Etengabe hazten ari den olatua

Etengabe hazten ari den olatua

Eider Goenaga Lizaso

Hiru entsegu egin ditu aste honetan Hondarribiko Jaizkibel konpainiak, eta egunez egun jende gehiago batu zaio konpainia mistoari. 310 lagun kontatu zituzten astelehenean, eta 350 asteartean. “Inoiz ez dugu egin hain entsegu jendetsurik, eta seinale ona da hori. Jende gehiago ari zaigu batzen, eta, iaz zazpiehun izan baginen, ea aurten kopuru hori gainditzen dugun. Oso pozik gaude”, esan du Izaskun Larruskain Jaizkibeleko kide eta kapitain ohiak.

Asteartea da, eta 19:45ean hasiko dute entsegua. 19:15ean jada hasi da jendea elkartzen Bittoriano Juaristi kalean. Txapel gorriak pilatzen ari dira errepidearen bi aldeetara. Ertzainen patruila bat ere badago, eta baita kaleko jantzitako lauzpabost ertzain ere. Adin guztietako jendea da; umeak, gazteak, helduak eta adinekoak; batzuk txilibituarekin, besteak danborrarekin. Ez da tentsiorik sumatzen. Festa giroa da nagusi. “Etortzen zaren lehen aldia da? Igandean atera behar duzu?”, galdetu dio gizon batek pasaeran topatu duen emakumeari. “Bai, lehen aldia da, bai. Biok atera behar dugu”, erantzun dio emakumeak, irribarre handia ezpainetan, eta hatza bere bikotekideari begira jarriz. “Ze ondo! Primeran”, gizonak, agur eginez.

Bigarren entsegua dute. Bezperakoa “zoragarria” izan zela dio Larruskainek. Baina hainbeste jende elkartzeak ere baditu ondorioak, eta ondo antolatu behar dute. Ordua iritsi denean, Oihana Etxebarrieta kapitainak hartu du mikrofonoa, eta bildutakoei hitz egin die. Zoriondu egin ditu bezperako entseguagatik, eta hainbat azalpen eman ditu. Ozenago hitz egiteko eskatu diote, atzekoek ez baitute entzuten.

“Atzo, lehen entsegua izanda, eta astelehena izanda, ikusi genuen zenbat jende bildu ginen. Baina horrek pentsarazten digu, eta jada ikusten da, gaur gehiago izango garela, are gehiago bihar, eta, garrantzitsuena, 8an sekulako konpainia osatuko dugula”. Hala, urtero ateratzen diren tenienteez gain, Jaizkibel konpainian arduradun batzuk izendatu dituzte, desfilatuko dutenen erreferentzia izateko. Iganderako hainbat jarraibide ere eman ditu Etxebarrietak.

“Atzokoa ikaragarria izan zen. Gaur ez dut gutxiago espero zuek guztiengandik. Beraz, aurrera. Aupa, zuek! Gora Jaizkibel! Alarde parekidea lortu arte!”, egin du oihu Etxebarrietak, entseguari hasiera emateko.

Poliki-poliki baina pixkanaka martxa hartuz joan dira Jaizkibeleko kideak, kalez kale. Bittoriano Juaristi kaletik abiatu, eta lasai egin dute bidea. Espaloietan jendea dute zain, eta txaloka eta “aupa, Jaizkibel!” oihuen artean joan dira bidea egiten. San Kristobal plazako biribilgunean, beste konpainia bat topatu dute parez pare; Jaizkibelek pasatzen utzi die, eta arazorik gabe jarraitu dute aurrera. Kapitaina baino ehun metro aurrerago, kaleko jantzitako bi ertzainek irekitzen dute bidea. Ez dute izan lan handirik.

20:45 inguruan ekin diote iazko alarde egunean hain gogorra egin zitzaien Kale Nagusiko aldapa igotzeari. Kalearen bi aldeetan jendea dute zain, eta txalo artean, inork bizkarra eman gabe edo txistu egin gabe egin dute aurrera. Arma plazara iritsi direnean, kapitainak atseden eman die konpainiako kideei. 21:05ean abiatuko dira berriro. Berriro abiatu direnean, Arma plazatik behera egin dute; besteak beste San Pedro kalea zeharkatu, eta 22:00etan bukatu dute. Txalo zaparradak eta poz oihuek eman diote amaiera bigarren entseguari.

Iazkoari erantzuna

“Jende pila bat ari zaigu elkartzen, jende berri pila bat, eta, batez ere, jende gaztea. Eta gaurkoak gainditu egiten du atzokoa. Zoratzen gaude”, adierazi du Larruskainek. Haren ustez, alarde parekidearen kontrakoek iaz Kale Nagusian izandako jokabidearen eta emandako irudiaren ondorioa da aurten Jaizkibel konpainiara jende gehiago hurbildu izana. “Oso gogorra izan zen iazkoa, baina uste dut jende askorentzat gertatutakoak muga guztiak gainditu zituela, onartezina iruditu zitzaiela askori”. Iaz jazotakoaren oihartzuna nabarmena izan da bai herrian eta bai herritik kanpo: “Iazkoak olatu bat sortu zuen, eta olatu hori, zorionez, guregana heldu da, eta nabarmena da”.

Jende gaztearen presentzia nabarmendu du Jaizkibeleko kapitain ohiak. “Lehen hurbiltzen ez ziren familiak ari zaizkigu gerturatzen. Guk askotan aipatu dugu bazegoela masa gris bat, kontra ez zegoena, baina pausoa ematea gogorra egiten zitzaiona eta ausartzen ez zena. Jende hori guregana hurbiltzen hasi dela sumatzen dugu. Askotan seme-alaben bitartez, haiekin batera desfilatuz; edo seme-alabak ateratzen direlako, desfilea kanpotik jarraituz eta babesa emanez”. Iaz gertatutako istiluak “inflexio puntu” izatea espero dute Jaizkibel konpainiako kideek, eta ez daitezen iazko gertakariak berriro izan. “Nik uste dut jendeak ez lukeela ulertuko eta onartuko aurten gauza bera gertatzea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.