Musika, barrutik kanpora

Musika, barrutik kanpora

Aitziber Arzallus

Aro berri bat hasi du EHMBE Euskal Herriko Musika Bulegoa elkarteak. “Ilusioz betetako etapa berri bat”. 2015ean martxan jarri zenetik, eta lehen aldiz, musikaren sektorearentzat lan egingo duen lantalde batek osatutako egitura propioa dauka Musika Bulegoak. Musikaren sorkuntza, ekoizpena eta zabalkundea bultzatu eta sektorearen profesionalizazioan lagunduko duten egitasmoak eta proiektuak gauzatuko ditu horri esker.

Musikaren esparruko lau elkartek sortu zuten Musika Bulegoa: Kultur Live Euskal Herriko Musika Aretoen Elkarteak, MIE Musika Industria Elkarteak, Musikari Euskal Herriko Musikarien Elkarteak, eta Musikagileak Euskal Herriko Musikagileen Elkarteak. Hemendik aurrera ere elkarte horiek izango dira Musika Bulegoaren jardunaren arduradunak, baina gauzak “beste modu batera” egiteko asmoa azaldu du Aitor Bengoetxea lehendakariak. “Elkarte horiek partaidetza sinbolikoagoa izan dute orain arte. Interes orokorreko helburuak betearazteko, lauren baliabideak eta esperientziak batuko ditugu urrats berri honetan”.

Lau elkarte horietatik datoz, hain justu, zuzendaritza batzorde berria osatuko duten kide guztiak: Bengoetxea (Kultura Live) lehendakaria, Jagoba Astiazaran (Musikagileak) lehendakariordea, Unai Moraza (Musikari) idazkaria, Amaia Ispizua (MIE) diruzaina, eta Iñaki Otalora (Kultura Live), Mikel Urkiza (Musikagileak), Alvaro Sanz (MIE), Olatz Salvador (Musikari), Pau Vargas (MIE) eta Mikel Unzurrunzaga Makala (norbanako musikaria). “Bakoitzaren etxea zaintzea ahaztu gabe, indar metaketa bat izango da”, lehendakariaren hitzetan.

Azpeitiarra da Bengoetxea, eta Kulturaz kooperatibako kidea; kooperatiba horrek kudeatzen du Sanagustin kulturguneko Kultura Liven aretoa. Jagoba Astiazaran lehendakariordea, berriz, zestoarra da, Musikari elkarteko kidea.

Bengoetxeak eta Musika Bulegoko haren lankide guztiek “gogotsu” heldu diote aro berriari. “Egitura osatu dugu, plan estrategikoa landu dugu, eta diru aldetik ere lehen baino baliabide gehiago ditugu orain”. Lehendakariaren ustez, garrantzitsua da sektoreko eragileek urratsa “denek batera” egitea. Haren hitzetan, “oso barrutik” landutako proiektu bat da, “sektoreak indarrak batzeko egin duen ariketa kolektibo bat”. Musikarena “sektore askotarikoa” izaki, batzuetan zenbaiten interesek besteenekin talka egingo dutela uste du. “Musikariak, musikagileak, teknikariak, diskoetxeak, aretoak eta abar gaude elkartean, eta sektore honetan ere, denean bezala, bere interesak ditu eragile bakoitzak. Baina bulegoaren asmoa da denok batera indarra egitea, modu horretan Euskal Herriko musika sektorea indartzeko eta bultzatzeko”.

Bengoetxeak musu truk egingo ditu lehendakari lanak, eta Kulturaz kooperatiban duen lanpostuan jarraituko du lanean. “Badakit Musika Bulegoko lehendakaria naizela eta niri dagozkidala zenbait egiteko, baina, oro har, lan egiteko egitura eta modu horizontalaren aldekoa naiz ni, talde lana bultzatzearen aldekoa, eta horrela ari gara lanean”. Musika Bulegoak esku artean duen proiektu bakoitzerako lantalde bat osatu dute, eta lantalde horietan parte hartzen dute zuzendaritza batzordeko kideek.

Proiektuan “emateko eta hartzeko” sartu dela dio azpeitiarrak. “Niretik eman diezaioket proiektuari, baina badakit niretzat ere oso aberasgarria izango dela, asko ikasteko balioko didala”. Lanean eskuz esku ari da lehen ezagun baino ez zituen askorekin, eta oso interesgarria eta baliagarria iruditzen zaio sektoreko beste eragileekin harremanak egitea. “Musika Bulegoarentzat ez ezik, baita Sanagustin kulturgunearen moduko proiektu batentzat ere, harreman horiek ematen digutelako aukera txiki bat beste proiektu batzuen berri izateko eta parte hartzeko”.

Oraingoz, bi urterako lan ildoak eta helburuak zehaztu dituzte Musika Bulegoaren plan estrategikoan. Musikarien premiei erantzuteko, orain arteko proiektuak eguneratzen eta berriak sortzen jardun nahi du elkarteak. Hala egingo du, besteak beste, formakuntzaren alorrean. Soinua Iratzarri proiektuarekin ere segituko dute, haurrek musika garaikidearekin “lehen esperientziak” izan ditzaten. Ikasleak eta konpositoreak elkartu, eta piezak sortuko dituzte elkarrekin.

Zabaltzeko helburua

“Euskal musikarien lana nazioartekotzea” izango da elkartearen beste erronketako bat. “Egun musika partekatzen den modua eta abiadura ikusita, ez da erraza, baina baditugu bereizgarriak, eta badugu umil baina harro zabaltzeko moduko musika jarduna”. Zabalkunderako plan horretan, Etxepare Euskal Institutuarekin jardungo du elkarteak, Basque Music egitasmoan.

Dinamikak Jarduera Poltsa proiektuaren bidez helduko dira herrietara. Elkartera heldu diren 30 proposamenetatik hemeretzi hautatu dituzte, eta kontzertu didaktikoak, formakuntza jardunaldiak, hitzaldi musikatuak, irakaspen hitzaldiak eta mahai inguruak antolatuko dituzte urtea amaitu bitartean. Musika Bulegoa sariak banatzen ere jarraituko dute, “ibilbideak aitortu eta sortzaile berriak ikusarazteko”. 2020ko martxoaren 10ean egingo dute laugarren aldiz, Gasteizen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.