Trenbidea jan, herria asetzeko

Trenbidea jan, herria asetzeko

Urko Etxebeste

Estu bizi da Pasai Antxo. Ezin da hazi populazio gehien duten Pasaiako barrutietan bigarrena dena, ezin da zabaldu, ezin du arnasarik hartu. Kortsea ezarria diote Donostiako eta Errenteriako mugek, eta hainbat administrazioren mende dago edozein hirigintza asmo garatzeko. Pasai Antxoren hedatze interesen kontrakoak izaten dira administrazio horien planak, askotan. Bada, zailtasunak zailtasun, aukera bat sortu da orain.

Pasai Antxoko tren geltokiaren eraikina berritu nahi du Adifek, Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaileak. Dagoena eraitsi eta berri bat egitea da asmoa, eta irisgarritasunari lotutako hainbat lan ere egingo lituzkete. Tren azpiegituren erakundeak urte hasieran eman zuen horren berri, eta antxotarrek aukera bat ikusi dute erabaki horretan. Aldaketa estetikoa baino gehiago, integrala nahi dute. Hau da, barrutiari zabaltzeko aukera emango liokeen egitasmoa landu eta herritarren artean zabaltzen ari dira. Jakina da trenak eta trenbideek eragin nabarmena izan dutela herrien sorreran, garapenean eta hirigintza irizpideetan, eta Pasai Antxon ere hala izatea nahi dute. Horregatik, antolatzen hasi dira. Ez dute iraultzarik egin nahi, baina kanpotik har daitezkeen erabakietan eragin nahi dute.

Ez edonola, gainera. Jada landua dute proposamen bat, Adifenarekin alderatuta mamiz osoagoa dena. Geltokiko eraikin berria egungoaren orubean eraiki ordez, iparralderago eraikitzea da asmoa, Pasaiako portutik hurbilago. Izan ere, planaren egileek uste dute erabilerarik gabeko trenbide asko dagoela Pasai Antxoko geltokiaren inguruan —sei burdinbide, portuaren ondoan—, eta geltokia eremu horretara eramatea litzateke asmoa; herriak 25 bat metroko eremua irabaziko luke horrela zabaleran, eta 150 bat metrokoa luzeran. Hau da: Nafarroa etorbideko espaloia zabalago bihurtu ahalko litzateke horri esker; bidegorria ez litzateke hain estua izango; autobus geltokia benetako geltoki izango litzateke, gaur egun autobusek errepidea moztuz egiten dutelako bidaiariak hartzeko eta uzteko geldiunea; eta benetako bulebar izango litzateke garai batean Pasai Antxoko bulebarra izan behar zuena. Trenbidea jan nahi dute, herria asetzeko.

Eduardo Perez da trenbideak murriztu eta herriari espazioa emateko proiektuaren ideologo nagusia. Nafarroa etorbidean bizi da, eta aurrez aurre du tren geltokia. “Aspalditik” zeukan buruan horrelako zerbait egitea, baina Adifen egitasmoaren berri izan eta berehala erabaki zuen “zerbait” hori zehazten hasteko garaia zela. Buruan zeukan asmoa planora eraman zuen lehenik eta behin, eta herritarrei erakutsi die ondoren. Antxotarren erantzuna, “ona, oso ona” izan dela azaldu du. “Egitasmoaren berri izan duten guztiak ados azaldu dira planteamenduarekin. Aukera bat da, eta baliatu egin behar da. Espazioa optimizatzea da kontua. Renfek bere jarduerarekin jarraitzeko aukera izango du, eta herriak asko irabaziko du. Dena da posible”.

Udalarekin harremanetan

Herritarrez gain, Perezek aukera izan du Pasaiako Udaleko arduradunekin harremanetan jarri eta azalpenak emateko. “Udalak ez zidan eman erantzun oso sendorik. Ahal zutena egingo zutela esan zidaten, besterik ez. Hori ikusirik, ideia euren egingo zuten lagun, eragile eta elkarteen bila aritu gara”. Hainbat zinegotzirekin ere jarri ziren harremanetan, eta onena plataforma bat sortzea zela ondorioztatu zuten. “Horretan ari gara orain, eta irailaren 14an, 11:30ean, batzarra egin nahi dugu Pasai Antxoko kultur etxean. Azalpenak emateko batzarra izango da”.

Xehetasunak eman nahi dituzte, eta sinadurak biltzen hasiko direla jakinarazi, plano gainean dagoenari herri izaera emateko. “Jada badugu Laurak Bat Pasaiako Merkatari eta Ostalari Elkartearen baiezkoa, baita adinekoen elkartearena ere. Horiekin, eta lortuko dugun babesarekin, mozioa landu nahi dugu Pasaiako Udalak egitasmoa bere egin dezan”.

Bidea ez da hain erraza, ordea. Nahiz eta Pasaiako Udalak egitasmoarekin bat egin, beste hainbat eragile daude tartean, eta, horien oniritzirik gabe, egitasmoa ezin da aurrera eraman. Adif da lehena. “Egia esan, Adifentzat ez dut uste oso korapilatsua izango denik guk proposatzen duguna egitea”, dio, baikor, Perezek. Kezken zerrendan, Pasaiako Portu Agintaritzaren izena jarrita dauka ehen tokian.

Pasaiako Portuaren erabilerarako dira geldirik dauden trenbide gehienak. “Baina portuak garai batean gehiago erabiltzen zituen trenbide horiek. Gaur egun, apenas erabiltzen dituen. Eta, hala izanda ere, sei trenbide behar ditu Pasaiako Portuak? Benetan?”. Perezek berak erantzun dio galderari: “Ez. Denok dakigu portuaren jarduera jaitsi egin dela; portuak ez du behar azpiegitura hori guztia, eta zati bat egungo tren lineek bidea egin dezaten erabil daitekeela uste dut”.

Behetik gorako proposamena landu dute Pasai Antxon. “Esku artean duguna egingo dutela uste dute batzuek, egintzat ematen dute proiektua, baina ez da hala. Oraindik ere bide luzea daukagu egiteko”. Hori bai, bidea egiteko prest daude herritarrak, trenbideei espazioa jateko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.