Euskal padela? Ez, pasaka

Erik Gartzia Egaña

Udan sartuta, asteazken eta ostegun arratsaldeetan Oiartzungo plazatik pasatu denak ikusiko zituen hainbat herritar udaletxeko arkupea inguratzen. Txost pilota elkarteak antolatzen duen eskuzko pasaka txapelketa jokatzen ari dira bertan, tenisarekin antzekotasun handia daukan modalitate bat; besteak beste, sarea jartzen dute erdian.

Oiartzunen aspaldi hasi ziren pasaka modalitatean jokatzen, baina galdu egin zen gerora. Horren jakitun, herritar talde bat pilota modalitateak ikertzen hasi zen milurteko berria hasi zenean. “Pilotan jokatzeari utzi genionean, ikertzeari ekin behar geniola erabaki genuen. Gure ustez, ezker paretarena zen betiko modalitatea, baina modernoena horixe zela ikusi genuen gero”, azaldu du Joxemari Mitxelena Txosteko kideak. 2004an egin zituzten modalitate horiek berreskuratzeko lehen saiakerak. Oiartzunen, esaterako, erreboteak iraun zuen gehien, Mitxelenaren hitzetan zailena den jokamoldeak; Beheko Plazan jokatzen zuten garai batean. “1936ko uztailaren 27an sartu ziren faxistak herrian, eta hamabost egun lehenago jokatu zuten azken partida ofiziala. Badaude inguruan jende pila bat ikusten den argazkiak. Orduan, ezker paretan baino gehiago aritzen ziren errebotean”.

Talde bat sortuta, Txosteko kideek jarraitu zuten errebotea pixkanaka berreskuratzen, inguruko herrietakoekin txapelketetan parte hartzen eta pilotaren memoria ariketa hori egiten. Pasakari hautsa kentzea izan zen hurrengo urratsa; 2011 inguruan hasi ziren lanean. Oiartzungo helduenei entzuna zieten herrian pasakan aritzen zirela —Lucio Gallastegi eta Roman Ormazabal aipatu ditu, besteak beste—, eta Enrique Abril pilotari eta kirol arloko dibulgatzaile izan zenak ere zer edo zer idatzita zeukan pasakaren arauei buruz.

Nafarroa aldera jo zuten ikerketan sakontzeko, Arantzara, bazekitelako 1970eko hamarkadan han pasakan aritzen zirela, tartean Antton Maiz, pilotari profesional izandakoa. Hala ere, modalitatea trinkete izenez zen ezaguna. 1980ko hamarkadan Elizondon ere hasi ziren berreskuratzen. Hainbat izen zituzten arren, konturatu ziren arauak berak zirela. Dena den, Ipar Euskal Herriko modalitatearekin bazeukaten desberdintasunik: Ipar Euskal Herrian berrogeira iristean aldatzen da sakea, eta Hego Euskal Herrian bi bikoteek berrogeina berdintzean. “Estrategiak lantzeko aukera ematen du sakea ados jartzean aldatzen bada: norberak erabaki behar izaten du sakea noiz bilatu eta noiz behartu”.

Mitxelenak nabarmendu du jokamoldeak beste ezaugarri batzuk ere badituela, joko zuzena izanik: “Ezker horman, pilotariaren indarra da ezaugarri nagusia. Pasakan, berriz, indarrak badauka garrantzia, baina askoz garrantzitsuagoak dira abilezia, bizitasuna, estrategia eta burua”.

Dibulgazio lanean hasi ziren joko zuzenaren arauak bildutakoan. Hala, Oiartzungo kontzejupean modalitatea erakusten hasi ziren pixkanaka, jakin-mina zeukan kuadrilla bat elkartuta. Azkar asko ikasi zituzten arauak. Entrenamendu gisa hasi zenak zortzigarren urtea du jada, eta gutxi egongo dira herrian pasaka zer den entzun ere egin ez dutenak.

Txapelketa arrakastatsua

Hiru mailatan aritzen dira Oiartzungo txapelketan, eta aurten 28 bikotek eman dute izena. Txost elkarteak antolatzen du Gipuzkoako Txapelketa ere, eta kasu horretan zortzi bikote ari dira lehian; bosgarren urtea du jada. Gipuzkoako Pilota Federazioak ez zuen aintzat hartzen modalitate hori, eta Txostek horregatik hartu zuen bere gain antolatzeko ardura. Aurten ez da izango emakumeen txapelketarik, bikote bakarrak eman baitu izena. Horri dagokionez, Mitxelenak izena ematera animatu ditu emakumeak: “Pilota goxoarekin jokatzen da, bizia da jokoa, eta disfrutatu egiten dute”. Etzi jokatuko dituzte haurren bi mailetako finalak, Iturriozko festetan, 11:00etan hasita; herriko senior mailako gizonezkoen finala abuztuaren 1ean izango da, 20:00etan, kontzejupean; eta abuztuaren 3an jokatuko dute Gipuzkoako Txapelketako finala, eguerdian, kontzejupean bertan.

Jokoa bera berreskuratzearekin batera, jokoaren liturgia ere errekuperatu dute Oiartzunen. Joko bakoitzean tantoak kantuz kontatzen saiatzen dira. Udaletxeko arkupeetan jokatzeak ere badu, gainera, izaera propioa. “Jendeak bote luzean jokatzen zuen XVII. mendean, eta eguraldi ona behar izaten zuten horretarako. Mende hartan hasi ziren udaletxeak eraikitzen, eta herritarrek arkupeak eskatzen zituzten pilotan jokatzeko. Elizakoek eta nobleek bazituzten beren pilotalekuak, baina pribatuak ziren denak”.

Gaur egun ere jende dezente erakartzen du joko zuzenak oraindik. “Sei-zazpi partida izaten dira astero, eta partida bakoitzeko 30-40 lagun egoten dira begira; berrehun bat lagun biltzen da astero”. Mitxelenaren hitzetan, gainera, ostegunetako pintxo-poteak laguntzen du giro ona sortzen. Asteazkenetan, berriz, hainbat turista inguratzen da Tren Berdean. Askok galdetzen dute ea euskal padela den, eta ezetz erantzuten diete denek. “Ikusten duzu ezker hormaren txapa?”, galdetu du Txosteko kideak. “150 urte ditu. Eta ikusten duzu sareari eusten dion kako hori? Laurehun urte ditu horrek”.