Antzinako itsas doinuen bila

Antzinako itsas doinuen bila

Iñigo Terradillos Gaztañaga

Badoa itsas zabalera. Ontziratzeko azken deia ari dira egiten. Olatuen soinua entzuten da, eta kresala sumatzen. Denboran eta munduko itsasoetan nabigatzera doaz itsasoratzen ari direnak. Munduari emandako lehen itzuliaren bosgarren mendeurrenaren aitzakian, euskaldunek munduan utzitako arrastoa munduak euskaldunengan utzitakoarekin uztartuz bidaia egitea proposatzen du Euskal Barrokensemble musika taldeak.

Barrokensemble taldeko Enrike Solinis gitarra jotzaile bilbotarrak eta Miren Zeberio biolin jotzaile tolosarrak sortu, moldatu eta ekoitzi dute Lehen mundu bira, Juan Sebastian Elkano disko-liburuaren egitaraua. “Gustura” daude bi urteko ikerketaren emaitzarekin. Iazko ekainean, ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zen Donostiako Kursaalean, eta proiektuko kide guztiak han zirela baliatu zuten hurrengo lau egunetan grabazioa egiteko.

Bi diskotan banatu dute lana, eta, oinarrian Elkanoren itsasoratzea badu ere, aurreko gertakarietan murgiltzen da lehenengo zatia. “Itsasoari begira egon izan da Euskal Herria, eta euskaldunek mundu osoan barrena bidaiatu dutela eta beste herri eta kultura batzuekin harremana izan dutela erakusten du”, azaldu du Zeberiok. Hori islatzeko, Grezian aurkitutako lehen musika partituraren bertsioa da lehen abestia. Bizitza laburra dela eta aprobetxatu beharra dagoela dio abestiak. “Mendeak igaro arren, bere horretan jarraitzen dute oinarrizko ideiek”.

Elkano, portuetako emakumeak, Magallanesen espedizioa, errituak, sagardoaren erabilera itsasoan, balea arrantzaleak… Gai desberdinetan murgiltzen dira kantuak, eta guztietan agerikoa da musikaren nahasketa. “Lehenengo mundu bira egin zutenean igaro ziren zenbait lekutako musika daukagu, euskaldunak arrantzale eta marinel gisa kontaktuan egon diren hainbat herritakoa nahiz Euskal Herrikoa”. Antzinako euskal musikaren errepertorio ahaztu bat azaleratu dute Euskal Herriaren kasuan.

Abesti tradizionalak dira denak, Solinisen eta Zeberioren begiradatik osatuak. Horien artean da Loa loa kantua. “Elkanoren garaian kokatu dugu, kultura eta erlijio desberdineko herritarrak bizi ziren garaian, eta doinuei beste kolore batzuk emanez islatu dugu eragin hori”, azaldu du Zeberiok. Kristauen, juduen eta musulmanen elkarbizitzaren adibide moduan hartu dute, esaterako, Tuterako eta hango poeta judu baten eta musulman idazle baten testuak ere erabili dituzte musikatzeko. Euskal abestiei bestelako doinuak nahasteaz gain, kanpokoak ere entzun daitezke, beraz, euskal doinuetan.

Ikerketa eta irudimena

Nahasketa hori Elkanoren mundu biraren espedizioan bertan ere gauzatu zela uste du Euskal Barrokensemble taldeak, eta horrela irudikatu dute diskoan: “Egunak, asteak eta hilabeteak igarotzen zituzten itsasontzian, eta elkarri istorioak kontatzen zizkioten moduan, ziur gaude musikarekin ere antzera egingo zutela, norberak bere abestiak kantatuz”. Musika sortuko zuten adierazgarri da, hain justu, erregistratuta dagoela danborrak eta panderoak eraman zituztela espedizioan.

Abestien osaketaren atzean dagoen “lan handia” azpimarratu du biolin jotzaileak. “Zaila da, baina polita. Gustatzen zaigu aspaldiko hitzak hartu eta horiei doinuak jartzea”. Ikerketa lana dago partituren interpretazioaren atzean, eta idatzietan topatzen duten horretan oinarritzen dira garai jakin batean kokatzeko eta doinuak nolakoak izango ziren irudikatzeko. “Baina irudimena ere erabili beharra dago batzuetan”.

Diskoak albo batera utzi nahi du euskaldunena herri bakartua izan den ideia, eta, egindako bidaien ondorioz, euskal kulturan aztarna ugari geratu direla erakutsi nahi du lanak. Era berean, euskara eta euskal kultura erakutsi ere nahi dute. Lana argitaratu duen Alia Vox zigiluari esker, nazioartean ere hedatuko da disko-liburua. “Jordi Savall kataluniarraren zigilua da. Maisua da antzinako musikan, eta oso pozik gaude, luxua baita berarekin lan egitea”.

“Oso pozik” daude, halaber, lana osatzeko alboan izan dituzten kolaboratzaileekin. Ohiko kideez gain, berriak ere izan dituzte; Xabier Amuriza bertsolaria, kasu: “Elkanoren paperetik bertso bat egiteko eskatu genion. Garai hartako bertsolaritza oso desberdina izango zela kontuan hartuta, doinu bat proposatu genion, eta bertso polit bat egin digu”, azaldu du tolosarrak.

Garai hartako melodiak eta testuak erabiliz sortutako 50 konposizio aurki daitezke diskoan, eta, lekuei dagokienez, Euskal Herriaz gain, Espainia, Italia, Ternua eta Islandiako doinuak ere entzun ahal dira. 50 artistak baino gehiagok hartu dute parte horien osaketan; tartean, Donostiako Orfeoi Gazte eta Txikiko ahotsek, eta baita lehen mundu birarekin eta XVI. mendeko nabigazioarekin lotura duten herrialdeetako artistak.

Zuzeneko emanaldiak

Bi diskotan dago banatuta musika, eta garai hartan kokatzen laguntzen duten testuak ere irakur daitezke zazpi hizkuntzatara itzulitako abestien hitzez osatutako liburu mardulean. Testuinguru historikoari buruz idatzi dute Pablo Perez-Mallaina Sevillako Unibertsitateko katedradunak eta Xabier Alberdi Euskal Itsas Museoko zuzendariak; Antonio Pigaffeta kronikagile veneziarraren testuak ere badaude —bidaiaren kronika idatzi zuen—, eta baita Elkanoren beraren jatorrizko testuak ere.

Iaz Kursaalean egin bezala, aurrerantzean ere izango da ikuskizunaz zuzenean gozatzeko aukera. Okzitaniako Conques herrian izango dira uztailaren 19an; Huescan (Espainia), abuztuaren 3an; eta Lekeition (Bizkaia), abuztuaren 11n, Itsas Soinua jaialdian. 2020rako, berriz, dagoeneko hitzartu dute Bilboko Arriaga antzokian emanaldia errepikatzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.