Iñaki Olazabal: “Jai polita da; zerbait egin behar genuke oihartzun emateko”

Iñaki Olazabal: “Jai polita da; zerbait egin behar genuke oihartzun emateko”

Eider Goenaga Lizaso

Gaur eta bihar festa egunak dira Irunen. Euskal Jiraren 41. ekitaldia egingo dute, eta Euskal Jira elkarteko Iñaki Olazabalen (Irun, 1975) arabera, festa berezia izaten da irundar askorentzat. Herrian jaiak erreferentzialtasuna baduela dio, baina kanpoan ezagutaraztea falta zaiela, agian. Euren erronka nagusietako bat da jendeak festa ezagutzea eta horiek Euskal Jirara hurbiltzea.

Noiztik egiten da Euskal Jira Irunen?

Euskal jai bat da Euskal Jira, eta 41. ekitaldia du aurtengoa. 1979an antolatzen hasi zirenetik, urtero egin izan da. Baina aurretik datorren jai bat da Euskal Jira. Gerra zibilaren aurretik egiten zen, eta, gerraren ondorioz, eten egin zen ohitura. Ondoren, 1960ko hamarkada inguruan, pare bat ekitaldi egin zituzten, baina horretan gelditu zen. 1979an hasi ziren berriro, eta gaur arte.

Zein izan zen festaren sorburua?

Batez ere, euskal kultura sustatzea izan zen 1979an festa martxan jarri zutenen helburua. Euskal kulturarekin zerikusia zuten ohiturak, lanbideak, baserriak… jendeari erakustea. Lanbide asko galdu dira Irunen, baserri asko galdu dira, eta hori erakustea zen xedea. Adibidez, Urdanibia plazan sagardotegi pila bat zeuden garai batean, eta hainbat urtetan erakutsi izan da hori.

Gurdien erakustaldia edo desfilea da Euskal Jiraren bereizgarria; eta jaiari izena ematen diona ere bai. Nolako desfilea da?

Ekitaldi pila bat dago Euskal Jiraren barruan, baina, zalantzarik gabe, larunbat arratsaldeko gurdien jira da garrantzitsuena. Garai bateko ohiturak, bordak, lanbideak, eraikinak… irudikatzen dira gurdietan. Herrian zehar ibiltzen dira, desfilean, euskal dantzek eta musikak lagunduta. Bederatzi gurdi aterako dira aurten. Guk, antolatzaile gisa, bat ateratzen dugu, Hendaiatik beste bat etorriko da, eta herriko eragile eta elkarteek atontzen dituzte gainerako gurdiak.

Idiek eramango dituzten gurdiez ari zara hizketan, ezta?

Bai, eta gehienak baserrietan erabili izan diren gurdiak dira. Idiek eramaten dituzte, Hendaiakoaren kasua kenduta. Oso gurdi luzea da haiena, pisu handikoa, eta traktore batek eramaten du hori. Idiek mugitzen dituzte gainerakoak, eta, beraz, oso irudi polita eta berezia da. Aste honetan bertan izan naiz gurdiak ikusten, eta izugarria da. Pabiloi berean egiten dira gehienak, eta ikusgarria da taldeek nolako lana egiten duten gurdiak prestatzeko. Ordu pila bat egiten dute lanean, eta artista hutsak dira batzuk.

Hainbat herritan egiten dira euskal jaiak, oso ezagunak batzuk: Donostia, Ordizia, Zarautz… Irungoak, 41 urte eduki arren, ez du horiek adina oihartzun.

Pixkanaka indartzen ari da jai hau. Jira ikustera etortzen den jendeari erreparatuta, eta batez ere jiran parte hartzen duen jende kopuruari begiratzen badiogu, argi dago indarra hartzen ari dela. Baina, arrazoi duzu, eta guri ere gertatzen zaigu, adibidez, kanpotik dantza edo musika taldeak etortzea eta haiek esatea orain arte ez zutela inoiz ezer entzun jai honi buruz. Harritu egiten dira, hain festa polita izanik, zergatik ez den jende gehiago etortzen.

Eta zergatik ote da?

Ez dakigu, baina gu ere ari gara gaiari bueltaka. Hausnarketa sakon bat egin dugu batzordean gaudenok, Irungo Udalarekin ere hitz egin dugu, eta ados gaude horri buelta bat eman behar diogula. Oso jai polita dela uste dugu, eta kanpoan zerbait gehiago egin beharko dugula oihartzun emateko, jendeak ezagut dezan. Kanpaina bat-edo egin beharko genuke, gure festa ezagutarazteko, jende gehiagorengana iristeko…

Euskal Jira elkartea da festaren antolatzailea, baina herriko eragile eta talde aritzen dira laguntzen, ezta?

Bai, batzordekoek antolatzen dugu festa, baina talde askoren laguntza izaten dugu. Gurdiekin ateratzen direnen artean daude, esaterako, Kemen dantza taldea eta Behobiako eta Landetzako auzo elkarteak; Santiago auzokoek ere ateratzen dute; Irungo Euskal Kirola ere hor dago, Foro Hogeitabat… Jaia egiteko ezinbestekoa da horien parte hartzea, eta Euskal Jira egunean ere jende pila bat aritzen da lanean, musu truk. Hori gabe, ezinezkoa litzateke.

Gurdien desfilea da ezaugarri nagusia, baina egitarau oparoa antolatzen duzue.

Bai. Lehen, kontzertua bakarrik antolatzen genuen ostiralean, baina iaz hasi ginen umeentzako jarduerak ere antolatzen. Puzgarriak eta jolasak egoten dira, txosna txiki bat ere irekitzen dugu, eta kontzertua izaten da gero. Oreka TX taldea eta Kalakan taldeko Thierry Biscary ariko dira aurten, eta txalaparta ikuskizun polita izango dela uste dut. Eta gero, larunbatean, egun osoko jaia izango da; 09:00etatik aurrera, ekitaldiz beteta dago egitaraua: artisau azoka, dantza eta musika, herri kirolak —aurten emakumezkoak ere etorriko dira, eta ikuskizun polita izango da—, bertsolariak, kantuz kantu, sardinak, taloak eta txistorra, txosna, erromeria, berbena… Gu saiatu gara, behintzat, egitarau eder bat atontzen.

Urdanibia plazan dira ekitaldiak?

Bai, jira izan ezik, beste jarduera guztiak Urdanibia plazan egiten dira, Mosku plazan. Oso plaza berezia da irundarrentzat, eta urtean zehar ere hortxe izaten da euskal giro gehien. Beraz, badu logika euskal jaia han egiteak.

Eustaten datuen arabera, Irunen %40,6koa da euskaldunen kopurua. Ez da bereziki herri euskalduna, baina, herri handia denez, aldi berean, euskaldun asko zarete. Hori erakusteko ere balio al du halako festa batek?

Bai, eta hori ere bada gure asmoa; gure kultura erakustea, eta euskal giro hori suspertzen saiatzea. Irunek badu herri erdalduna izatearen ospea, baina nire pertzepzioa da kalean gero eta gehiago entzuten dela euskara. Festa hau bada elkartzeko modu bat, komunitatea osatzeko modu bat, eta, egia esateko, irundarrentzat festa hau bada erreferentzia. Jende asko biltzen da festa honetan, eta jendeak kariño berezia dio. Azkenean, irundarrok txikitatik bizi izan dugu festa hau: lehen, gurasoekin etortzen ginen, eta, orain, umeekin etortzen gara. Familia askok atzeratzen dituzte oporrak pixka bat egunotan Irunen gelditzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.