Erronkari helduta, eztarria berotzen

Aitziber Arzallus

Jai giroan eta poztasuna adierazteko erabiltzen den oihua da irrintzia. Baina bota daiteke beste egoera batzuetan ere, eta balio dezake beste sentimendu batzuk adierazteko ere. Komunikatzeko modu bat zen artzainentzat; Orreagako guduan, arerioak izutzeko erabili bide zuten; erabili izan da garaipenak ospatzeko, hildakoei agur esateko eta askatasuna aldarrikatzeko ere. Irrintzia kulturaren parte dela eta herritarrek transmisioa ziurtatzeko ardura dutela uste du Amaia Garciak. Herriz herri irrintzi ikastaroak ematen ditu, eta Zumaian izango da abuztuaren 7an.

Garciak etxetik jaso du irrintziarekiko zaletasuna. “Nire aita zen benetako zantzolaria”, dio. Irrintziari zantzo esaten diote Bizkaiko zenbait lekutan. Duela hamabi urte, irrintzi ikastaroak antolatzen hasi ziren Gernikako Berbalagun egitasmoko kideak. Irrintzia nola hobe zezakeen jakin-mina sortu zitzaion Garciari, eta izena eman zuen. Lehenengo bi urteetan, Nati Ibarra izan zen irakaslea, baina hura hil egin zen, eta, harrezkero, berak ematen ditu ikastaroak. “Lotsa gutxi neukala esan zidaten, eta ez nintzela zantzolari txarra. Horrela animatu ninduten hastera”.

Besteei irakasten hasterako berak zerbait gehiago jakin beharra zeukala iritzita, ikertzen hasi zen. “Ana Martinez de Arellano Iruñeko foniatrarekin harremanetan jarri nintzen teknikari buruz galdetzeko, fisioterapeuta batekin ere egon nintzen, entziklopedietan informazioa bilatu nuen… Egia esan, informazio gutxi topatu nuen”. Baina Ekain Martinez Lizarduikoaren Erraiak dokumentalak hutsune hori bete duela uste du; iaz estreinatu zuten.

Hori bai, azalpenak ere nahi zituen Garciak. “Irrintziari azalpen kulturala topatu nahi nion, eta, horrez gain, jakin nahi nuen gure gorputzean zer gertatzen den irrintzi bat botatzen dugunean: arnasketa teknikarik egokiena zein den, gorputzaren jarrerak zer garrantzi duen, diafragmak eta perineoak zer mugimendu egiten duten…”. Arnasketaren garrantzia azpimarratu du Garciak. “Normalean, bi segundotik behin hartzen dugu arnasa; baina arnasaldi bakarrean botatzen da irrintzia, eta hogei segundo egon gaitezke arnasarik hartu gabe”. Txapelketetan, puntuagarria izateko, irrintziak hogei segundo iraun behar du gutxienez.

Irrintzia botatzea “erronka” dela uste du irakasleak. “Ez genuke lotsarik izan behar”. “Gauza berezia” dela azaldu du, eta “halakoxe giroa” sortzen duela. “Zantzo bat botatzean, erantzun egiten dizu entzuten zaituenak. Poztasun adierazpen bat da, eta inguruko guztiei helarazten diezu sentimendu hori; poztasuna zabaltzen du”.

Euskal Herrian, aspaldikoa da herrietako jaietan irrintzi lehiaketak egiteko ohitura, eta, batez ere, kostaldeko herrietan. “Baliteke gaur egun garai batean baino toki gutxiagotan egitea lehiaketa horiek, baina azkenaldian berriz ere indarra hartzen ari direla esango nuke”. Txapelketa askotan parte hartu izan du Garciak, “baina ez irrintzilari modura, epaimahaikide modura baizik”. Irrintzi txapelketen bueltan zenbait herritan sortzen den giroa nabarmendu du. “Txapelketa ikustera joan ziren berrehun bat lagun irrintziak botatzen jarri genituen behin”, gogoratu du.

Irrintziak indartsua izan behar duela azpimarratu du irakasleak. “Beraz, norbaitek esaten duenean irrintzi baxu bat botako duela, argi eduki hori ez dela irrintzia; beste zerbait litzateke”. Baina zenbaterainoko indartsua izan behar du? “130 dezibelera iristen da aireratzen ari diren hegazkinen eta zulagailu pneumatikoen zarata. Irrintzilari batek metro bateko distantziara botatako irrintzia, berriz, 120 dezibelera”.

Garciak horiek guztiak eta gehiago azalduko dizkie datorren asteazkeneko ikastaroan parte hartzeko izena eman dutenei. “Bi ordu iraungo du ikastaroak, eta saiatuko gara gauza pila bat egiten. Irrintziaren inguruko kontzeptuak eta gorputzaren kontrola landuko ditugu, eta teknika hobetzeko ariketak ere egingo ditugu”.

Deia gizonezkoei

Herritarrek hala eskatuta, Zumaiako Udaleko Kultura Sailak antolatu du irrintzi ikastaroa. “Herritar batek eskatu zigun Euskal Jai egunaren inguruan irrintzi tailerra antolatzeko”, azaldu du Miriam Romatet Zumaiako Udaleko kultur teknikariak. Beste urte batzuetan, dantza solteko tailerra antolatu izan dute Euskal Jai egunerako giroa sortze aldera.

Oraindik ere eman daiteke izena ikastaroan parte hartzeko, kultura@zumaia.eus helbidera idatzita edo 943-86 10 56 telefono zenbakira deituta. Plaza batzuk gelditzen dira. “Baina arrakasta handia izaten ari da deialdia, eta oso pozik gaude”. Zumaiarrez gain, inguruko herrietako hainbatek ere eman dute izena, baina oso gizonezko gutxi daude zerrendan. Romatetek, beraz, animatzeko eta parte hartzeko deia egin die gizonezkoei ere. “Ikastaroan parte hartzen dutenek Euskal Jai egunean aukera polita dute ikasitako hori praktikan jartzeko”. Ikastaroa Torreberri eraikinean emango dute, datorren asteazkenean, 18:30ean hasita.