Hanka laburreko erraldoiak

Hanka laburreko erraldoiak

Kerman Garralda Zubimendi

Urrutitik begiratuta, eserita dauden herritarren erdian zutik dauden hiru lagun dirudite Zozomikotek, Errepuierrek eta Kofradeak. Gerturatutakoan, ordea, argi ikusten da inguruko guztiak baino handiagoak direla, eta, eserita egon beharrean, dantzan eta jolasean dabiltzala. Erraldoiak dira Zozomikote, Errepuierre eta Kofradea, baina erraldoi txikiak, preseski haurrentzat egindakoak; eta Ordiziako santanetako protagonista bilakatuko dira bihar, Haurren Egunean.

Ordiziarrek ondo baino hobeto ezagutzen dituzte Zozomikote, Errepuierre eta Kofradea, baina hiru erraldoiak lehendabizikoz ari dira santanekin gozatzen. Duela egun gutxi amaitu zituen Mari Tere Martinez eskulangile ordiziarrak. “Asko maite ditut Ordizia, haurrak eta eskulanak, eta gustura ibili naiz lanean”, aitortu du Martinezek. “Ordu asko behar izan ditut, halere, denbora eskatzen baitu hain pertsonaia handiak sortzeak”, argitu du. Martinez ez da bizi eskulanak egitetik, baina horixe du benetako pasioa: pinturak, eskulturak eta txotxongiloak landutakoa da aurretik, eta handira jo du orain. “Azken finean, antzekoak dira erraldoiak eta txotxongiloak; bizia emango dien norbait behar dute”.

Martinezek Ordiziarekin lotura estua duten pertsonaiak hautatu ditu erraldoiak egiteko. “Patxi Zubizarreta idazleak, Xabier Araña marrazkilariak eta Aitor Furundarena musikariak kaldereroen festak hauspotzeko sortutako pertsonaia bat da Zozomikote”, azaldu du eskulangileak. Kondairaren arabera, ordiziarrei denbora, laminari urrezko orrazia eta hartzari buztana lapurtzen dizkie “pertsonaia kokin horrek”, eta bereizgarri guztiak jarri dizkio Martinezek. “Kaldereroa da Errepuierre ere. Erre egiten dute inauteri garaian, eta hortik datorkio izena”, azaldu du Martinezek. “Baina erraldoia ez dugu erreko; urtero ezin dut egin berri bat!”, dio txantxetan.

Ordiziako Idiazabalgo Gaztaren Kofradiako kidea da hirugarren erraldoia. Kofradia horretako kideak erraz bereizten dira euren tunika beltz, lepoko berde eta txapel handiekin, eta, gaztak herrian duen garrantzia ikusirik, Martinezi pertsonaia egokia iruditu zitzaion erraldoi bat egiteko. “Beste hiruzpalau pertsonaiarekin ari naiz orain. Buruak prest dauzkat, baina lan handia daukat oraindik”, ohartarazi du. “Ez dut esango noiz egongo diren prest, boladaka egiten baitut lana, baina amaituko ditut, ziur”.

Sortze prozesua ez da egun batetik besterakoa, lan handiak baitira bakarrik egiteko: bi metro pasa dituzte erraldoi guztiek. “210 eta 230 zentimetroko garaiera ematen diet. Hortik gora zailtasunak izaten ditut lantzeko, eta haurrei ere gehiago kostatzen zaie mugiaraztea, pisu gehiago hartzen dutelako”. Martinezek bere kabuz lantzen ditu egiturak, xehetasunak, jantziak… “Ez dira egoten bi metroko jantziak, eta josi egin behar izaten ditut”. Baina ideia berbera errepikatu du berriz: “Gustura egiten dut lan hau. Asko betetzen nau erraldoiak dantzan eta haurrak dibertitzen ikusteak”. Horixe da Martinezen saria, erraldoiak dohaintzan eman baitizkio herriari, txikienek goza dezaten.

Festak, haurren eremu

Pita bustitzen hasiak dira dultzaineroak, eta dantzak azken aldiz errepasatzen ari dira erraldoiei bizia emango dieten gazteak. Haurren asteburua dute Ordizian, eta ekintza ugari izango da bihartik aurrera, erraldoi eta buruhandien kalejirak tartean. “Erraldoi berriak, dagoeneko jendaurrean aurkeztu dituzten arren, bihar estreinatuko dituzte”, azaldu du Martinezek berak. “Ordiziako erraldoi klasikoak irtengo dira, eta beraiekin joango dira Zozomikote, Errepuierre eta Kofradea ere”. Erraldoi zaharrek 26 eta 42 kilo arteko pisua dutenez, ez dira egokiak haurrentzat, eta, horregatik, eskertzen dituzte erraldoi txikiagoak. 14-15 urteko gaztetxoek erabiltzeko tamaina ertaineko erraldoi bat, eta 6-8 urteko umeentzako beste lau ere badauzka Ordiziako Erraldoien Lagunak taldeak.

Erraldoiak bihar eguerdian irtengo dira kalera, Haurren Egunaren hasiera adierazten duen suziria bota ondoren. Ekitaldiak lehenago hasiko dira, halere, iaz herrian erroldatutako jaioberriei 10:00etan banatuko baitzaizkie ohorezko zapiak. Era berean, asteburuan herriko haurren esku egongo da aginte makila, eta udaletxean harrera egingo diete aginpidea hartuko duten gaztetxoei. Herriko plazan itxarongo diete gainerako gazteek, eta erraldoi eta buruhandiekin kalejira egin ostean, herri bazkaria egingo dute guztiek elkarrekin. Zozomikotek, Errepuierrek, Kofradek eta gainerako erraldoiek beste kalejira bat egingo dute 18:00etan, Ordiziako kaleetan barrena.

22:00etan, berriz, haurrentzako mozorro dantzaldi erraldoia egingo dute Beti Alai pilotalekuan, eta zezensuzkoaren txanda izango da 23:15ean, Arboledan. Gaua luzatu nahi duenarentzat disko parranda egongo da Domingo Unanue plazan. Haurren ohiko aurresku dantzaldia, gazte mailako pilota txapelketako finalak eta haurren danborrada izango dira igandeko ekitaldi nagusiak. Urteroko legean, Ordiziako Martxarekin amaituko da danborrada, eta festek atseden hartuko dute datorren asteburura arte. Erraldoiekin dantzan ibiliko diren gazteen oinek eskertuko dute geldialdia.

Leave a Reply

Your email address will not be published.