Begiak argitu, gutxi jasota ere

Begiak argitu, gutxi jasota ere

Udane Arbeo

Boluntario gisa noiz hasi zen ez daki Miren Gurrutxagak (Azpeitia, 1968). 14 urterekin, jada, boluntario gisa ari zen mendizaleen elkartean. “Era informalean aritzen nintzen, gizarteko parte hartzea era zabalean ulertuta”. Hainbat boluntariotza egin ditu bizitzan: Gizakia Helburun, Hezkide Eskolan eta Caritasen, besteak beste. Aitortu du herritar guztien ardura dela boluntariotza, eta, nahi izanez gero, denek aurki dezaketela denbora.

Bi boluntario mota daude Gurrutxagaren arabera: bata, kontzienteki boluntarioa dena, begirada berezi bat duelako eta inguruan dauden arazoak ikusteko gaitasuna duelako. “Ikusten duzunaren arabera, horren partaide izatera bultzatzen zaitu”. Eta bestea, “dena delakoagatik”, boluntario izatera iristen dena. “Begirada berezia izatera bultzatzen zaitu horrek”.

Duela hamabi urte sortu zen Sareginez plataforma, boluntariotza programak dituzten arlo eta kolektibo ezberdinekin lan egiten duten elkarteen sarea; egun, hogei elkartek osatzen dute. Gizartean boluntariotza sustatzeko eta bistaratzeko sortu zen, nahiz elkarte bakoitzak bere egitura duen: Hurkoa fundazioak, Afagik, Nagusilanek, Adinkidek, Gurutze Gorriak, DYAk, Caritasek eta Gizaldek, besteak beste.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eman zuen sarea sortzeko lehen pausoa, boluntariotza elkarteak batzen zituen sarerik ez zegoela ikusita. Gaur egun, guztiz autonomoa da erakundea, baina, hori bai, aldundiaren laguntza jasotzen du oraindik ere. 2017ko datuen arabera, gipuzkoarren %14 ari dira batean edo bestean boluntario lanetan. 2012an, berriz, gipuzkoarren %8,2 ari ziren boluntario lanetan.

Boluntario falta

Datuak aztertuta, Gipuzkoako boluntario kopurua “handia” dela uste du Gurrutxagak. “Herritar izateak berak eskubide batzuk ematen dizkigula uste dut, baina, era berean, badauzkagu ardura batzuk ere, eta, ideia horri tiraka, boluntario kopurua txikia dela uste dut”. Alde horretatik, bi bide daude Gipuzkoako boluntariotza erakundearekin harremanetan jartzeko: 943-42 80 13 telefono zenbakia edo gizalde@gizalde.eus helbide elektronikoa.

Ehun pertsona inguru dira, adibidez, Hurkoa fundazioan, baina zazpiehun lagun inguru zaintzen dituzte egunero. “Pentsa zeinen gutxi garen behar bereziak dituzten herritar horiek guztiak zaintzeko”, adierazi du Begoña Zubimendik (Donostia, 1962), Hurkoa fundazioko boluntarioak. Ahultasun, mendekotasun edo babesgabetasun egoeran dauden adineko pertsonen edo buruko gaixotasunen bat duten herritarren arreta, defentsa eta tutoretza du helburu elkarte horrek. Hurkoaz gain, Gipuzkoan badaude adineko pertsonez arduratzen diren beste erakunde batzuk ere, baina, Zubimendiren hitzetan, horietan lanean ari direnak ere ez dira nahikoa behar guztiei aurre egiteko.

Gizartea gero eta zaharragoa denez, “zahartze aktiboa” sustatzen saiatzen dira erakundeak, eta, alde horretatik, adineko pertsonen arloan boluntario premia “erreala” dela adierazi du Gurrutxagak. Era berean, Zubimendik azaldu du jendeak “beldurra” diela buruko gaixotasunei, eta hori izan litekeela boluntario lanetan ez hasteko arrazoietako bat. “Baina ezagutza falta handia dago. Beldurrak gaindituta, oso aberasgarria da behar bereziak dituzten horiek ezagutzeko aukera izatea”.

Boluntario izateko pausoa ematen duten guztiei formakuntza saioa ematen diete edozein elkartetan sartu aurretik, eta profesionalen laguntza eta babesa izaten dute une oro.

Boluntarioen arduradun bat izaten dute guztiek, erreferentziazko pertsona bat. “Boluntario batek inoiz ez du ordezkatu behar lanpostu bat; profesionalen osagarri izatea da euren eginbeharra”, zehaztu du Gurrutxagak. Besteak beste, boluntarioen zalantzak argitzea da arduradun horien egitekoa.

Beharra dutenen lagunak

Hurkoako boluntarioaren hitzetan, “oso desberdina” da boluntarioen eta profesionalen lana: “Profesionalak ez dira iristen tutoretzapekoen alde afektibora, eta arlo hori lantzen dute boluntarioek”. Adineko pertsona horiekin egoten dira boluntarioak, barrua askatzen laguntzeko edo dituzten kezkei irtenbide bat emateko. “Laguntza behar dutenen lagunak gara boluntarioak, familiarik edo kuadrillarik ez dutenen lagunak”.

Gurrutxagak eta Zubimendik azaldu dute bakardade eta bakartze handia dagoela gaur egun. Esaterako, “adinekoen, buruko gaixotasunak dituztenen, adimen urritasuna dutenen edo gizarte trebetasun gutxiko pertsonen” bakardade kasuak dira larrienak. “Azken finean, buruko gaixotasunak eta gaixotasun fisikoak sortzen ditu bakarrik sentitze horrek”, adierazi du Zubimendik. Horregatik, pertsona horien ondoan egotea eta pertsona horiek “pixka bat zoriontsuago bihurtzea” da boluntarioen erronka.

Boluntario lanak norbera “ase” egiten duela azaldu dute biek ala biek, eta oso argi daukate eurek ez diotela utziko boluntario lanari. “Denon beharra daukagu aurrera egiteko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.