulturan eta diseinu garaikidean murgilduta ari dira lanean; horiek dira lehiaketaren helburu nagusiak.

Bitamine Faktoriak hasieratik egin izan du diseinu lan handia, hainbat proiektu garatuta; arte garaikidearekin lotura daukatenak, tartean. Atzerriko artistekin ere harreman handia du faktoriak. Baina, bide horretan, “diseinua guztiz nagusitzen den proiektu baten falta” sumatzen zutela adierazi du Sanchezek. Horregatik egin zuten deialdia. Ordurako ezagutzen zuten atzerriko lehiaketaren bat, gainera. “Argentinan, adibidez, antzeko proiektu bat egin izan dute”. Kulturarekin lotura handia duen objektu bat aukeratzea eta berritzea da gakoa. “Ideia polita” iruditu zitzaien Bitamineko kideei, eta Euskal Herrira ekarri zuten. Horrela sortu zuten Hau lehiaketa.

Gaur egungo erabileraren bat emateko tresna edo objektu jakin bat aukeratzen dute urte bakoitzean. “Horri esker, proiektua garatu eta bigarren bizitza moduko bat eman ahal izango diegu garai bateko hainbat objekturi”, azaldu du Sanchezek. Baserriko lanekin lotura daukaten objektuak aukeratzen dituzte gehienbat; gaur egun oraindik ere nolabaiteko funtzioren bat betetzen duten objektuak. Taloaskea aukeratu zuten lehen deialdian; plater angeluzuzen bat da talo aska, euskal artzainek egoskariak edo lekaleak jateko erabiltzen zutena. Eta kutxa altzariaren berrinterpretazioa proposatu zuten bigarren lehiaketan: baserrietako jatorrizko altzaria, jakiak, jantziak edo bestelako hainbat objektu gordetzeko erabili izan dena.

“Zorionez”, lortu dute hirugarren urtez lehiaketa egitea. Tradizioak eta garaikidetasunak bat egin dute aurten, eta zizeilua proposatu dute eraldatu beharreko objektu gisa, baserrietan oso ohikoa zen altzari funtzionala. Horma batean egoten zen normalean, sutondotik gertu, eta lurrean sostengatzen den bizkarralde garaia du. Eraitsi daitekeen taula da banku mahaiaren berezitasun nagusia.

Antolatzaileen eskaerak bete eta proiektua gauzatuta, Zura lanak irabazi du sari nagusia. Mondragon Unibertsitateko industria diseinu eta produktu garapeneko ingeniaritza graduko ikasketak egiten ari diren hiru ikasle daude proiektuaren atzean: Uxue Ariztimuño (Lasarte-Oria, 1999), Olatz Mandiola (Eibar, 1999) eta Amaia Baztarrika (Ibarra, 1999). Epaimahaiaren hitzetan, objektuaren teknika, funtzioak eta formak “trebeziaz eta sentiberatasunez” uztartzen ditu hiru ikasleek sortu duten lanak. “Lengoaia aberastasuna” antzematen da proposatutako diseinuan, “jatorrizko objektuarekiko fideltasuna gordeta”, eta egungo usadio eta ohituretara gaurkotu dituzte ezaugarri nabarmenetako batzuk.

Ariztimuñok azaldu duenez, irakasgai batean proposatu zieten proiektua garatzeko, ondoren lehiaketa batean aurkezteko. “Produktu ona izan zitekeela iruditu zitzaigunez, garatzea erabaki genuen”. Lehiaketa irabazteak “prestigio handia” emango diela onartu du egileetako batek. “Guretzat polita da guk egindako produktu bat garatzea”.

Ideiak, bozetoak…

Hasieran eman zieten zizeiluaren ideia aztertu zuten lehenbizi: zizeilua zer zen, non kokatuta egoten zen… Objektuari forma berria emateko ordua iritsi zen ondoren. “Bozetoak egiten hasi ginen, eta horrela lortu genuen nahi genuen produktua”. Ariztimuñok azpimarratu du eurak ez direla profesionalak. “Eta ez gara euskal objektu tradizionalen jakitunak ere”. Baina saria jaso du egindako ahaleginak.

Donostiako San Telmo museoan ikusgai dago Zura proiektua, eta baita lehiaketan parte hartu duten beste zortzi lanik nabarmenenak ere. Nahiz eta horietako batzuk ez diren sartu irabazteko lehian, “gauza interesgarriak” dituztela azpimarratu du Sanchezek. “Erakusketa aberastu egiten da lan horiei esker”. Abuztuaren 31ra arte ikusi ahal izango dira lanak. “Eta guretzat, noski, oso pozgarria da gure proiektua herritarren eskura egotea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.