Plastikoen txikitik handirako guda

Plastikoen txikitik handirako guda

Beñat Alberdi

Pasa den ekain hasieran, Zero Waste Europe mugimenduak plastikorik gabeko astea deitu zuen. Ekintzak berak baino eragin nabarmenagoa izan zuen banatutako informazioak; hala nola plastiko hondakinek ozeanoetan bukatzen dutela, eta, ondorioz, arrandegiko arrainetan. Kontzientzietan ere eragin zuen datu horrek; aretxabaletarren artean ere bai. Plastikoa Buruan taldea sortu dute egoera horri erantzuteko. Fokua norbere buruan ere jartzea da erronka, “ekintza txikiek eragin globala daukatelako, azkenean”.

“Buruan geneukan zerbait antolatu beharra”, azaldu du Laura Perez taldeko kideak. “Baina plastikorik gabeko asteak eman zigun bultzada”. Beste kontu bat izan zen erabakitzea norengana jo taldea sortzeko. Funtsean, ez dira batu mugimendu batera; ez dira sartu Zero Waste Europe mugimenduan. Baina argi zeukaten zerbait antolatu beharra zeukatela plastikoaren egungo erabilera aldatzeko. Gizartean hedatuta dago hondakin mota hori bilakaera izaten ari dela, baina nor dago prest antolatzeko? “Azkenean, denok dakigu pertsona bakoitzaren profila zein den eta bakoitzaren interesak zein diren”, gaineratu du Oier Etxebarria taldeko kideak.

Lehendabiziko bilera

Kalean bertan, banku batean elkartzea erabaki zuten. Plastikorik gabeko astea baino hiruzpalau egun lehenago egin zuten. “Norberak bazekien norekin hitz egin zuen eta nor gonbidatu zuen; ez, ordea, besteek zer egin zuten”, azaldu du Perezek. Nolabaiteko hitzordu itsua egin zuten. Sei bat lagun inguratu ziren, baina hamar bat baziren bilera bukatu zutenerako. “Bileran ari ginen bitartean norbait ondotik pasatzen bazen, ‘horri ez al zaio interesatuko’ galdetzen genion geure buruari?”, adierazi du Etxebarriak. Hori izan zen bilera kalean egitearen abantaila.

Prestatzeko egun gutxiko epea zeukatenez, bi ekintza antolatu zituzten: dokumentala eta ondorengo mahai ingurua, eta plastiko bilketa pintxo-pote egunean. Datuak ezagutarazteko balio izan zuen dokumentalak, baina ondorengo mahai inguruan jarri du arreta Etxebarriak. Izan ere, erretiroa hartutakoen aldetik jaso zuten irakasgairik onena: “Plastikorik gabeko garaian jaio ziren, eta gogoan dute nola bizi ziren horrela. Plastikoa zenbateraino den beharrezkoa jakiteko balio digu horrek”.

Zaborrak biltzeko plana, berriz, sinplea zen, ustez: pintxo-pote orduan Kale Nagusian lurrean zeudenak batu, eta denak plazan eskegi. Eguraldia ez zuten lagun izan, ordea; tabernek ez zituzten jarri terrazak, eta plastiko gutxi zegoen kalean barreiatuta. Plana bete zuten, dena den, baina espero gabeko toki batean aurkitu zituzten hondakinak. “Aurreko egunetan bero handia egin zuenez, haurrak ur puxikekin jolasean ibili ziren”, jakinarazi du Perezek. Eta, ondorioz, globo hondarrez beteta zeuden estolden kanpoaldeak. Zabaltzea erabaki zuten, benetako ondorioak aztertzeko. “Eta litxarrerien poltsez beteta zegoen azpialdea”.

Lehen urrats moduan, beraz, balio izan zien zaborrik gabeko asteak. Perezek nabarmendu du “taldea sortzea bera” izan zela erabakirik garrantzitsuena. Baina, sortzeaz harago, lanean jarraituko zutela erabaki zuten. Irailerako deituko dute taldea guztiz osatzeko bilera; besteak beste, helburuak eta funtzionamendua zehaztea izango da lehen eginbeharra. “Indarrak neurtzeko balioko digu bilera horrek”, zehaztu du Perezek. “Hor ikusiko dugu, adibidez, bakoitzak zenbat denbora eskain dezakeen”.

Hala ere, ez daude ideien faltan, eta pixkanaka definitzen ari da dinamika. “Gure lana ez da izango plastikoa egunerokotasunetik guztiz desagertzea. Gaur egun, ia ezinezkoa da hori”, azaldu du Etxebarriak. “Norbanakoen jokabideetan arreta jartzea da kontua, kontzientzia sortzea; plastikoa erabili behar duzunean zeure buruari galdetzea: ‘beharrezkoa al da?'”, egin du gogoeta Perezek.

Mezuaren garrantzia

Horretarako, garrantzi handia eman diote diskurtsoari. Ez dute erabili nahi debekua bultzatzen duen mezurik. “Eta horregatik aukeratu dugu Plastikoa Buruan izena. Ez dugu esaten zero plastiko nahi dugula, baina asko murriztu dezakegu”, azaldu du Etxebarriak. Udan abiatu dute kanpaina. Oporretara edozein tokitara joanda ere, han aurkitutako hiru plastiko zati batzea sustatu dute, eta argazkia bidaltzea plastikoaburuan@gmail.com helbidera. Hurrengo urtean, plastikoa izango da Agenda 21en gai nagusia, eta, horren jakitun, taldeko kideentzat aukera ona da udalarekin eta eskolekin elkarlanean aritzeko.

Interesa daukan edonorentzat zabalik dago taldea; nahikoa da mezu elektroniko bat bidaltzea. Aretxabaletan ekin diote bideari, baina ez dute jarri nahi mugarik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.