Zartagin arteko elkartasuna

Zartagin arteko elkartasuna

Beñat Alberdi

Komunikabideetan apaldu egin dira errefuxiatuen kanpalekuetako irudiak. Egungo egoera ezin da alderatu, behintzat, errefuxiatuen “uholdea” bizi zen garaiarekin. Iheslarien egoera ez da apaldu, ordea; ez apaldu, ez eta hobetu ere. Egoera horren jakitun, Zaporeak elkartearekin harremanetan jarri ziren Maria eta Nuria Agirre Aretxabaletako ahizpak. Proiektua gauzatuta, astebete igaro berri dute Grezian, Lesbos uharteko errefuxiatuen kanpalekurako janaria prestatzen.

“Lehendik ere ezagutzen genuen Zaporeak proiektua, eta ederra iruditzen zitzaigun egiten zuten lana”, azaldu du Nuriak. “Horregatik jarri ginen haiekin harremanetan”. Bi ahizpak aurretik ere jardunak ziren elkartasun lanetan; Bosniako errefuxiatuekin, zehazki. Mariak hango kanpalekuetan jardun zuen bi hilabete eta erdiz, haurrekin lanean; Nuria, berriz, Eskoriatzara iritsitako errefuxiatuak babesteko taldean aritu zen hiru urtez.

Zaporeak elkartearekin harremanetan jartzeko lehen urratsak ez zuen izan aparteko zailtasunik. Agirre ahizpek webgunera idatzi zuten, lan egiteko interesa zeukatela azalduz, eta berehala jarri ziren harremanetan haiekin. Mariak eta Nuriak euren poltsikotik ordaindu zituzten bidaiako txartelak, Mariaren hitzetan “astebeterako soilik” zihoazelako. “Hiru asterako joatea da ohikoena, baina denbora gutxiago daukatenak ere joan daitezke”.

Neurri gabeko elkartasuna

Norbere poltsikoak, ordea, ez du izaten garrantzirik kanpalekuetara lanera joaten direnen artean. Izan ere, bi ahizpek nabarmendu dute musu truk lanean ari den “jende mordoa” ezagutu dutela Zaporeak proiektuan. “Adibide gisa, lanerako erabiltzen zuten autoa ere musu truk emandakoa zen”. Hala ere, herritarrek ekarpen ekonomikoa egitea garrantzitsua dela azpimarratu du Nuriak: “Diru ekarpen horiei esker, egunero tokiko barazkiak eta frutak erosteko aukera izaten dugu, eta egunero fruta ale bat jateko aukera izaten dute horrela”.

Biek ala biek hasieratik argi zeukaten bidaiaren arrazoia: “Gu, ia arazorik gabe, munduko edozein lekutara joan gaitezke oporretara zein lanera, baina beste milioika lagunek ez daukate horrelako aukerarik”, zehaztu du Mariak. “Bidegabea da hori”. Lesbosen, 10:00etarako lanean hasten ziren Zaporeak elkarteak Mitilene hirian daukan sukaldean, eta handik Moriako kanpalekua zeukaten gertuen. Aurretik zehaztuta zegoen menuaren arabera ekiten zioten sukaldeko lanari: tipulak eta patatak zuritu, azenarioak moztu, frutak garbitu, ogia erosi eta moztu… Eskuz egiten zuten ia lan guztia.

“Lanik zailenetako bat” sukaldariena izaten dela azaldu dute, “janari duinak egitea delako helburua, eta ez edozer gauza prestatzea”. 1.500 otordu prestatzen zituzten aldiro. “Eta ez da erraza hainbeste jenderentzako janaria prestatzea”, adierazi du Nuriak. “125 kilo makarroi prestatzeko, adibidez, ondo zaindu behar dira osagai bakoitzaren neurriak”. Siriar bati esker ikasi zuten arroza nola prestatu behar den. “Guk uste dugu janaria maitasunez prestatuta posible dela, une batez behintzat, errefuxiatuei bizitza hobe baterako bidean galdu duten duintasuna itzultzea”.

Lesbosen igaro zuten astebetean, sukaldari bat eta beste hamar lagun inguru aritu ziren lanean. Arratsaldeetan, berriz, sei errefuxiaturen laguntza ere jasotzen zuten janaria tuperretan sartzeko. Debagoieneko beste hainbat lagunekin ere topo egin zuten Lesbosen; besteak beste, Idoia Imaz bergararrarekin eta Begoña Murguzur oñatiarrarekin.

Prestatu osteko banaketa

Zaporeak elkarteko langileen lana ez da sukaldean bukatzen. Agirre ahizpen kasuan, janaria prestatu, eta banaketa gunera abiatzen ziren, 20:00ak aldera. Ilara luze bat izaten zuten zain. Danimarkako gobernuz kanpoko erakunde bat arduratzen da banaketaren kontrolaz, eta ilara kontrolpean izaten zuten aretxabaletarrak bertaratzen zirenerako. “Zalantzarik gabe, hori izaten zen zailena”, azaldu du Nuriak. “Haien tokian jartzen zara momentu batez, eta orduan jabetzen zara egoera zer gogorra den”. Haurren adibidea jarri dute biek: “Bi melokotoi eskatzen zizkiguten, eta ukatu egin behar izaten genien eskaera”.

Moriako kanpalekua espetxe izandakoa da, eta alanbrez inguratuta dago dena. “Toki hotza” dela zehaztu dute biek. “Barrakoi modukoetan bizi dira, eta, sarritan, familia bat baino gehiago egoten da barrakoi bakarrean”. 5.000 pertsona inguru daude guztira, eta, kanpalekua gainezka dagoenez, kanpin dendak jartzen hasi dira kanpoaldean. “Oinarrizkoena bakarrik daukate”. Bidaiari ekin aurretik, Zaporeak elkarteko arduradunek argi utzi zieten “lanera” zihoazela, ez beste ezertara. “Eta guk oso argi eduki dugu helburua ez zela kanpalekuak ikustea edo inoren etxean baimenik gabe kuxkuxean ibiltzea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.