“Konturatu naiz zein inportantea den haurrek musika entzutea”

Asier Perez-Karkamo

Jon Gurrutxagarekin kontzertua eskaini zuen larunbatean, Hondarribiko Jaizubia auzoko Endanea lore saltokiko kafetegian. Urte batzuetan zuzeneko musika alboratuta eduki eta gero, gogotsu itzuli da Urbil Artola (Hondarribia, 1972); bost proiektutan ari da aldi berean. Aitarengandik jaso zuen musikarekiko zaletasuna [Txomin Artola], eta bere haurrei eskaintza hori bera egin nahi die orain.

Zer moduz joan zen larunbateko kontzertua? Gutxitan joko zenuen hain leku berezian, ezta?

Hala da, bai. Banekien tarteka emanaldiak eskaintzen zituztela, hor jotakoak baitziren lagun batzuk. Jon Gurrutxagaren zalea da bertako jabea, Lierni, eta gustura esan genion baietz han jotzeko eskatu zigunean. Naturaz inguratuta dago dena; letxugak, landareak… horrelakoak daude inguruan, eta leku berezia da.

Berez, nahiko lotsatia izan zara oholtzan, baina antzematen da Jon Gurrutxagarekin baduzula nolabaiteko konplizitate berezi bat; asko hitz egiten duzu berekin, barre egin ere bai…

Lotsatia izan naiz beti; garai batzuetan, ziurrenik, dezente gehiago, Sorotan Beleren garai haietan batez ere, gazteagoak ginelako; nortasunarekin lotutako zerbait izan daitekeela pentsatzen dut. Urteetan egon naiz apenas ezer egin gabe, jo gabe, eta garapen bat eduki dut. Lotsa alde batera uztera iritsi naiz. Baina konturatu naiz denei gertatzen zaigun gauza bat dela; geure burua jendaurrean jartzean, ez gaude gure medio naturalean, zerbait erakusten ari gara jende kopuru baten aurrean, eta horrek ardura bat dakar berekin. Garai batean, lotsa nuen; hori galdu dut, baina, era berean, saiatzen naiz erabat kontzentratuta egoten.

Pixka bat zaila da oraindik ere niretzat, eta horregatik gustatzen zait norbait ondoan izatea, kantari nagusia ni bakarrik ez izatea; askoz erosoago sentitzen naiz bigarren planoan. Egia da kasu honetan Jonek eta biok kartela elkarbanatzen dugula, bien izenak ageri direla, baina bereak dira abestiak, beti sentitzen naiz bigarren planoan bezala, eta hor goian egoten laguntzen dit horrek.

Zuretzat berezia izan zen larunbateko kontzertua, Gerry Fitzpatrick Dublingo dobro jotzailea zegoelako entzuleen artean…

Bai. Duela hogei bat urte, Dublinera joan nintzen lagun batzuekin egun batzuk pasatzera; han bizi da arreba. Ordurako hasia nintzen etxean dobroa jotzen, arrebak bazekien Gerryk dobroa jotzen zuela, eta pub batean jotzen zuen gu han ginen egunetako batean. Gerry izan zen zuzenean ikusi nuen lehen dobro jotzailea, eta harremana izan dugu geroztik. Oso gutxi gara [barrez], eta, norbait ezagutzen dugunean, berehala hasten gara beste dobro jotzaileez edo musikaz hitz egiten, berehala sortzen da hartu-eman bat, eta mantendu egiten dugu harreman hori.

Nolatan hasi zinen dobroa jotzen?

Neurri handi batean, aitarengatik. Etxean bazeuden gitarrak; musika presente zegoen. Jotzen nuenean, teknikoki ez nuen aurreratzen, baina ondo pasatzen nuen. Hasi ahala, beste instrumentu bat jotzeko gogoa pizten zitzaidan. 2003an-edo, horrela hasi nintzen biolina jotzen, disko askotan entzuten nuelako, Irlandako musikarekin hasita. Bluegrass musikari edo folkeko bakarlarien atzean dauden musikariei begira hasi nintzen, eta biolinetan eta dobroetan jarri nuen arreta. Eta, bereziki, estudioko musikari bati egin nion jarraipena, disko askotan ageri zen bati: Jerry Douglas estatubatuarrari. Oso gauza politak egiten ditu. Abeslariari edo beste musikariei kasurik egin gabe, bera entzuten bakarrik egon zaitezke disko osoan.

Biolinarekin hasi nintzen, baina berehala konturatu nintzen ordu asko behar zirela hutsetik hasteko. Niretzat arrotzak ziren bai arkua eta bai mastaren digitazioa. Eta, finean, sei sokako gitarra bat da dobroa. Eskuineko eskua pixka bat garatuta neukan akustikarekin arpegioak egiteko, baina ezker eskuarekin barrarekin jolasten ikasi behar izan nuen. Niretzat biolinaren jauzia baino arinagoa zen dobroarena.

Asko jokatzen duzu pedalekin. Gustatzen al zaizu esperimentatzea?

Pedalen mundua musika elektrikora lotuta dago gehiago. Akustikoetan ere erabiltzen dira pedalak, baina gehiago lantzen da berez instrumentuak duen soinu akustiko hori. Estilo batzuentzat, instrumentu elektrikoak hobeak dira akustikoak baino. Maribopen, adibidez, jotzen dudan taldeetako batean, instrumentu akustikoak eraman nituen lehen entsegura, baina berehala konturatu nintzen ez zegoela lekurik; berehala galtzen zen, musikak betetzen zuelako. Elektrikoak gehiago laguntzen du nahasketa horretan norbere lekua bilatzen.

Maribop aipatu duzu, baina beste lau talde ere zerrenda daitezke. Bost proiektutan zabiltza…

Folk musika asko entzuten nuen dobroak erabat lotu ninduenean; bluegrass estiloak, gehienbat. Estilo horretan, bere momentua du instrumentu bakoitzak, eta horietako bat da dobroa. Bilbon badago folkeko jam session bat, eta Donostiako musikari bat ezagutu nuen han; Howdy izeneko talde bat zeukan. Talde irekia zen, musikariak sartzen eta ateratzen ziren, eta bertan sartzera animatu ninduen.

Howdyrekin bakarrik ibili naiz urte batzuetan, baina egia da beste lau proiektutan sartu naizela azken bi urteetan. Lehenengo Maider izan zela uste dut; bakarkako bidea hasi aurretik jarri zen nirekin harremanetan. Ez nuen oso argi ikusten, neure burua entrenatu gabe ikusten nuelako, akustikoa utzita nuelako guztiz. Maiderren kantu horietan bazegoen lekua dobroarentzat eta lap steelentzat, baina beste batzuetan arraseoak egitea eskatzen zuen gehiago. Dena den, urte askoko harremana neukan berekin, eta erakargarria egiten zitzaidan proiektua.

Bestalde, weissenborn gitarra bat eskuratu nahi zuen Jonek [Gurrutxaga], eta bazekien nik banuela bat. Etxera etorri zen, eta jotzen aritu ginen. Hizketan ari ginela, handik hilabete gutxira disko bat ateratzeko asmoa zuela esan zidan, eta ea kanturen batean parte hartzera animatuko ote nintzen, weissenbornarekin edo dobroarekin. Dobroa jo nuen Kateak diskoko abesti batean, eta zuzenekoetan hasi ginen berehala. Elkarrekin oso gustura ibili izan gara hasieratik; ondo konpontzen gara. Musikalki, ni oso eroso sentitzen naiz formatu txikietan. Gauzak ez daude hain lotuak; estruktura bat bada, baina dinamikoagoa da dena, xehetasunetarako leku gehiago dago. Jonek, gainera, oso blueseroak diren kantu batzuk dauzka, eta alaiagoak edo folkagoak dira, agian, beste batzuk. Bi aukerak politak dira niretzat; oso eroso sentitzen naiz, eta, era berean, asko ikasten ari naiz. Polita da estilo desberdin horiek ere ikastea.

Maribopen estiloa, esaterako, ukitu mediterraneoko dub-noir elektronikoa, erabat berria da zuretzat.

Eta asko ikasten ari naiz haiekin. Hondarribian bizi diren bi ezagunekin ari naiz Maribop taldean, jatorriz Palermokoa den Francesco Gigliorekin eta Peter Walsh dublindarrarekin. Oso nahasketa berezia da. Siziliako kultura ekartzen du Francescok, arabiarren eragin handiko melodiak sortzen ditu, eta horrekin zerikusirik ez daukaten doinu elektronikoak sortzen ditu Peterrek. Inoiz ez nuen imajinatuko horrelako talde batean ariko nintzenik, baina oso erakargarria egiten ari zait.

Iker Laurobarekin ere ari zara…

Jon ezagutu eta gutxira parte hartu nuen Iker Laurobaren aurreneko diskoan, kanta batean, eta Udazkena bigarren diskoan ere parte hartu dut, beste abesti batean. Estudioko egunean esan zidan, “aurrerago, agian, zuzenekoetan ere akustikoak egiteko, Urbil?”. Pila bat gustatzen zait Ikerrek egiten duena ere. Nola konposatzen duen, ahotsak, zer musikari biltzen dituen… “Ba ea iristen den aukera hori”, pentsatu nuen. Eta handik gutxira hasi ginen; ekainetik eskaini ditugu emanaldi batzuk, eta aurreragorako ere baditugu beste batzuk. Zortea daukat, oso gustura ari naizelako bost proiektuetan.

Azken bi urteetan hasi zara Howdy ez beste lau proiektuetan. Aldaketa handia izango zen zuretzat eta etxekoentzat, ezta?

Bai… Jonekin hasieran, Maiderrekin gero… Oso gustura ibili nintzen biekin. Gero, Francescok esan zidan animatzeko, eta engantxatu egin nintzen Maribop taldera; hor ere egon nahi nuen. Eta gauza bera gertatu zait Ikerrekin ere; nola esan ezetz? Pixka bat larritzen hasi nintzen, etxeko eginbeharrak eta musika elkartzen direlako askotan. Errepertorioak prestatzeko ere denbora behar da, fresko eduki behar dira errepertorioak, gerta daitekeelako asteburu batean hiru talderekin aritzea. Egia da jada lasaitu naizela Ikerren errepertorioa prestatu dudanean; hobeto nago orain, baina larrituta ibili naiz garai batzuetan.

Etxean aritzen zara, ala beste musikariekin elkartu behar izaten duzu nahitaez?

Entsegu gutxi egiten ditugu Howdyrekin; hilean behin geratzen saiatzen gara, eta emanaldi baten aurreko astean ere bai. Gauza bera egiten dut Maiderrekin ere; partaide naizen taldeen artean bateria duen bakarra da, eta lokal berezi bat eskatzen du bateriak, ekipo handiago bat. Maribop salbu, akustikoak dira beste guztiak, eta etxeko salan egin daitezke entseguak, inori trabarik egin gabe. Maiderren kasuan, sei gara taldean, eta beste lokal bat behar da; lokala eta agenden koordinazioa. Emanaldiaren aurretik, elkartu egiten gara egun batean, errepertorioa freskatzeko; pop taldeetan komeni da talde guztiarekin entsegu orokor bat egitea. Jonekin hainbeste aldiz aritu naiz, nahiko kontrolatuta daukagu dena, eta etxean prestatzen du bakoitzak. Nahiko gutxi entseatzeko joera izaten dugu Ikerrek eta biok.

Ateak irekita edo itxita aritzen zara etxean?

Egun argiz entseatzen dudanean, ateak irekita, kaskorik gabe, haurrek ere entzun dezaten. Gauez ezin izaten dira jo abesti akustikoak, baina elektrikoak bai, kaskoekin. Horregatik, gauez prestatzen ditut abesti elektrikoak.

Zure errepertorioaz gain, musika presente egoten al da zuen etxean?

Jartzen dut, baina nahi baino gutxiago, ohitura galdu dudalako. Askoz gehiago entzuten nuen gazteagotan. Ez dakit asko entzun dudalako den… Oraindik ere gustatzen zait entzun ez ditudan gauzak deskubritzea, baina kuriositate gutxiago daukat, agian. Gogoan dut behin Irlanda erdialdean zegoen jaialdi batera joan nintzela Jerry Douglasek emanaldia zeukalako bere taldearekin; lehen aldiz ikustekoa nintzen, eta jaialdiko talde guztiak gustatu zitzaizkidan, denak; bakarlariak, taldeak… Denak deskubritu nituen, eta denak gustatu zitzaizkidan. Orduan konturatu nintzen ondo egina dagoen guztia gustatzen zaidala.

Konturatu naiz zein inportantea den haurrek musika entzutea. 6 eta 3 urte dituzte nireek, eta seguru nago musika entzutearekin bakarrik informazio bat sartzen zaigula buruan. Hizkuntzaren kasuan bezala, hitz bat jakin gabe jaiotzen gara, eta nola ikasten dugu hitz egiten? Bada, gurasoak hizketan entzunez; hilabeteak, urte bat… eta, bat-batean, lehenengo hitza esaten dugu. Gauza bera gertatzen da musikarekin; buruan geratzen da jasotako informazioa, eta, noizbait instrumentu bat ikasten hasten bazara, ideia horiek azaleratu egingo dira uneren batean, mantendu egiten dira.

Musikaria da Nora zure arreba ere. Aita ezagututa, ez da kasualitatea…

Estiloak eta taldeak deskubritzen aritzen zen aita ere. Musikari askorentzat bezala, beretzat ere oso garrantzitsua zen Beatles taldea. Nik askoz geroago deskubritu nuen talde hori, eta hor tranparen batek egon behar zuela pentsatzen dut oraindik. Nola liteke? Zenbat gauza desberdin egiteko gai izan ziren hain gazteak izanda! Seguru nago Beatles existitu izan ez balitz musikak beste norabide bat izango zukeela egun; ez dut esaten hobea ala txarragoa izango zenik, desberdina baizik. Miles Davis tronpetarekin bezala, itsasargi gisakoak izan ziren musikari batzuk; instrumentuaren norabidea aldatzeko gai izan ziren. Hori egin zuen Beatlesek, ez instrumentu batekin, baizik eta estilo oso batekin.

Ingalaterratik iristen zen musika asko entzuten zuen aitak, eta baita folk asko ere; Irlandako musika ere bai; John Renbourn Pentangle taldearekin, adibidez. Gogoratzen dut garai batean aita txundituta egon zela Errenazimentuko musikarekin; lauteak eta horrelakoak entzuten zituen.