Iker Iraolagoitia: “Kantauri itsasoan, zoragarria da urpeko paisaia”

Iker Iraolagoitia: “Kantauri itsasoan, zoragarria da urpeko paisaia”

Eider Goenaga Lizaso

Hondarribitik Donostiarako bidea egin zuen atzo Iker Iraolagoitiak (Eibar, 1979). Urpean zati bat, eta oinez beste bat. Camino de Santiagua proiektuaren lehen etapa izan zen atzokoa, eta beste hogei dituzte aurrean. Santiago de Compostelaraino (Galizia) iritsiko dira, eta Kantauri itsasoaren aberastasunaren eta xarmaren balioa azpimarratzea da helburua. Adolfo Rodriguez eta Nekane Fernandez bizkaitarrak izango ditu lagun ibilbide osoan, eta Deva Prendes (Asturias, Espainia), berriz, Asturiasko zatian.

Nondik nora sortu da proiektua? Nola sartu zinen halako kontu batean?

Adolforena da hau egiteko asmoa. Lagunekin egin zuen Donejakue bidea, eta maitemindu egin zen. Duela lau bat urte, bere bizitzan hain garrantzitsuak ziren bi gauzak elkartzea bururatu zitzaion: Donejakue bidea eta urpekaritza. Urpekaritza zentro berean aritzen gara, eta hango lagunei proposatu zigun. Saltsero samarra naizenez, berehala animatu nintzen. Duela bi urte hasi ginen biak egitasmoari forma ematen.

Urpetik egingo duzue bide osoa?

Ez, dena ez. Zati bat egingo dugu urpetik, eta beste bat oinez. 21 etapa dira, Hondarribitik Santiago de Compostelara.

Donejakue bidean bezala, urpean gezi horia daramaten harriak jarri nahi dituzue, ezta?

Bai, hori da asmoa. Baina, urpean horrelako zerbait jartzeko, derrigor baimena eskatu behar zaio Espainiako Gobernuari. Autonomia erkidego guztietan baiezkoa lortu dugu, baina Madrilek du erabakia. Ingurumen eraginari buruzko txostenak eta aurkeztu beharreko agiri guztiak ditugu, baina ezezkoa eman digute oraingoz. Erreklamazioa aurkeztu dugu, eta lortzea espero dugu, baina, tamalez, ez da garaiz helduko. Hurrengo batean beharko du. Gure alde daukaguna da autonomia erkidegoak —eta, batez ere, Eusko Jaurlaritza— oso aldeko direla. Eta hori hala izanda, ez du zentzurik Madrilek ezezkoan jarraitzeak.

Zenbat monolito jarri nahi dituzue?

Urpean, zazpi; hiriburu bakoitzean bat. Lurrean, beste hiru. Oraingoz, lurrean bi dauzkagu jarrita, bat Getxoko portu inguruan eta bestea Santanderren [Espainia]. Ea irailerako Espainiako Gobernuak iritziz aldatzen duen, eta jartzen ditugun.

Nolakoa izango da zuen egun bat?

Gaur, adibidez, Donostian murgilduko gara, Santa Klara uhartean. Txalupa batean eramango gaituzte murgiltzeko guneraino, eta urpetik joango gara Zarautzera. Gero, oinez egingo dugu Getaria arteko zatia, eta berriro murgilduko gara, Getariko arratoiaren [San Anton mendia] inguruan sartu eta Debaraino. Debatik Mutrikura, berriro ere oinez. Beraz, gaur bi zati egingo ditugu urpean, baina zati bakarra izango da gehienetan.

Eta zergatik ez duzue egingo dena urpetik?

Urpean ezin zaitezke egon nahi adina denbora. Murgiltze bakoitzean berrogei minutu egongo gara, gutxi gorabehera. Urpean, oso inportantea da segurtasuna; urpean denbora gehiegi bazaude, nitrogeno burbuilaz betetzen da odola, eta oso arriskutsua da hori. Beraz, guk egingo duguna da 8-10 metroko sakonera batean murgildu, bidea egin, eta gora igoko gara gero.

Txaluparik joango da inguruan?

Ez, txalupa batek eramango gaitu murgiltze puntura, eta bakarrik joango gara handik. Beste txalupa batek hartuko gaitu hurrengo puntuan. Tokian tokiko urpekaritza zentroen laguntza izan dugu, eta oso eskertuta gaude. 23 zentro ariko dira laguntzen.

Jendeak, zuek atzetik, bide bera egitea izango da zuen asmoa, ezta?

Bai. Azkenean, Donejakue bidea egiteko beste modu bat izatea nahiko genuke. Oinez egiten da, bizikletaz, zaldi gainean… Zergatik ez urpean? Gure asmoa da mundu osoari erakustea zer daukagun Kantauri itsasoan. Oso itsaso polit eta aberatsa dugu, baina jendeak ez du ezagutzen. Jendeak ez daki hemen zer daukagun, eta dei moduko bat egin nahi dugu. Kantauri itsasoaz jendeak pentsatzen du hotza dela, iluna dela, eta ez dagoela ikusteko ezer, baina zoragarria da urpeko paisaia. Beraz, uste dugu urpekaritzaren mundutik jende gehiago erakar dezakegula gurera.

Laguntza beharko zenuten dena lotzeko, ezta? Babesleak-edo…

Baimenak lortzen saiatzeaz gain, marka garrantzitsuen babesa lortu dugu bi urteotan. Urpekaritzarako materiala, adibidez, Aqualung-en bidez lortu dugu, eta mendiko materiala Decathlonek eman digu. Oso pozik gaude. Eibarko enpresa bat eta hainbat taberna ere badira babesleen artean, eta Eibarko Udalak ere, agian, laguntza emango digu. Eta, zalantzarik gabe, Eusko Jaurlaritza da gure alde indar gehien egin duenetako bat.

Leave a Reply

Your email address will not be published.