Uda amaieraren lekuko

Uda amaieraren lekuko

Unai Zubeldia

Eibar aldean egutegian Arrate Egunari begiratzea baino hoberik ez da izaten ulertzeko udak eman beharreko gehienak eman dituela. “Urtero, irailaren 8an izaten da Arrate Eguna, eta egun horren ondorena normaltasun seinale izaten da eibartar gehienontzat; uda amaiera eta ohiko bizimodura buelta, guretzat horixe da Arrate Eguna”. Hala azaldu du Patxi Lejardik, Eibarko Udaleko Kultur zinegotziak. “Eibartarrontzat oso jai garrantzitsua da Arratekoa, oso alaia. Erlijio kutsuaz aparte, guretzat oso berezia da Arrateko Ama; gure zaindaria da, oso gauza maitagarria”.

Etzi izango da Arrate Eguna, baina bihar eta irailaren 15ean ere festa giroa izango da Eibarren, Arrateko santutegiaren inguruan. Bihar bertan, meza izango da, 18:00etan, eta salbea, txupinazoa eta kanpai errepika iritsiko dira ondoren. Ohi bezala, herri kirolen txanda izango da gero, 19:00etan. Hodei Ezpeleta eta Goizeder Beltza ariko dira aizkoran, eta Alex Txikon eta Udane Ostolaza harri jasotzen.

“Arrate Egunaren bezperan bertso afari bikaina izaten da beti Arraten”, hasi du azalpena Lejardik, eta puntako lau bertsolari ariko dira aurten ere Kantabria jatetxean: Oihana Iguaran, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña; Jon Mikel Mujika ariko da gai jartzaile lanetan. “21:00etan hasiko da afaria, eta giro ederra sortzen da gauerdirako”. Sarrerak salgai daude, 32 euroan. Musika gosez daudenak asetzeko, berriz, biharko rock kontzertu bat antolatu du txosna batzordeak. 22:30ean hasiko dira emanaldiak. Lisabo, Amparanoia eta Masta Quba & Marie V taldeak igoko dira lehenengo agertokira, eta Okerreko DJaren txanda izango da gero.

Berritasun gisa, aurten doako autobus zerbitzua jarriko dute Eibarko Toribio Etxeberriatik Arratera igotzeko eta handik herrigunera itzultzeko. “Egun guztian hamar autobus ibiliko dira gora eta behera, eta, horregatik, autoa Eibarren uztea gomendatzen dugu, eta, noski, Eibarrera bertara autobusez edo trenez inguratzea”.

Beroketa lana besterik ez da izango biharkoa, iganderako baitaukate gordeta egitaraurik mardulena. Hala nahi duten guztiak 10:00etan oinez abiatuko dira Azitaindik Arratera bidean, eta gurdibide horretan gora ez dute faltako saldarik, txorizorik eta ardorik —Zesteroko iturrian eskainiko diete inguratzen diren guztiei—.

Tonbola txikia, kalejira, meza, trikitilariak, bertsolariak, bola jokoa, dantza solte txapelketa… “Eta ohiko ezpata dantza, noski”, zehaztu du Lejardik. “Sona handikoa da Arrateko Amaren ezpata dantza, eta, horrez gain, Kezka dantza taldeak beste hainbat dantza ere eskainiko ditu Arrateko zelaian, Usartza udal txistulari taldearen laguntzarekin”. 18:30etik 21:00etara, berriz, erromeria izango da, Mugi Panderoa taldearekin. Zinegotziak goratu egin du Kezka dantza taldeak “jantzietan eta dantza moldeen egokitzapenean” egiten duen ahalegina. “Lan dotorea egiten dute berritze lan horretan”.

Kezka dantza taldeak 2005ean sortu zuen Arrateko ezpata dantza, Oier Araolaza dantza taldeko kideak eta dantza horren sortzaileetako batek orduan azaldu moduan, “genero rolen araberako bereizketarik gabekoa”. Hasiera-hasieratik mutilek eta neskek parte hartzen dute ezpata dantzan.

Heziketarako kanpaina

Eibarko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikorako eta Mendekotasunerako zuzendaritzak egitasmo berezi bat ere jarriko dute martxan aurten: Bete zaitez… baina emozioz!. “Informatzeko eta hezteko kanpaina da, oso beharrezkoa. Jaia ez da edatea bakarrik, eta, alkoholaren kontsumoaren arriskuaz ohartarazteaz gain, zakarrontziak edo komunak zaintzea zein garrantzitsua den ere azpimarratuko dugu”. Mugi Panderoa taldearekin erromeria izango da jarraian, 18:30etik 21:00ak aldera arte. “Oso giro ona jartzen dute beti, eta ez dute huts egingo. Jende guztia dantzan jarriko dute, ziur”.

Eibarko Udalak osatzen du egitaraua, baina Lejardik azpimarratu egin nahi izan du beste hainbatek egiten duten lana. “Kezka dantza taldea, Eta Kitto euskara elkartea, Asola Berri eta Andirao elkarteak, Klub Deportiboko atletismo batzordea, txosna batzordea… Elkarte askok laguntza handia ematen dute, eta herritarrek sinetsi egiten dute; inplikazio handia nabaritzen da, eta eskerrak eman beharrean gaude guzti-guztiei”.

Urteen poderioz aldatuz joan dira herri guztietako ohiturak, baina Arrateko Jaiek euren izaerari eutsi diotela uste du Eibarko Udaleko Kultur zinegotziak. “Pixkanaka lekukoa hartzen ari dira gazteak, eta gure programatik kanpo, adibidez, herri bazkari bat antolatu dute aurten. Erabat ados gaude horrekin, herritar guztientzako eskaintza behar delako. Denek gozatu behar dute jaiekin”.

Irailaren 15eko jaiari dagokionez, krosa, meza, prozesioa, paella lehiaketa eta idi probak izango dira egun horretan, Kofradia Egunean eta Baserritar Jubilatuen Egunean. “Erroskilla usaina ere izango da”, gaineratu du Lejardik. “Arrateko Jaiek bere-berea dute erroskilla usaina ere, eta aurten ere ez da faltako erroskillarik, noski”. Erretiroa hartuta dauden baserritarrek bazkari giroan ospatuko dute eguna, Kantabria jatetxean.

Eguraldiari begira

Antolatzaileek eguraldiarekin daukate ardura pixka bat, gaur-gaurkoz euri pixka bat iragarrita dagoelako bai biharko eta bai etzirako. “Baina hartu beharreko neurri guztiak hartuko ditugu”. Lejardik gonbidapen berezi bat bidali nahi izan die Arrate oraindik ezagutzen ez duten horiei. “Oso inguru polita da, ikusgarria da eliza, eta baita zelaia ere. Garai bateko erromerien isla da jaia, eta merezi du bertatik bertara ezagutzea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.